ZIUra eraman dute Johnson, osasun egoerak okerrera eginda

Igandean erietxeratu zuten Erresuma Batuko lehen ministroa, badaezpada.

Londres erdialdeko Saint Thomas erietxean dago Johnson. ANDY RAIN / EFE
jon olano
2020ko apirilaren 7a
09:47
Entzun

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa ospitaleratu egin zuten igande gauean, koronabirusa dela-eta probak egiteko. Agintariak positibo eman zuen duela hamar egun, eta, harrez geroztik, bakartuta zegoen Downing Streeteko egoitzan. Osasunak hobera egin ez dionez, Londres erdialdeko ospitale batera eramatea erabaki zuten medikuek.

Atzo, ordea, okerrera egin zuen Johnsonen osasun egoerak, eta Zainketa Intentsiboko Unitate batera eraman zuten. Downing Streeteko iturriek zabaldu dutenez, kontziente dago. Johnsonek 55 urte ditu, eta gobernuaren buruzagitza Dominic Raab Atzerri ministroaren esku utzi du, behin-behinean.

Gobernuko iturriek ez dute eman lehen ministroari buruzko osasun egoeraren xehetasun gehiago, baina, BBCren arabera, sendagileek oxigenoa jarri zioten atzo, ZIUra eraman aurretik. Albistea zabaltzean, Europako Batasuneko estatuetako ordezkari ugarik sostengu mezuak bidali zizkioten Johnsoni. Baita Alderdi Laboralistaren buruzagi izendatu berri duten Keir Starmerrek ere; haren esanetan, albiste «tristea» da Johnsonen osasun egoerak okerrera egin izana, eta senideei elkartasuna adierazi die "une zail honetan".

Erresuma Batuan 5.373 pertsona hil dira koronabirusak jota, eta 51.608 dira kutsatuak. Johnsonek jarrera eszeptikoa erakutsi zuen krisiaren aurrean, baina, hasieran neurri zorrotzak hartzeari uko egin arren, praktikan egunez egun gogortuz joan da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.