Hogeita hamar urte baino gehiago igaro dira Rahim Kaderik (Sardaxt, Kurdistan, 1957) sorterria utzi behar izan zuenetik, Irango Errepublika Islamikoaren errepresiotik ihesi. PDKI Irango Kurdistango Alderdi Demokratikoko kidea zen, ekialdeko kurduen alderdi zaharrena eta handiena, eta Espainian erbesteratu zen. Kurdistan osoko egoerarekin kezkatuta badago ere, aldi berean baikor ageri da, kurduek nazioartean lortu duten arreta inoiz baino handiagoa delako.
Iragan astean kurduek ekitaldiak egin zituzten Sykes-Picot hitzarmenaren mendeurrenagatik. Zer-nolako garrantzia du hitzarmen horrek kurduentzat?
Zehazki, hitzarmen horrek agian ez zuen halako garrantzirik izan, baina Kurdistanen banaketaren hasiera izan zen. Kurdistan lehenbizikoz 1514an banatu zuten Otomandar Inperioak eta Persiakoak, Txaldirango gerran. Hagitz urte garrantzitsua da hori kurduontzat. Sykes-Picoten ondoren, hitzarmen bakarrean aipatu zuten estatu bat egiteko aukera, Sevresen, baina gero Lausanan ez zuten kontuan hartu. Frantziak eta Britainia Handiak bitan zatitu zuten lurraldea, eta horren ondorioak ezin txarragoak izan dira.
Zergatik ez zuten lortu estatua?
Potentziek ez zuten horretarako interesik, baina herri kurduak ere bere etxea ez zuen ongi antolatua. Historiak erakutsi digu potentzia handiek erabakitzen dutenean zerbait ez dela eginen, ez dela egiten; eta, alderantziz, erabakitzen dutenean zerbait eginen dela, egiten da. Hego Sudanen, adibidez, hori gertatu zen. Ailegatu ziren, eta estatu bat egin zuten. Baina herri kurduaren kasuan, bere garrantzi estrategikoagatik, eta inguruko estatuek dauzkaten interesengatik, ez dute halako erabakirik hartu.
Azken urteotan, ordea, aldaketa handiak izan dira Kurdistanen.
Urteak igaro ahala mundua ikusten ari da Sykes-Picotez geroztik egin den banaketak ezin ondorio txarragoak izan dituela eremu guztiarentzat. Ikusten ari garen gerra horiek hitzarmen horien ondorio dira. Baina orain munduak Kurdistango gatazka ikusten du aukera baten gisa, demokraziaren eta askatasunaren aldeko borroka bat bezala. Horren adibide argi bat Irakeko Kurdistanen daukagu: nahiz eta gabezia eta arazo anitz izan, erakutsi du eremu egonkor bat dela, askatasuna daukan eremu bat. Askatasuna, Mendebaldeko parametroetan ulertuta: parlamentu bat, hauteskundeak, prentsa askatasuna, emakumearen defentsarako erakundeak... Eta itxura guztien arabera, Siriako Kurdistanen ere bide beretik doaz.
Hain zuzen, Siriako gerrak eragin erabakigarria izan du Mendebaldean herri kurdua gehiago ezagutarazteko.
Bai, hala da, eta meritua herri kurduarena da. Orain ezagutzen da herri kurdua, eta ezagutzen da zer nolako inportantzia duen Daex-en [EI Estatu Islamikoaren] aurkako gerran. Eta Mendebaldea eta bertze potentzia handiak ikusten ari dira Ekialde Hurbilean egiaz merezi duen aliantzetako bat herri kurduarekikoa dela. Kurduon esaera zahar batek dio gure lagun bakarrak mendiak direla. Zorionez, egoera aldatu da, eta orain herri kurduak baditu lagunak.
Iranek Ekialde Hurbilean zuen rola aldatu egin da azken urteotan. Nola eragin die horrek ekialdeko kurduei?
Zoritxarrez, potentzia handiek Iranen dituzten interesek dena tapatzen dute, bereziki Estatu Batuek plan nuklearraren inguruan akordioa egin ondoren. Irango erregimena, hagitz buruargi jokatuta, rol garrantzitsua hartzen ari da eremu osoan. Bi buruzagi dituen gatazka handi bat da: Iran alde batetik, eta Saudi Arabia bertzetik. Orain, kaos horren erdian, badirudi Iran dela Mendebaldeari lagundu dakiokeen herrialde bakarra, baina, nire ustez, hori ilusio bat bertzerik ez da.
Zergatik?
Begira, Daexen fenomenoa hagitz bitxia da. Sirian eta Iraken sortu da, [Irango] errepublika islamikoaren adar diren bi herrialdetan. Bi herrialde horietan gutxiengoek pairatu duten diskriminazioaren ondorio da, eta, lehenago edo geroago, Iranen ere gertatuko da. Iranen sunitek ez dute inongo eskubiderik, eta kurdu gehienak sunitak dira. Nik munduan ezagutzen dudan konstituzio diskriminatzaile bakarra da Irangoa, ez baitu uzten sunita bat presidente edo buruzagi espiritual izatea; tira, eta ezta emakume xiita bat ere. Ez dut ez kurdurik, ez sunitarik ezagutzen administrazioko postu garrantzitsuren batean. Kurduei deabru baten pare begiratzen diete, eta Sirian eta Iraken Daex agertzea ahalbidetu duen fenomeno hori Iranera ere ailegatuko da.
Zertan da egoera gaur egun?
Zoritxarrez, PDKIk erabaki du gerrillariak berriz Irakeko aldetik Irangora bidaltzea. Orain arte, Irakeko Kurdistanekiko begirunez jokatu dugu, ekintza armatu bat zegoen aldiro Iranek Irakeko aldea bonbardatzen baitzuen. Badira hiru urte ekintza armatuak berriz hasi zirenetik, eta azken bi asteotan borrokak izan dira paxdaran-ekin [Irango Iraultzaren Zaindariekin] eta erregimenaren aldeko indar kurduekin, guk jax deitzen ditugunekin. Astoa, erran nahi du.
Irakeko Kurdistanen independentziaren aldeko mezuak indartu dituzte egunotan. Posible ikusten duzu hori?
Ez dakit, gustatuko litzaidake. Baina Irakeko kurduak banatuta daude, eta hori hagitz txarra da herri kurdu osoarentzat. Estatu bat egiteko, batasuna behar da. Herri kurdua urte anitz dabil kongresu nazional bat sortu nahian, gehienbat azken hiruzpalau urteotan, baina, zoritxarrez, alderdi kurduen artean dauden desadostasunengatik hori ez da posible izan. Beraz, nahi, denok nahi dugu, baina egingarria izatea herri kurduaren batasunaren esku dago.
Rahim Kaderi. Errefuxiatu kurdua eta PDKI alderdiko kide ohia
«Zorionez, egoera aldatu da, eta orain herri kurduak baditu lagunak»
Sykes-Picot hitzarmenaren ondorengo banaketak «hagitz ondorio txarrak» izan ditu Ekialde Hurbilarentzat, Kaderiren ustez. «Ikusten ari garen gerra horiek hitzarmen horien ondorio dira», adierazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu