Zortzi urtean lehen aldiz, liberalen esku gera daiteke Herbehereetako agintea

Eskuin muturrak bikoiztu egin ditzake Legebiltzarrean dituen eserlekuak, bederatzitik hemezortzira igaroz

2010eko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Herbehereetan gaur egingo dituzten Legebiltzarrerako bozetan VVDko Liberalak dira irabazteko aukera gehien dutenak, azken inkesten arabera. Mark Rutte buru duen alderdiak aurrea hartu die azken zortzi urteetan boterean egon den Jan Peter Balkenende lehen ministroaren CDA Alderdi Kristau-demokratari, eta Job Cohenen PvdA alderdi laboristari.

Inkestek iragarritako boto egite asmoak gauzatzen badira, Legebiltzarreko 150 eserlekutatik 36 bereganatuko dituzte liberalek, 29 laboristek, eta 24 besterik ez demokristauek -gaur egun 41diputatu dituzte-. Laugarren tokian geratuko litzateke, aldiz, eskuin muturreko PVV Askatasunaren Alderdia -horrek nabarmen atzera egin du azken garaiotako boto egite asmoetan.

Duela gutxi plazaratutako inkestetan, PVV bigarren postuan emana zen, eta immigrazioaren aurkako eta bestelako egitasmo xenofobo batzuekin bat agertzen ziren herbeheretar asko. Geroztik, baina, finantza arloko krisiaren ondorioak jasan dituzte Herbehereetan ere, eta ekonomiaren egoera bihurtu da herritarren kezka nagusia, Afganistango gerrari protagonismoa kenduz. Balkenenderen kristau-demokratek ere defizit publikoa erdira gutxitzearen premia aldarrikatu dute, eta erretirorako adina atzeratzea proposatu, 66 urtera 2015ean eta 67ra 2020an. CDAk, baina, garesti ordain dezake laboristekin eta Kristau Batasunarekin 2006ko azaroan osatu zuen koalizio gobernua. Aliantza hori iragan otsailaren 20an eten zen, Afganistango misioaren luzapenak eragindako krisiaren ondorioz; demokristauak soldaduen egonaldia luzatzearen alde zeuden; baina laboristak eta Kristau Batasuna kontra agertu ziren.

Dena den, liberalek dituzte arlo horretan neurri zorrotzenak iragarri, boterera iritsi eta gero. Gauzak txukundu leloarekin, Liberalek iragarri dute Estatuaren gastuak 20.000 milioi euro gutxituko dituztela, defizit publikoa erdira gutxituko dutela-gaur egun barne produktu gordinaren %6,3ra igo da-, eta erretiroa hartzeko adina 65 urtetik 67 urtera pasaraziko dutela. Neurriak zorrotzak izan arren, herbeheretar ugari bat datoz egitasmo horiekin, beldur baitiote Greziak egun pairatzen duen egoera berean erortzeari.

Laboristak ere gastu publikoa 10.000 milioi euro gutxitzearen alde agertu dira, baina, aldi berean, 2.000 milioi euro bideratu nahi dituzte hezkuntzara, eta errenta handienei zerga berezi bat jarri. PvdAk aldarrikatzen du, bestalde, Herbehereak aberastu egin direla immigrazioari esker, eta etorkinei harrera egiten jarraitu beharko litzatekeela.

Immigrazioa bigarren mailan

Immigrazioa gelditu eta Herbehereetan mezkitak eraikitzea debekatu nahi du, ostera, Geert Wilders buru duen PVVk. Wildersek Alderdi Liberaletik alde egin zuen 2004an, alderdi xenofobo hori sortzeko. Iragartzen zizkioten boto emate asmoetan atzera egin badu ere PVVk, herbeheretar askoren sostengua du oraindik. Hala, azken inkesten arabera, bikoiztu egin dezake diputatuen kopurua, bederatzitik hemezortzira pasatuz.

«Ekonomiari lotutako kezkak ziren kanpainaren ardatza; immigrazioak eragiten dituen arrangurak hirugarren lekuan emanak dira, segurtasun arazoen atzetik», azaldu du Amsterdamgo Unibertsitatean zientzia politikoak irakasten dituen Philip van Praagek. Hau ohartarazi du, baina: «Hautesleen %15 ingururentzat, haatik, immigrazioak arazo nagusia izaten jarraitzen du».

Liberalek gorakada azaltzearren, berriz, Andre Krowel politika ikertzaileak hauxe adierazi du: «Azken hamar urteetan immigrazioaren eta etorkinekiko ustezko arazoa zen denen gainetik hizpide; alabaina, finantza krisia piztu da geroztik, eta gaur egun herritarrentzat garrantzi handia dute ekonomiak, langabeziak eta defizitak murriztubeharrak; horiek horrela, liberalak, bat-batean, ongi ikusiak dira».

Jean Peter Balkenende eta Alderdi Kristau-demokratari dagokienez, aldiz, jende asko nazkatuta dagoela iritzi dio Martin Rosemak, beste politika ikertzaile batek: «Zerbait berria nahi da; gehienen iritzia da zortzi urte boterean egotea nahikoa badela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.