Zisma, geopolitika bihurtuta

Islama VII. mendean banatu zen suniten eta xiiten artean. Saudi Arabiaren eta Iranen arteko tentsioak erakutsi du nolako garrantzia duen banaketak Ekialde Hurbilean.

Saudi Arabiaren aurkako manifestazioa, herenegun, Teheranen. Asteburuan talde batek su eman zion Saudi Arabiaren enbaxadari. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE.
mikel rodriguez
2016ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ez gara berezko etsaiak». Saudi Arabiak Nazio Batuen Erakundean duen enbaxadoreak Irani buruz errandakoa da hori. Abdullah al-Molleimik herenegun arratsean New Yorken egindako agerraldian erran zuenez, arazoa da Iran «bertze herrialdeen barne aferetan sartzen» dela. Hain zuzen, Irango ordezkariek Saudi Arabiari egin dioten akusazio bera. AEBek eta Sobietar Batasunak izandako lehiarekin analogia eginez, azken urteotan erran ohi da Ekialde Hurbilean Saudi Arabiaren eta Iranen artean gerra hotz bat dagoela. Potentzia handiek aurrez aurre paratu zituzten bi ideologien tokian —kapitalismoa eta sozialismoa—, Asiako bi herrialdeen arteko lehian islamaren bi adarrak leudeke: sunismoa eta xiismoa. Hala ere, nahiz eta erlijioa identifikazio ikur garrantzitsu bilakatu, maila geopolitikoko gatazka orok bezala, ezaugarri askotarikoak ditu: kanpoko potentzien eragina, interes ekonomikoak, banaketa etnikoak...

Islama sortu eta gutxira gertatu zen zisma, VII. mendean bertan. Mahoma profetaren ondorengotzari buruzko lehiak zatitu zuen. Profetaren inguruko sektore baten ustetan, ondorengoa izan zitekeen xura edo kontseilu islamikoak hautatutako edozein; bertze sektore baten arabera, ordea, profetaren odol berekoa izan behar zuen. Lehenbiziko sektoreak Mahomaren emazte Aixaren aita izendatu zuen kalifa —Abu Bakr (573-634)—; bertze sektoreak, Mahomaren lehengusu eta koinatu zen Aliren leinua. Abu Bakr-en aldekoek sunita izena hartu zuten, suna-ren jarraitzaileak—Mahomaren izaeraren eta bizimoduaren irakaspena da suna—; Aliren aldekoek, xiitaxiat Ali, Aliren alderdia—. Sunitek hartu zuten boterea kalifa herrian, eta hasiera batean egitura horrek agindu zuen ummah osoan —musulman guztiek osatutako komunitatea da ummah—.

Otomandarrak eta Persia

Suniten eta xiiten arteko zisma erlijioaren praktikari eragin zion banaketa bihurtu zen denborarekin. Gainera, mendeak igaro ahala, kalifa herria banatu egin zen, eta Asian, Afrikan eta Europan herri gehiagok hartu zuten islama erlijiotzat. Estatu gehiago sortu ziren, beraz. Dena den, bi joeren arteko harremana ez da izan mila urte baino gehiagoko gatazka etengabe bat. Aroen eta herrialdeen arabera agertu eta desagertu dira tentsioak.

Ekialde Hurbileko gaur egungo banaketan berebiziko garrantzia duen gertakaria XVI. mendean izan zen. Bi inperio nagusik zuten islama erlijiotzat: Otomandarrak —turkiarren agintepean, eta arabiarren lurralde gehienen jabe— eta Persiarrak. Safavid dinastiak Persiar Inperioan boterea hartu, eta xiismoa erlijio ofizialtzat ezarri zuen. Orduan ezarri zen banaketa argia persiarren izaera xiitaren eta sunismoaren artean. Gaur egun, Estatu Islamikoak xiitei eta Irani zenbait mezutan safavidtarrak deitu izan die, termino gutxiesgarritzat erabilita.

XX. mendean desegin zen Otomandar Inperioa, I. Mundu Gerraren ondoren (1914-1919). Ordurako, Persiak (Iranek) inperio izateari utzia zion, eta Mendebaldeko potentzien menera zegoen erresuma bat zen, xah edo errege autoritario baten agintepean.

Wahabismoa eta iraultza

Otomandar Inperioaren hondarretatik sortu zen Saudi Arabiako erresuma, Erresuma Batuaren babesarekin. Wahabismoa hartu zuen estatu ideologiatzat. Islam sunitan XVIII. mendean sortutako muturreko joera bat da, eta bizitza arlo guztietan arautu nahi du Koranaren interpretazio propioa oinarritzat hartuta. Gerra Hotzean (1945-1991), Saudi Arabia AEBen aliatu estrategiko bihurtu zen. Munduko petrolio ekoizle nagusia da, eta Ekialde Hurbilean sobietarren eraginari aurre egiteko ezinbertzeko pieza bihurtu zen Washingtonentzat. Aro horretan, Iran monarkikoa ere AEBen aliatua zen, eta harreman diplomatiko normalak zeuzkan Saudi Arabiarekin. Eragin sobietarra eta sozialismo arabiarraren ideia errepublikanoak ziren etsaiak. Horren adibide, Riadek Yemengo monarkia xiita babestu zuen Egipto nasseristak lagundutako errepublikanoen aurka, 1960ko hamarkadan. Wahabismoa ideia horiei aurre egiteko tresnatzat erabili zuten.

Aldaketa erabakigarria 1979an gertatu zen. Iranen xah boteretik kendu, eta buruzagi erlijiosoek zuzendutako iraultza islamikoak hartu zuen boterea. Saudi Arabiako estatu egituraren kontrako eredu bat sortu zen: xiismoan oinarritutako errepublika bat. Gerra Hotzaren bukaerak eta AEBen Irakeko inbasioak (2003) eman dio azken forma gaur egungo lehiari. Ordutik piztu diren gerretan, batez ere Sirian, Iraken eta Yemenen, wahabismoa eta alderdi xiitak protagonista bihurtu dira. Eta biak dauden tokian, Riaden eta Teheranen itzalak daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.