Berandu etorri da justizia John Demjanjuken kasuan (Dubovi Makharyntsi, Ukraina, 1920). Hain berandu, ezen bost urteko espetxe zigorrera kondenatua izan eta berehala aske utzi behar izan duten, adin kontuengatik eta bi urtetik gora egin dituelako badaezpadako espetxealdian. Demjanjukek 91 urte ditu orain, eta aulki gurpildun batean egon da epaiketak iraun duen denbora osoan, Municheko Auzitegian. Hilabeteko epaiketa espero zuten, eta urte eta erdi iraun du, akusatuan osasun patalak eta defentsako abokatuak bilatutako atzerapenek eraginda.
II. Mundu Gerrako krimenengatik Alemanian inoiz epaitu duten kargurik txikiena zuen Demjanjukek leporatzen zaizkionak egin zituenean: goarda soila zenSobiborreko deusestatze gunean, gaur egungo Polonian. Horregatik, «Holokaustoan laguntzaile» izateagatik zigortu dute, eta ez delitu zehatz batengatik. Sobiborko gas kameretan 28.600 judu eta Sobietar Batasuneko gerrako preso hil zituzten naziek. Handik onik irten ziren lekuko urriek Demjanjuk ezagutzerik izan ez duten arren, epaileak frogatutzat jo du goarda izan zela Sobiborren, hala diolako SSren agiri batek. Bere lana presoak gas kameretara eramatea zen, eta gorpuak hobi komunetan lurperatzea.
Defentsak gogor salatu du epaia, gerra kriminala izan beharrean Demjanjuk «gerraren biktima» izan zela uste baitu. Izan ere, Armada Gorriko soldadu zela harrapatu zuten naziek 1942an, eta Trawniki edo goarda boluntario bihurtzea onartu zuen. «Ezezkoa eman izan balu, fusilatu egingo zuten», argudiatu du Ulrich Busch abokatuak. Hark gogorarazi duenez, Sobiborko ofizial naziak errugabetu zituen Alemaniako epaitegi batek 1966ko hamarkadan. Ordutik hona gerra krimenei buruzko ikuspegia aldatu dela erantzun zuen fiskalak. •
Pertsonaia. John Demjanjuk
Zigortu arren, kalera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu