ANALISIA

Aldaketa sakonagoak behar dira

Xabier Usabiaga.
2004ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Ziklismoa aldaketen beharrean dagoela bistakoa da, baina UCI Pro Tourrak proposatu dituen aldakuntzak azalekoak dira batzuk, eta ezinezkoak besteak. Praktikan, ñabardurak gorabehera, ziklismoak berdin jarraituko du 2005ean, jendeak ez du aldaketa handirik sumatu bide. Karrerarik onenenetan, talderik onenak arituko dira, aurten bezala, lehen bezala, beti bezala.

Ikusgarritasuna hobetu behar dela dio UCIK. Ados. Eta horretarako ziklistarik onenak karrerarik onenetan elkartzea proposatu du. Ez nator bat, alferrik izango da eta. Inori burutik pasatzen al zaio Euskal Herriko Itzulian Lance Armstrong eta Jan Ullrich (etortzen badira!) jo eta hautsi ibiliko direla Tourra lehiatu nahi badute behintzat? Edo ziklista horiek biak Tourrean dituztenak eta bi eman ondoren, Vuelta lehiatzera joango direla? Ahaztu egin al zaie Pro Tourraren sortzaileei eta bultzatzaileei ziklismoan nahi eta nahi ez onartu beharreko legea, gorputzarena dela? Esan nahi baita, ezinezkoa dela urteko sasoi guztietan bete-betean jardutea, eta hala, batzuek Tourraren baitan antolatzen dute urtea, eta beste batzuek Apirileko klasikoen arabera, eta jomuga haiek prestatzen dituzten bitartean edo nekeak menderatzen dituenean, ia ezinezkoa zaiela, eta kaltegarria lukete gainera, beste proben lehian murgiltzea. Adibideak topatzeko ez da miaketa lan handirik behar, buruari hazka pare bat egitea nahiko.Bestalde, oso ondo iritzi ez ezik, ezinbesteko ikusten dut dopinari kontra egitea. Kirolak gizartean, zorionez edo zoritxarrez, jokatzen duen eredugarritasunak sinesgarritasuna izan dezan, iruzurrari ahalik eta biderik gehienak itxi behar zaizkio. Ahal bada, denak. Baina, ez da bidezkoa ziklista baten jokabide mespretxagarriagatik, talde oso bat zigortzea. Bistan gelditu da, Phonak kasuan batez ere, ez UCIK, ez talde batek ezin dituela norbanako guztiak behar bezala kontrolatu, bestela ia egunero egin beharko litzaiekeelako dopin kontrola ziklista guztiei, eta hori ezinezkoa da. Beraz, dopin kasuak taldeak berak antolatutakoak ez direnean behintzat, uste dut malgutasun gehiago beharko litzatekeela taldeekin. Bestela, akabo.Ziklismoak behar duen aldaketarik sakonena diru iturrien banaketa da. Ziklismoak sortzen duen dirua antolatzaileek eramaten dute (enpresarik handienek, antolatzaile txikiek zorrak egiten dituzte askotan), Tourrak, Giroak eta Vueltak, bereziki. Dirutza gainera. Haiek, ziklisten bizkar lortzen dituzte euren diru iturriak, txirrindulariek sortzen duten lehia ikusgarria saltzen dietelako babesleei, eta euren irudi eskubideak baliatzen dituzte podiumetan eta babesleen irudia zabaltzeko. Trukean, sos apur batzuk banatzen dizkiete saritan, baina zakurik handiena eurek eramaten dute. Zaku horren banaketa da gakoa, hala, taldeek euren babesleen sostenguaz gain euren izerdiak sortzen duen dirutzaren zati bat eskuratuko luketeelako, beste kirol batzuetan egiten den legez.Inork halakorik esan ez badu ere, UCIk eta hiru antolatzaile nagusiek izan dituzten desadostasunen azpian horrelako zerbait egon liteke. UCIk agintearen banaketa nahi duela dirudi, baina antolatzaileak ez dute inondik inora horrelakorik ametitu nahi.UCIk sortu duen aldaketa eredu honi ez diot aparteko arrakastarik iragartzen epe motzera, baina eraldaketa sakonago baten lehen urratsa bada, gaitzerdi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.