ZIMBABWE

Zimbabweko Gobernuaren eraikinak hartu eta Mugabe etxean itxi dute soldaduek

Jacob Zuma Hegoafrikako presidenteak baieztatu du Mugabe etxean atxiki dutela. Estatu kolpea gertatzen ari denaren susmoa zabaldu da, baina militarrek ukatu egin dute boterea hartu nahi dutenik.

Parlamentua dagoen kalea hartu du tanke batek Harare hiriburuan. AARON UFUMELI, EFE
2017ko azaroaren 15a
23:16
Entzun

Presidentearen inguruko "kriminalak" justiziaren esku utzi nahi dituztela ziurtatu dute altxatu diren militarrek. Mugaberen alderdiak adierazi du orain arte presidenteorde zena dela orain jarduneko presidentea, baina baieztapen ofizialik ez da iritsi oraingoz.

Robert Mugabe Zimbawueko presidentea ordezkatzeko lehiarekin lotu dituzte gertakariak hainbat iturrik. Mugabek 93 urte ditu, eta 1980. urteaz geroztik da herrialdeko buru. Haren ondorengoa izateko lehia bizia da Mugaberen ZANU-PF alderdiaren barruan, eta presidente izateko asmoa agertu duenetako bat da Grace Magube, egungo presidentearen emaztea.

News24 telebista kate hegoafrikarraren esanetan, soldaduek inguratuak dituzten eraikinen artean da Munhumutapa egoitza, presidentearen bulegoa, parlamentua eta Auzitegi Gorena hartzen dituena. Informazio horien arabera, militarrek Harareko aireportua kontrolpean dute, baita Mugaberen landa etxea eta hiriburua lotzen dituen errepidea ere. Mugabe etxean dagoela baieztatu du Zuma Hegoafrikako presidenteak eta "ongi" dagoela adierazi du.

Mugabe etxean atxiki dutela baieztatu du ZANU-PF alderdiak ere, orain arte Mugabe gobernuan sostengatu duen indarrak. Alderdiak jakinarazi duenez, Mugabe ez da herrialdeko presidentea eta, haren ordez, Emmerson Mnangagwa presidenteorde zena izango da jarduneko presidente.

Alderdiaren esanetan, gertatzen ari dena ez da estatu kolpea, "esku hartzeko erabakia" baizik, "konstituzioa urratua" izan dela eta. Herrialdea "trantsizio baketsu" batean murgilduta dagoela ziurtatu du.

Zimbabweko egoera politikoan tentsio giroak gora egin zuen joan den astean, presidenteak Emmerson Mnangagwa presidenteordea kargutik kendu zuenean. Mugabek presidentetzarako bidea bere emazteari errazteko erabaki gisa ulertu zuten hainbat sektoretan, eta horrek ezinegona eragin du.

ZANU-PFk mezua zabaldu aurretik, Mugabe presidente kargutik eta alderdiko gidaritzatik kentzeko eskatu du Mnangagwaren aldeko Gerra Beteranoen Elkarteak.

NewsDay egunkariak adierazi duenez, berriz, Mugaberen gobernuko hiru ministro atxilotu dituzte soldaduek. Finantza, Goi Hezkuntza eta Tokiko Gobernu ministroak lirateke. Horiez gain, gobernuan den ZANU-PF alderdiaren nazio mailako komisario politikoa ere atxilotu dute, egunkariaren esanetan. Ministroak G40 izeneko alderdi barruko talde bateko kideak direla nabarmendu du NewsDay-k, eta Mugaberen emazteari botererako bidea erraztu nahian jardun dutela.

Europako Batasunak ordena konstituzionalaren araberako irtenbide baketsua galdegin du Zimbabwerentzako.

News24 telebista hegoafrikarraren arabera, Mugabe dimisioa prestatzen ari da, eta bere emazteak herrialdea utzi ahal izateko negoziatzen ari da. Telebistaren esanetan, Mugabek iragarpen bat egingo du ildo horretan, bihar arratsaldean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.