Botoen %41,49 zenbatuta, hautesleen %54,1 Poroxenko magnatearen alde agertu direla jakinarazi du hauteskunde batzordeak. Hauteskundeen lehen itzulian garaile izango da Poroxenko.
Argi hitz egin du Petro Poroxenkok zundaketen lehen emaitzak ezagutzera eman ondoren. Emaitza ofizialik iritsi aurretik, baina, Ukrainako presidentetzarako hauteskundeak irabazi dituela esan zuen bart jada, eta, horrez gain, bi mezu eman zituen: batetik, Europara gerturatzeko bideari jarraituko diola, eta, bestetik, "Krimeako okupazioa" ez duela onartuko.
Hauteskunde gaua aztertzeko hautatutako egoitzan esan zuen "zundaketa guztien hautaketa" itzuli bakarrean osatu dela eta Ukrainak "presidente berria" duela. Ukrainarrek Europara gerturatzeko eskatu diotela esan zuen, eta bere lehentasuna ekialdera joatea izango dela, "gerra eta kaosa" amaitzeko.
Krimeaz esandakoez gain, Luhansk eta Donetsekin ez duela negoziatuko aurreratu zuen, ez behintzat "armak utzi arte". Moskurekin izango duen harremanaz galdetuta, esan zuen Ukrainako subiranotasuna eta lurraldetasuna oinarrizkoak direla berarentzat.
Azkenik, aurten bertan parlamenturako hauteskundeetara deituko lukeela esan zuen.