Txilen eguna amaitu aurretik aurreneko meatzaria lurrazalera irtetea espero zuten bart. Salbatzeko lanak hasiera batean iragarri baino lehen abiatuko zirela iragarri zuten agintariek, eta, ondorioz, «69. eguna amaitu orduko bederen meatzari bat» salbatzea aurreikusi zuen Laurence Golbornek. Meatzaritza ministroak jarraitu beharreko prozeduran azken unean egindako aldaketak azaldu zituen, orain arteko saioak beste kapsula batekin egin badituzte ere, eta «ederki» joan badira ere, bigarren kapsula «gutxiago erabili duten heinean» prestatuago dagoela zehaztuz. Zulagailuek egindako bidea baliatuta kapsula bat sartu dute meategian, eta, lau saioak ondo joan direla aintzat hartuta, salbamendua aurreratzea erabaki dute: «Kapsula 610 metrora iritsi da eta ez da haratago joan meatzariak bertara igo ez daitezen; kulunkarik ez du egin eta hautsa ez da erortzen». Fenix 2 kapsula da azkenean meatzariak erreskatatzeko baliatuko dutena.Txirrika mekanismoari eutsiko dion porlanak gogortzeko behar duen denbora baldintzatu du zehazki salbamenduaren hasiera. Sebastian Piñera presidentea arratsaldean zen meategira iristekoa; Evo Morales Boliviako presidentea ere harekin joatekoa zen, meatzarietako bat boliviarra baita.
Trebeenak aurretik
San Jose meategian, 700 metroko sakoneran, bi hilabete daramatzaten 33 meatzariak zein ordenan aterako diren ez dute jakinarazi. Aurrenekoak arinenak eta trebeenak direla zehaztu dute, arazoren bat egonez gero erantzuteko baliabide gehiago izango dituztelakoan. Ondoren osasunez ahulago daudenak sartuko dira kapsulan, eta, jarraian, indartsuenak. Luis Urzua izango da lurrazalera irteten azkenekoa; taldean lidergo lanak egin dituen meatzaria.
Hasiera batean hutsik sartuko dute kapsula, eta behin meatzariak dauden lekuraino -622 metro- iritsi ostean, berriro igoko dute, orduan aurreneko teknikaria sartzeko. Pertsona hori meatzariekin elkartuko da, eta kapsulan sartzeko azalpenak emango dizkie meatzariei. Hiru taldetan banatuko ditu, eta zerrendaren berri emango die.
Ondoren beste bi lagun jaitsiko dira laguntzera, eta horiek izango dira salbamendua amaitu artean meategian egongo direnak. Kapsulak hogei minutu beharko ditu 630 metroko bidea egiteko, eta beste hogei minutu beharko dira meatzariei azalpenak emateko. Igotzeko operazioak hamabostminutu irautea aurreikusi dute, beraz, meatzari bakoitzeko batez beste ia ordubeteko tartea beharko dela aurreikusi dute adituek. Ondo bidean, beraz, bihar goizaldean amaituko da salbamendua, baina, tartean etenak egin daitezkeela ere ohartarazi dute adituek. Andre Sougarret salbamendu taldeko buruaren hitzetan kapsula barruan harrapatuta gelditzeko arriskua urria da, baina «sistema bertikaletan pertsonak garraiatzean» beti arriskuren bat dagoela zehaztu du.
Behin lurrazalean, azterketa mediku azkar bat egingo diete meatzariei. Ondoren, senideekin elkartzeko aukera izango dute, baina tarte txikiz; izan ere, ospitalera eramango dituzte jarraian helikopteroz. Copiapo hiriko ospitalean artatuko dituzte; azterketa sakonagoak egingo dizkiete han, gutxienez bi egunez.
Ondoren zulo beltzean izan duten bizimoduaren erabat ezberdina izango dute: hainbat ospakizun egingo dira meatzariei ongietorria emateko. Opariak ere jasoko dituzte; I-pod-ak, bidaiak, txekeak. Mila kazetari izango dituzte zain, eta haien galderei erantzuteko aholkuak ere jaso dituzte egunotan. Psikologikoki ere laguntza jasoko dute, barruan bizi izan dutenari aurre egiteko babesa jaso badute, aurrerantzean ere errealitateari aurre egiteko babesa beharko dutela eman dute aditzera psikologoek.
Ikusmina eta harrotasuna
Esperanza kanpalekuan meatzarien zain dauden 200 senideak, berriz, itxaropentsu daude, eta operatiboarekiko erabateko konfiantza agertu badute ere, senideak besarkatu arte ez dutela bakea izango eman dute aditzera. Maria Segoviak Dario anaia du meategian, eta denak atera artean ez dutela poza izango adierazi du; azken meatzaria atera arte egongo gara hemen. Alicia Campos, berriz, semea du harrapatuta eta nekea agertu du: «Gogorra da hainbeste egunez ezer egin gabe egotea, itxaroten baino ez».
Txilen eta mundu zabalean handia da ikusmina. Iragan abuztuaren 5ean meategian erroiztea izan eta 33 meatzariak harrapatuta gelditu zirenetik, oihartzun zabala izan du gertakizun honek komunikabideetan; ezen inoiz ez da horren lagun talde zabala horrenbesteko sakoneran hainbeste egunez harrapatuta egon. Txileko agintariek, bada, ikusmin hau baliatu dute nazioarekiko identitatea sustatzeko eta harrotasuna aldarrikatzeko.
Meatzariak hamazazpi egunez egon ziren kanpoaldearen berri izan gabe. Abuztuaren 22an, baina, zunda batean paper zati bat itsatsi zuten. Mirari baten moduko mezua izan zen hura: «Ondo gaude aterpean, 33ak». Biharamunean haiekin hitz egiteko aukera izan zuten barrukoek eta kanpokoek eta meatzarien irudiak zabaldu zituzten telebista kateek. Bi hilabete luze hauetan zunden bidez jaso dituzte elikagaiak eta bestelako tresnak.
Salbatzeko lanak hiru edo lau hilabetez luzatzea aurreikusi zuten hasiera batean teknikoek, baina, uste baino azkarrago joan da dena. T-130 zulagailua igandean iritsi zen meatzarien lantegira 33 egunez lanean egon ostean. B planaren zulagailua zen.
Zulo beltzetik lurrazalera
Txilen 700 metroko sakoneran 69 egun daramatzaten 33 meatzarietako bat bederen bart lurrazalera ateratzea aurreikusi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu