Ziurgabetasuna kalean

Emaitzen zundaketa hiru egunez atzeratu da, eta, bitartean, ekuadortarrek polarizatuta egiten diete aurre egunoi. Gobernu aldaketa eta herrialdearen etorkizuna dira eztabaidagai nagusiak.

Zenbait ekuadortar, CNEren Quitoko egoitzaren parean, atzo. JOSE JACOME / EFE.
Quito
2017ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Geografo eta naturalista ezagun Alexander Von Humboltek honakoa zioen Ekuadorri buruz: «Ekuadortarrak izaki arraroak dira, bakanak: lasai egiten dute lo sumendi kurruskarien artean, txiro bizi dira izugarrizko aberastasunen erdian, eta musika tristearekin, alaitu egiten dira». Hala ere, iragan igandeko gaua nahikoa mugitua izan zen. Ekuadorko herriak datozen lau urtetarako presidentea eta Asanblada Nazionaleko kideak aukeratzeko bozkatzen zuen. Lasaitasunez iragan zen hauteskunde eguna, harik eta 20:00ak inguruan, ikastetxeak itxi eta kontaketa hasi zenean, Lenin Moreno (AP) eta Guillermo Lasso (CREO) bi hautagai nagusien arteko hasierako berdinketak, eta hauteskundeiruzurraren susmoak, ehunka lagun kalera atera zituen arte. Rafael Correaren alderdi Aliantza Pais (AP) egoitzaren aurrean elkartu ziren batzuk;beste batzuk, berriz, Hauteskunde Kontseilu Nazionalaren (CNE) aurrean izan ziren ordu txikiak arte.

Astelehen goizean, nahiz eta zundaketen buruan Rafael Correaren hautagaia zegoen, zenbaketa amaitu gabe zegoen oraindik. Goizeko zortzietan CNEren web orrialde ofizialak ondoko emaitza hauek zeuzkan erakusgai: Lenin Moreno ofizialistak botoen %39,11 zituen, eta Guillermo Lasso oposizioko buruak, berriz, %28,27. Zehazteko dago oraindik, behin betiko zenbaketaren faltan, bigarren itzulia egingo ote den.Emaitzak direnak direla, gobernuaren ardura hartuko duen alderdiak ez du batere agertoki erraza izango gobernatzeko: krisi ekonomiaren ondorioak pairatzen ari den herrialde bat baita Ekuador, egoera ezegonkor batean, erabat polarizatua, eta hauteskundeen begiraleek ukatu egiten duten arren, balizko hauteskunde iruzur baten zalantzarekin.

Hautestontzien itxiera baino lehenago AP jada garaipena ospatzen ari zen, eta hala adierazi zuen Morenok: «Fedea dut ez garela bigarren itzulira joango». Guillermo Lassok eta bere alderdiak gauza bera egin zuten, eta Quito erdiguneko hotel batean bildu ziren garaipena ospatzera.

Quito iparraldean nabaria da hauteskunde giroa. Ana Lia Nazareth 40 urteko merkatariak baieztatzen du herrialdeak aldaketa nahi duela: «Aldaketa nahi dugu, aldaketa bat egitura politiko guztietan, benetako eraldaketa. Ustelkeria auziak direla-eta, ez dugu APren gobernuarekin jarraitu nahi. Ekuadortarron duintasuna hankapean dago».

Quito, Guayaquil eta Cuenca hiriburuetako boto-emaileen botoa politikoagoa da, garatuagoa. Nekazal giroko herrietan, ordea, komunitateko liderraren edota gainerako bizilagunen botoaren araberakoa izan ohi da gailentzen den botoa. Ideologiak baino indar handiagoa izan ohi dute etxebizitzarako bonoaren edota oinarrizko beharretarako saskiaren laguntzen promesek.

Maria Jose Guerra unibertsitateko ikasleak benetan sinesten du Guillermo Lassoren proposamenetan, batik bat milioi batetik gora lanpostu sortzeko proposamenean: «Jendeak lana nahi du, ez etxebizitza bonoak oparitzea. Aldaketa nahi dugu, jarraipena eten dadila, eta aukera berri bati bide eman diezaiotela. Correismoarekin jarraitzen badugu egoera okertu egingo da».

Andres Moya unibertsitateko irakasleak, bestalde, ez du ezkutatzen APri konbentzimendu osoz eman diola botoa: «Nik Leninen alde egiten dut apustu, eta irabazi egingo du Correaren aliatua delako. Hala ere, emaitzak direna direla, uste dut herrialdeak okerrera egingo duela hauteskundeen ondotik».

APren ofizialistarekin jarraitu edo eskuinera errotiko biraketa egin. Hori dago jokoan. Behingoz aro berri bat hasiko ote den ziurgabetasuna dago kalean, edozein modutara ere hala izango dena correismoaren amaierarekin. Ordu hauetan ehunka lagun ariko dira elkartzen CNEren inguruetan. Kaleek bor-bor egingo dute, eta manifestazioek jarraipena izango dutela espero da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.