Ez da ustekabekorik izan Hegoafrikako ANC Afrikako Kongresu Nazionala alderdiak egindako biltzarrean. Jacob Zumak, 2009az geroztik herrialdeko presidente ere badenak, alderdiko buru izaten jarraituko du 2017 arte. Hala erabaki dute Bloemfontein hirian bildutako alderdiko ia 4.000 kidek. Zumaren alde eman dute botoa 2.983 ordezkarik. Kgalema Motlanthe atzora arte alderdiko presidenteordea zenaren aldeko botoa, berriz, 991k eman dute. Emaitza horien ondorioz, ustekabekorik ezean, Zuma izango da ANCren hautagaia 2014ko Hegoafrikako presidentetzarako hauteskundeetan. Irabazle izateko aukera handia du, gainera. Izan ere, 1994an apartheid-aren garaia amaituz gero, ANCk erraz irabazi izan ditu bozak, botoen %60 baino gehiago eskuratuta.
Alderdiko presidenteordetzarako lehian Cyril Ramaphosa nabarmen nagusitu zaio Mathews Phosari. Ramaphosa sindikalista ohia da, eta apartheid-aren garaian orduko erregimenaren aurka borrokatu zen. Egun, enpresari arrakastatsua da, eta herrialdeko beltz aberatsenen artean bigarrena bilakatu da. Hori dela eta, hura aukeratu izana Hegoafrikaren egoera ekonomikoari buelta emateko apustutzat jo dute herrialdeko analistek.
Zumak alderdikideen babes zabala jaso badu ere, hura kritikatzen jarraitzen dute haren aurkakoek. Ustelkeriari aurre ez egitea leporatzen diote Hegoafrikako presidenteari, eta langabezia murrizteko neurririk ez hartzea. Herrialdeko aberatsenen eta behartsuenen arteko aldea ez txikitzearen ardura ere egozten diote. Zumaren ospeari kalte egin dio abuztuan Marikana hiriko meatzeetan izandako sarraskiak ere. Greban zeuden 34 meatzari hil zituen Poliziak tiroz. Gertakari hori izan da apartheid garaiaz geroztik herrialdean izandako sarraskirik odoltsuena. Hilketa horien harira protesta ugari egin dituzte geroztik, eta herritar ugarik zalantzan jarri dute presidentearen gaitasuna.
ANCren biltzarraren lehen egunean —igandean— egindako agerraldian, Zumak ekonomiaren inguruan hitz egin zuen, batez ere. Ustelkeria kasuak gaitzetsi egin zituen, eta alderdia «garbitzeko» beharra nabarmendu zuen. Horrez gain, hurrengo urteetarako dituen asmoen berri ere eman zuen Zumak: «ANCk ausardiaz zuzenduko du herrialdeko ekonomia; hazteko eta lanpostuak sortzeko planak ditugu».
Atzo igaro ziren epailearen aurretik biltzarra hasi aurretik atxilotutako lau gizonezkoak. Ustez, biltzarraren aurka atentatu bat egiteko asmoa zuten, eta terrorismo delituak egotzi dizkiote. Zuma, gobernuko eta ANCko buruzagiak hil nahi izatea leporatu die fiskaltzak. Poliziaren arabera, eskuin muturrekoak dira lau atxilotuak. Uztailean ere eskuin muturrekotalde bateko burua atxilotu zuten. Berriroapartheid-a ezartzeko plan bat antolatzen jardutea leporatu zioten. Poliziaren arabera, Nelson Mandela presidente ohia hiltzea jasotzen zuen plan horrek.
Mandelak hobera egin du
ANCko kideak biltzarra egiten diren bitartean, Mandelak ospitaleratuta jarraitzen du Pretorian. Abenduaren 8az geroztik dago erietxean Hegoafrikako presidente ohia. Behazun harrietatik operatu zuten igaro den asteburuan, eta, presidentetzako bozeramailearen esanetan, hobera egin du haren osasunak.
Zuma berak ere eman du Mandelaren egoeraren berri: «Medikuak pozik daude izaten ari den bilakaerarekin; arriskuz kanpo dagoeladiote, baina ez dute presarik etxera bidaltzeko, beharrezkoa duen tratamentua ari da jasotzen». Mandelak 94 urte ditu, eta 2001az geroztik inoiz ez du hainbeste denbora igaro ospitaleratuta. Orduan, prostatako minbizia sendatzeko tratamentua jasotzeko zazpi aste baino gehiago igaro zituen erietxean.
Zuma Hegoafrikako presidentea beste bost urtez izango da ANCko buru
Cyril Ramaphasa aukeratu dute presidenteorde gisa, 'apartheid' garaiko sindikalista ohia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu