Albistea entzun

LARREPETIT

Liburuei bilgarria kentzeaz

Hedoi Etxarte -

2020ko apirilak 4

Idatzi zuen Benjaminek: «Afera ez da bilduma, afera bildumatzea bera da». Liburuen jabetzea (berdin erosketa, mailegua, lapurreta, uztea) apetazkoa da. Eta ez da garrantzitsua nola iritsi zaizkigun. Liburuez dakigun datu fidagarri bakarra da «noiz inprimatu zen eta ze formatutan» (Anatole France). Garrantzitsua dena da ulertzea liburuen bideek badutela zoritik eta irakurleak iraultzaileak bezalakoak direla (feat.: Benjamin in Arendt), bildumazaleak «ez du soilik urruneko mundu batekin amets egiten, baizik eta, aldi berean, mundu hobe batekin non hornituko zaizkion ez soilik mundu arruntean beharrezkoak diren» gauzak, baizik eta, baita ere, «erabilgarritasunaren egiteko monotonotik libratutako» gauzak ere. Are gehiago, irakurtzea bera ez da ezinbestekoa benetako liburuzalearentzat. Anatole Franceren liburutegiaren zale batek galdetu zion behin ea «guztiak irakurriak» ote zituen. Nobel saridunak erantzun zion «ezta hamarrena ere. Ez dut uste zuk ere zure Sevres portzelana egunero erabiliko duzunik».

Ikuspegi iraultzaile batetik ezin da defendatu duintasuna duen pertsona batek ez duela liburu berririk behar, adibidez. Ez dago bizitzarik zoriari tokirik utzi gabe. Liburu berriak behar dira «lehenaldia lehenaldiarengatiko pasio horretan» geure buruen tradizioak eraikitzeko, ondarea lehen mailako behar bat delako. Klinikoki hilda ez egotea ez delako bizirik egotea. Horregatik egon behar dute oiloek aske: zeren tradizioak ordena jartzen du lehenaldian, kronologiak proposatzen ditu eta «ikuspegi sistematiko batetik baikorra eta ezkorra bereizten ditu, ortodoxia eta heresia» (Arendt). Liburu batetik bestera joatea «modu desorientatu eta zentrifugatuan», muntaketa egitea, «lan egitea liburu guztiak zabalik [...] elkarren artean hitz egin dezaten» (Didi-Huberman), «irakur dezagun inoiz idatzi ez dena ere» (Hofmannsthal).

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...