Literatura

Hitzek ez dutenean lehengo pisurik

Bere burua, musikaritzat baino gehiago, artistatzat du. «Jar nazazu gitarra jotzen Andres Segoviaren ondoan, eta berehala jakingo duzu bietarik zein den musikaria», esan zuen. Esan izan du ere, bere ardura ez dela hainbeste gitarra heldu eta apunteak garbian lotzea, momentua jaso eta hori denboran oroigarri eder gisa entregatzea baizik.

Jon Benito.
2011ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Momentu bat hartu, eta denboran jarri kantu gainean. Kantu hura gero jendeak gogoan hartuko du, kantatu egingo du, Bob Dylanez gainera bere buruaz ere zerbait dioelako. Eta, hala eta guztiz ere, 1987an Sam Sheppardek egin zion erreportajean, esaten du hitzek euren zentzua galdu dutela eta ez dutela lehen adinako pisurik. Zer esan nahi du Bob Dylanek musikaria ez eta artista gisa sailkatzen duenean bere burua? Musikari ez ezik idazle ere badela ziurrenik, hitzak, agian, lehen orain baino gehiago, garrantzia duela, zerbait adierazi nahi duela, momentua deskribatu... eta kantuak egitea ez dela nota bat bestearen atzean jartze hutsa. XX. mendeko poeta popular garrantzitsuenetako bat da, garaiak aldatzen ari zirenekoa kantatu zuelako eta jende baten arima hitzetara eraman zuelako kantatzeko. Eta gitarra elektrikoaren erabilera ausart harengatik, folk mundua akustikoa zenean. Eta lehengoa berriarekin uztartzen asmatu zuelako: «Akaso pop musikari aurpegia aldatu nion, baina horrek ez du metabolismoa aldatu nionik esan nahi. Egin nuen guztia ateak irekitzea izan zen».

Bera ez, bere kantuak direla garrantzitsu dio. Hitzak, hitzek diotena, jendearen bizitzez diotena eta jendearen bizitzetan ispilu egiteko duten ahalmena. Bera ez omen da sentimendu eta uneak banatzen zituen postari bat besterik.

Kantuaren gauza galdua

Denek ei dakite zer den poema bat, baina inork ez ei daki zer den zehazki poesia, zertaz egina dagoen, ez non ager daitekeen, ez zein dituen mugak. Agian, Benjamin Pradok dioen bezala, sailkapen hori erdipurdiko artistak kategorizatzeko besterik ez da, eta ezin da Dylanen estiloko jendea katalogatu. Hori jenioa da Pradorentzat, eta, poemak idatzi ez arren, bere kantuek poema askok baino bertso ederragoak utzi dituzte. Adibidez, Blood on the tracks diskoan argitaratu zuen hau:



Ikusten baduzu, esaiozu agur, Tangerren dago agian

pasa den udaberrian joan zen hemendik

han bizi dela entzun nuen

esaiozu ondo naizela

nahiz gauzak apur bat geldodoazen

berak ahantzi dudala pentsatuko du

ez iezaiozu esan ez dela horrela.

Liskarra izan genuen

maitaleen artean batzuetan gertatu ohi denez

eta gau hartan nola joan zen pentsatzeak

izuikara eragiten dit oraindik

eta gure banantzea bihotzeraino

heldu arren

oraindik nire baitan bizi da

inoiz banandu ez bagina legez.

Bere ondora heltzen bazara, musukatu ezazu behin nigatik,

beti errespetatu dut,

hautsi eta libre izateko hautuagatik

oh, zorioneko egiten duenguztiari

ez diot biderik itxi nahi

nahiz mikatzak nigan iraun,

gera zedin saiatu nintzengauetik.

Jende asko ikusten dut hortik ateratzen naizenean

eta bere izena entzuten dut handik eta hemendik,

hiriz hiri mugitzen naizenean,

eta inoiz ez naiz horretara ohitu,

ez aditzen ikasi dut,

sentiberegia naiz,

edo bigunegi bihurtzen ari naiz.

Eguzkia itzaltzen, ilargia hori,

iragana interpretatzen saiatzen naiz

gogoan dut eskena bakoitza,

denak ere hain azkar gertatu ziren

bera bide honetatik igaroko bada,

esaiozu ez dela nekeza ni aurkitzea,

esaiozu ni ikustera etor daitekeela, denbora badu.

Pradok dioen bezala, bere kanturako idatzitako letrak poemak bilakatzen dira musika kentzen diezunean. Eta horiek, musikaren makulurik gabe, hitzaren gogortasun eta gertakarien narratibitatea azpimarratzen dute.

Rockaren Picasso, Musikaren Rimbaud... izengoiti asko eman zaizkio Dylani, baina hainbatetan (gehiegitan) hitz egin den musikaren eta literaturaren uztarketa onena berea izan da; jende asko bere musikatik, bere egin zuenaren aurkako bidea eginez poesiara eraman du. Muga bat izan zen. Lehengoa gauza bat zen, eta gerokoa, beste bat.

Historiaren hasiera

1965ean Newporten eman zuen kontzertu haren ostean, kantautoreak gitarra elektrikoa nahi zuen eskutan. Rockaren neurria berak markatu zuen, kontzertu hura mugarri jarrita. Baina literaturako orrietan gaudenez, horrez gainera kantautore batek ezin duela konpositore serioa izan eman zuen aditzera, letrak zaindu gabe. Eta hori izan zen gainditu zuen bigarren marra. Inork ezingo zuen gehiago lehen bezala abestu. Beatlesen adibidea da argigarriena kasu honetan: Beatlesen lehen kantuetako letrak pop hitz arinak ziren; Dylan ezagutu ostean, ordea, Lennonek Dylan izan nahi zuela esaten da, letretan haren itzalera hurbildu zelarik. Gerora, hain estimatuak zituen Elvis, Bill Haley eta Little Richards iturri hartuta, erreka ibai egin zuen, estilo propioan karkaba eginez, eta, gerora, rock eta folkaren izen handiak izango zirenentzat ezinbesteko erreferentzia bilakatuz: Elvis Costello, Neil Young edo Simon and Garfunkelentzat, adibidez.

Mendearen bigarren zatia erdiz erdi markatu zuen. Bere kantuetako hitzak mendearen garapen soziologikoaren isla izan ziren. Joan Baezek zioen ez zela The Times They Are A-Changin kantua baino gehiago ezaugarritu zuen ezer garai hartan. Bowiek zioen, berriz, bere hitzek lurrera botatzen zutela, garaiaren arima eta kontzientzia biltzen zutelako haiek berekin. Bada lehen garaietan injustizia eta arazo sozialen ahotsa izan zela zioenik ere, dela misilen krisia eta eskubide zibilen gaia haizatzen zituelako. Porrot garai kritikoago bat izan zuen 70eko hamarkadan ere, letra ulertezin edota oso pertsonalekin erretratatu zuena. Woody Guthrie izan nahi zuen berak, baina Rober Zimmermanetik Bob Dylan bihurtu bazen, Dylan Thomas omentzeko ere bazuelako zen: hara hor nola uztartu zituen, abesten hasi aurretik ere, literatura eta musika.

Hitzak, zentzurik gabe

Makinan idazten ei zituen hitzak lehen, ardoa edanez eta zigarroak errez. Gauerdian esnatzen ei zen idaztera, eldarnio betean. Joan Baezi esaten zion: «Badakizu? Egunen batean, hiltzen naizenean, jende batek sekulako astakeriak esango ditu nire letrez. Komarik zentzugabekoena ere interpretatzen hasiko dira. Baina inork ez daki zer esan nahi duten nire hitzek. Nik neuk ere ez dakit».

Kantuak ez ezik, liburuak idatzi ditu. Tarantula izeneko ulergaitz bat, adibidez, LSDaren garaietan egina, poeta surrealisten eraginpekoa. Bestea, Kronikak izenekoa, autobiografiko tranpatiagoa. Biak ala biak, ez dira, nola jakin gabe, askorik pentsatu gabe idatzitako letra poetikoen mailakoak.

70 urte beteko ditu kantariak asteartean, eta hainbat omenezko kontzertu egingo dira efemeridea ospatzeko. Kazetariek bere abestiak laudatuko dituzte, bere karrera gogoratuko, eta Literaturaren Nobel sarirako bere hautagaitza proposatzen dutenean, nahikoa meriturik baduen galdetuko du norbaitek, urtero legez. Popari burmuina eman zion, popa bere letra fribolo eta hedonistatik atera zuen. Popa, berarekin, helduaroan sartu zela esaten da, eta berak esango du ez dakiela zer esan nahi zuen bere hitzekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.