«Normaltasun osoz bizi dut lehen kantinera mutila izatea»

Irungo alarde parekideko San Miguel konpainia sortu berriko kantinera da Jauregi. Umetatik izan du «amets» kantinera izatea, eta bete du. Alarde berdinzalearen balioak aldarrikatu ditu.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Irun
2023ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Kantineren rola oso garrantzitsua da alardeetan. Abaniko bat eskuan, herritarrak agurtuz joan ohi dira konpainien aurretik. Beti izan dira neskak, atzo arte. Txomin Jauregi Vidal Irungo (Gipuzkoa) alarde parekideko San Miguel konpainiako kantinera da.

Nola bizi duzu Irungo alardearen historian atera den lehenengo gizonezko kantinera izatea?

Nik normaltasun osoz bizi dut lehen kantinera mutila izatea. Betidanik nahi izan dut, eta oso pozik nago, egia esan.

Nola ari zara alardea bizitzen?

Oso hunkituta. Arrankada guztia negarrez igo dut jendearen babes osoarekin, eta oso polita izan da.

Aurtengo nobedadea da Jose Antonio Santano Irungo alkatea udaletxeko balkoian egon dela. Zein da zure iritzia horren inguruan?

Alarde parekidean, urtero aurrerapauso bat ematen dugu, eta aurten, horrekin, agian zerbait gehiago lortu dezakegu.

Lehenago ere atera izan zara alardean?

Bai. Txilibitoa jotzen atera izan naiz beste konpainia batzuetan, San Miguel ez baitzen existitzen. Aurten sortu da; berria da.

Nola laburbilduko zenuke hitz batean kantinera ateratzeak sentiarazten dizuna?

Ametsa. Niretzat amets bat izan da kantinera izatea, umetatik. Txikitan, kantineren atzetik joaten nintzen, eta asko gustatzen zitzaidan nola joaten ziren. Beti atera nahi izan dut.

Zu kantinera izendatzeko prozesua nolakoa izan da?

Auzoko konpainia sortu zuten, eta nire senideek bazekiten kantinera izan nahi nuela. Esan nien auzokora aurkeztuko nintzela, eta guztiek oso ondo hartu zuten. Eta hemen nago!

Nolakoak izan dira entseguak?

Oso dibertigarriak. Lehen entseguak San Migel auzoan egin genituen, eta jende gutxiago zegoen. Erdigunerantz etortzen hasi ginen entseguetan ere negarrez hasten nintzen, zegoen jende guztiagatik.

Alarde parekidearen aurkako zenbait eraso egin dituzte entseguetan.

Bai. Ez nituen nik zuzenean bizi izan, baina San Joan plazan hiru emakumeri oihu egin zieten, alde egin zezatela esanez. Hori ez dugu onartuko. Bukatu behar da.

Alarde baztertzailean ezingo zinateke kantinera izan.

Ez. Festak bizitzeko haien modua da, eta guk gurea dugu. Nik errespetua eskatzen dut: denak zoriontsu izan gaitezen!

Nolako sanmartzialak izatea gustatuko litzaizuke?

Dugunaren moduko alarde berdinzale batekin. Familia handi bat gara, elkar babesten dugu, eta denok oso pozik gaude.

Zein da San Miguel konpainiako kantineraren azken mezua?

Irungo herritar guztiek festak goza ditzatela, berdintasunez!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.