BI AHOTSETARA

Grabitate zentroa (eta II)

gorka erostarbe leunda
2021eko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Rafa Berrioren omenaldi emanaldietan alma mater-a Joserra Senperena musikari polifazetikoa izan da, 1971 disko gogoangarrian —bere berpizte musikala ekarri zuena nolabait— soinu gidari izan zen berbera. Omenaldi horietan gisa eta molde askotako musikariak bildu ziren; bildu ziren sarri askotan elkarri bizkarra emanda bizi izan diren bi kultur komunitate ezberdin ere: gaztelaniaduna eta euskalduna, euskalduna eta gaztelaniaduna. Dena garbi esaten hasita, ohikoagoa izan da Donostian pisu handiagoa izan duen pop gaztelaniadunak bizkarra erakustea euskaldunari, eta ez alderantziz. Bere ibilbideko azken partean euskararen musika unibertsoko musikariak taldera bildu zituen Berriok: Rafa Rueda, Joseba Baleztena, Mursego, Joseba Irazoki, Felix Buff... Musikari horien hautaketan Senperenak zerikusi handia izango zuelakoan nago.

Azken hiru hamarkadatako Donostiako pop musikaren pieza esanguratsuetako bat izan da Senperena, gaztelaniaz egin izan den pop musikaren kolaboratzaile ohikoa (21 Japonesas, Duncan Dhu, La Buena Vida, Amateur, Rafa Berrio...), baina era berean, euskararekin eta euskal kulturarekin konpromiso irmoa izan duena. Eta hori ez da hain ohikoa izan mundu horretan, batere ez. Euskara aldiro landu ez ezik, Bide Ertzean taldeko kidea izan da, euskal idazleekin kolaboratu du (Harkaitz Cano, Kirmen Uribe, Patxi Zubizarreta, Arantxa Urretabizkaia...) eta bere bakarkako ia disko guztiak euskaraz bataiatu ditu (Bluespasadizoak, Dardareninterpretazioa, 9 ganbera pieza, Existentziaminorrak…).

Bere jarduera pertsonala estimatzen dut, nola ez ba, baina modu bertsuan estimatzen diot euskal musika, euskal kultura, inguruko kultura gaztelaniadunari helarazteko lana. Ez da bakarra izan Donostia aldean bi kulturen arteko zubi lan hori egiten ziur naiz hiriburu bakoitzean izango dela jendea. Oso estuki lotuta ikusten ditut Mikel Iturria kazetariaren lana euskarazko elkarrizketak gaztelaniara itzuliz, adibidez eta Giorgio Bassmatti musikariarena ere.

Bihoakie aitortza, grabitate zentroa zubi lan horretan duten horiei. Grabitate zentroa mugiarazten digutenei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.