ZIENTZIA. Antartikatik nora ezera

Wilkins izozgunea Antartikara lotzen zuen azken izotz zatia apurtu da; izozgunea bere azkenetan dago

2009ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Mendeak pasatu ditu Wilkins izozguneak Antartikara lotuta. Asteburuan, baina, penintsularen hego-ekialdera itsatsita mantentzen zuen azken izotz zatia apurtu zen. Wilkins izozgunea nora ezean dabil orain, eta horrek azkartu egingo du izozgunearen urtze prozesua. Adituen arabera, izotz plataforma desagertzearen azken fasean dago.

«Harrigarria da nola hautsi den izotza», adierazi du David Vaughan-ek, Erresuma Batuko Antartikako Ikerketa Zerbitzuko adituak. «Orain dela bi egun osorik zegoen. Denbora asko egon gara hau ikusteko zain». Europako Espazio Agentziak hartutako satelite bidezko irudien arabera, 40 kilometroko izotz banda luze bat apurtu zen larunbatean haren gunerik meharrenean, 500 metroko zabalera zuen lekuan.Izotz zati horrek mantentzen zuen Wilkins izozgunea bere lekuan. Vaughanurtarrilean egon zen apurtu berri den izotz sailean, eta aurten apurtuko zela iragarri bazuen ere, harrituta dago. Zientzialariaren hitzetan, ez da ohikoa Antartikan horrelako aldaketa dramatikoa gertatzea.

Wilkins Antartikako hamar izotz sailetako bat da. Penintsularen hego-ekialdean dago, Hego Amerikatik 1.600 kilometrora. Izozguneak 16.000 kilometro koadro zituen, ia Ipar Irlandak adina. Baina 90eko hamarkadaren hasieran iragarri zuten izozgunea atzerakada nabarmena izaten arizela. 1998an, hilabete gutxian, mila kilometro koadro baino gehiago galdu zituen. Asteburuko hausturaren ostean, izotz-mendi ugari daude itsasoan barreiatuta. Itsaslasterrek are gehiago higatuko dute orain Wilkins izotz plataforma

Antartikako tenperatura hiru gradu igo da azken mende erdian. Hego hemisferioko berotze azkarrena da. David Vaughanen arabera, berotze horrek lotura dauka klima aldaketarekin. Hala ere, azaldu du, urtze horrek ez duela eragin zuzena izango itsas mailaren igoeran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.