Zuzenean

Txibite: «Nafarroako autogobernua zabaltzeko gehien egin duen gobernua gara»

Belateko auziari buruz aipamen bat egin duen arren, Cerdan auziari ez dio heldu hitzaldi luze batean, Txibitek. Ekonomia, osasuna, hezkuntza, berdintasuna... xehe xehe eman ditu dozenaka proiekturen berri ordubete eta 45 minutuz. Hitzaldi osoa gaztelaniaz egin du.

Maria Txibite, Nafarroako Parlamentuan, politika orokorreko eztabaidan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Maria Txibite, Nafarroako Parlamentuan, politika orokorreko eztabaidan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2026ko irailaren 24a
09:50
azken momentuan

Osoko bilkura eten dute orduerdiz, Maria Txibitek bere hitzaldia amaitu ondoren. Oposizioaren txanda hasiko da aurki, eta ordezkaritza handitik txikira duten taldeak ariko dira. UPNko eledun Javier Esparza hasiko da minutu batzuk barru, eta hark berehala helduko dio Cerdan auziri lotutako ustelekeriaren berri emateari, Txibiteren gobernua horrekin lotutzeko asmoz.

Belateko auziari buruz aipamen bat egin duen arren, Cerdan auziari ez dio heldu hitzaldi luze batean, Txibitek. Ekonomia, osasuna, hezkuntza, berdintasuna... xehe xehe eman ditu dozenaka proiekturen berri ordubete eta 45 minutuz. «Egun on» eta «eskerrik asko» ahoskatu ditu, baina hitzaldi osoa gaztelaniaz egin du. Aurreko urtean pasarte batzuk euskaraz egin zituen.

Eta geroari buruz ari dela, aipamena autogobernua zabaltzeko aukeraz: «Aurrerakuntza partekatuak eskatzen du demokrazia hobetzea, aniztasunean bizitzea, errespetua eta foraltasuna baliatzea aukera berriak sortzeko: Nafarroa bere geroaren jabe da eta izango da. Gure belaunaldiaren egitekoa da konkistatutako hori babestea, eta aukera berriak irekitzea». Horrekin amaitu du Maria Txibite Nafarroako presidenteak.

«Bizikidetzak memoria behar du», Txibiten arabera. Gogoratu du Terrorismoaren biktimen lege berri baten lanean ari direla. Eta mezu argi bat berriro bukatu aurretik: «Nafarroaren geroak eredu hau izan behar du oinarri: autogobernu arduratsua, kalitatezko enplegua, ekonomia berritzailea, energia garbia, zerbitzu publiko sendoak, berdintasuna, kohesioa eta bizikidetza».

Aurreko urtean, Txibitek pasarte batzuk euskaraz egin zituen bere hitzaldian. Aurten ez. «Egun on» esateaz harago, bere mezua gaztelaniaz egiten ari da osorik.

Euskarari buruzko hausnarketa bat, Txibiteren ahotan: «Gobernu honi esker, euskara, gaur egun, gehiago ikusten dute herritarrek hizkuntza propio gisa —hori baita— banatzeko tresna politiko baten gisa baino. Euskara nafar guztiena da». Aurrera egin du erantsita ‘Navarra marka’ ere nafar guztiena dela. «Nafarroa anitza da, eta gero eta mestizoagoa. Ez dut nahi Nafarroa banatu bat, eskuin muturrak bezala. Bizikidetza errespetua da».

Bukatu aurretik AUTOGOBERNUARI buruzko hausnarketak Txibiteren ahotan: «Gobernu honek foraltasun defendatu du ekintzen bidez. Eskumenak lortu ditugu, gaitasunak handitu eta nafarren zerbitzuira jarri ditugu. Bi legealditan 20 urtean baino gehiago egin dugu. Beraz, Nafarroako autogobernua zabaltzeko gehien egin duen gobernua gara».

Etxebizitza orain. «Merkatua arautzea, zaintzea, etxe hutsak zabaltzea, parke publikoa handitzea eta eskaintza merkea sustatzea beharrezko politikak dira merkatuak zuzentzen ez dituen desorekak zuzentzeko».

Osasunari eta zaintzari buruzko azalpen ugari eman ondoren —itxaron zerrendak jarri ditu hobetu beharreko adibide gisa—MIGRAZIOARI heldu dio presidenteak: «Gure migrazio politikak helburu demokratiko bat dauka: bizikidetza, eskubideak eta ardura partekatuak. Desberdina dena miran jartzen dutenen aurrean eta pobrezia zigortzen dutenen aurrean, berretsi egiten dugu pertsona guztiek dutela duintasun bera». Datu bat eman du berehala: Nafarroan 145.000 pertsona daude atzerriko jatorria dutenak. «Batzuek kanporatu egin nahi dituzte, kriminalizatu», esan du. «Lan egin, zaindu, kotizatu eta eskolak betetzen dituzten bizilagunak dira, eta gure geroa partekatzen dutenak. Ez dira mehatxua».

Eskolei buruz ari dela, PISA txostenen emaitza apalen inguruko aipamena egin du: «Argazki batetik harago joan behar dugu jakiteko zer gertatzen ari den. Arreta berreskuratzeko oinarrizkoa da». Geldialdi txiki bat izan da, eta ikasketarako laguntzekin jarraitu du. Orain osasunaren arloaz ari da, xehe xehe azaltzen herri askotarako dauden proietuak.

Gaiaz aldatu du Txibitek jada, eta arlo publikoari buruz hasi da. Arlo publikoa defendatzea da «segurtasun sare bat» defendatzea, Txibiteren hitzetan. Eskolak, osasun zentroak, zaintza, garraioa «eta bizitza zaila jartzen denean laguntzen diguten profesionalak» sartu ditu hor.

Belateko lanekin hasteko presa zegoela esan du Txibitek, baina horrek ezin duela ekarri «edonola egitea». Prozedura guztia «ezaguna eta publikoa» dela erantsi du. «Desadostasun teknikoak eta juridikoak» egon direla aitortu du, «baina inoiz ere ez esku hartze politikorik». Nolanahi ere, mezu argi bat berriro: «Hau bukatuko da, eta bukatuko da Europarekin adostu genuen epemugaren barruan».

Belateri heldu dio Txibitek, azkenerako: «Belateko tunelaren egoera ezaguna da. Askotan aritu naiz ganberan honetan horri buruz hizketan. Adjudikazio berria egiteko urratsak egiten ari gara, obra hori amaitu egingo baitugu. Ez dut ukatuko —ez dut inoiz ere egin— obra egitea bezain garrantzitsua dela legearen barruan eta gardentasunez egitea. Europako arautegia bete behar dugu; horrela ez egiteak ekarriko liguke nafarrek ordaindu beharko luketen milioi askotako isuna» Baina lanak amaituko dira, «segurtasunaz» ari baita.

Azpiegiturak: Xehetasun handiko azalpenekin ari da errepide eta beste azpiegitura batzuei buruz, baina momentuz ez du Belateko lanei buruzko aipamenik egin. Gaiari heltzeko testuinguru luze batean dela ematen du...

Laborantzaren txanda iritsi da, eta baieztapen batekin hasi da presidentea: «Gure laborantza da gure elikaduraren oinarria, gure lurraldea zaintzen du eta bizirik eusten die gure herriei. Lehen sektorea Nafarroan, giltzarri da eta aurrez aurre dauka aldaketa klimatikoa, besteak beste». Nekazariei eta abeltzainei laguntzeko plan guztiak xahutzen hasi da.

Interesgarria izango zaizu
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA