Zinema. Estreinaldiak

Osagai fantastikoak dituen trilogia berri baten hasiera

Suzanne Collinsen liburu sorta arrakastatsu batean oinarritu da Gary Ross zinemagilea 'The Hunger Games' filma egitekoFilmak 155 milioi dolar bildu ditu lehendabiziko asteburuan AEBetan

Jennifer Lawrence da The Hunger Games filmeko protagonista nagusia. MURRAY CLOSE.
Gontzal Agote.
2012ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Behin Twilight ongi amortizatuta, hurrengo bizpahiru urteei begira trilogia berri bat jarri du martxan Hollywoodek. Itxura batean, berrikuntza gutxi dakartza Hunger Games-ek, nahiz eta sustatzaileek behin eta berriz esaten ari diren honako honek ez duela Twilight eta gisakoekin zerikusirik.

Ezaugarri nagusiek, baina, ez dute gauza bera adierazten, jadanik zehaztuta dago hiru atal izanen dituela sailak eta, gainera, hirugarrenak, Hollywoodeko azken modari jarraikiz, bi parte izanen dituela. Beste behin ere elementu fantastikoak dituen istorio bat da, beste behin ere arrakasta handia izan duten best seller sorta batean oinarrituta, beste behin ere aurrerantzean oso-oso ezagun bihurtuko diren aktore gazte batzuk dira protagonista...

Berrikuntzak berrikuntza, The Hunger Games-ek harrera ezin hobea izan du AEBetan, eta, aurreikuspenek ez badiete huts egiten, antzeko kontua gertatuko da mundu erdian. 78 milioi dolarreko aurrekontua izan du filmak, eta soilik areto estatubatuarretan lehen asteburuan 155 milioi bildu zituen. Atera kontuak negozioaren tamainaz...

Suzanne Collins idazleak 2008. urtean argitaratu zuen The Hunger Games-en lehen zatia. Berehala bihurtu zen best sellerAEBetan — orain arte 26 milioi liburu saldu ditu han—, handik beste herrialde askotara zabaldu zen liburuaren oihartzuna. Hurrengo urteetan trilogiaren beste biak ailegatu ziren. Bitarte horretan, Nina Jacobson produktoreak filma egiteko eskubideak erosi zituen, eta zuzendari egoki baten bila hasi zen.

Aktore gazteak

Azkenean, Gary Ross izan zen aukeratua. Zuzendari lanetan ibilbide nahiko mugatua duen arren, zinemarekin lotura estua du Rossek; besteak beste, Big (Penny Marshall, 1988) komedia ezagunaren gidoia idatzi zuen eta Steven Soderberghen laguntzailea izan da haren pelikula askotan.Pleasantville ederra izan zen zuzendu zuen lehen film luzea,1998an, eta bost urte beranduago Seabiscuit egin zuen, The Hunger Games egin arte zuzendu zuen azkena.

Frankizia komertzialen kasuan, zuzendaria bezain inportantea izaten da protagonista nagusiekin asmatzea. Katniss da The Hunger Games-eko protagonistaren izena, eta, halabeharrez, aktore gazte batek bete behar zuen haren rola. Hainbat hautagai izan zituzten buruan, eta azkenean Jennifer Lawrencerentzat izan zen; 21 urte ditu.

Lawrencek lan bikaina egina zuen pelikula independente batean, Winter's Bone (Debra Granik, 2010), lan horrengatik Oscar sarietarako hautagaia izan zen. Hala ere, askorentzat ezagunagoa izanen da X-Men: First Class (Matthew Vaughn, 2011) pelikulan agertzen zelako.

Lawrencerekin batera, beste bi aktore gaztek urrezko aukera izan dute pelikula honetan: Josh Hutcherson-ek eta Liam Hemsworthek. Horien ondoan, hainbat beterano ezagun fitxatu zituen zuzendariak: Stanley Tucci, Donald Sutherland, Woody Harrelson eta Elizabeth Banks. Lenny Kravitz musikariak ere rol garrantzitsu bat du filmean.

Zer da, bada, thriller futurista honek kontatzen duena? Etorkizunean AEBetako hondarretatik Panem izeneko herrialdea sortu da. Hamabi barrutitan dago banatuta, horietako bakoitzak betebehar inportante bat du: The Hunger Games delako telebista saiora 12 eta 18 urte bitarteko neskato eta mutiko bana bidali behar dute.

Saioko parte hartzaileak haien artean borrokatuko dira; izan ere, joko horietan garaile bakarra egoten ahal da, gainerako guztiak hil egingo dira. Katniss Everdeen da saioan parte hartuko duenetako bat, haren ahizpa ordezkatzea erabaki duelako. Heriotza gertutik ezagutzen du; hortaz, bizirik irauten ohituta dago.

'THE HUNGER GAMES'

Zuzendaria: Gary Ross.

Aktoreak: Jennifer Lawrence, Elizabeth Banks, Stanley Tucci, Josh Hutcherson, Liam Hemsworth, Woody Harrelson,Donald Sutherland.

Herrialdea: AEB.

Urtea: 2012.

Iraupena: 142 minutu.

Estreinaldia: Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.