Inma Hernandez 

Ukatutako bozaren bila

Laura Paredesen gurasoek alaba diru kontuen inguruan babestuko zuen ebazpen judizial bat eskatu zuten; Justiziak, berriz, eragotzi egin zion botoa emateko bidea ere. Prozesu zail eta minbera izan dute berreskuratzeko. 

Inma Hernandez Leon, Laura Paredes Hernandezen ama. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
arantxa iraola
Legazpi
2017ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Inma Hernandez Leonek (Legazpi, Gipuzkoa, 1963) hiru seme-alaba ditu, eta zaharrenak —Laura Paredes Hernandez: «31 urte ditu, laster 32»— adimen urritasuna du. Egunerokoan, ordea, haren gaitasunak gailentzen dira. «Oso bizitza normalizatua egiten du; oso autonomoa da: lan egiten du, aisialdiko jardueretan parte hartzen du, lagun kuadrilla du...». Gainerako seme-alaben gisa berean hazten eta hezten saiatu dira gurasoak: dituen gaitasunak ahalik eta gehien sustatzen, eta laguntza handiagoa behar duen eremuetan, babesten. Eta horretarako, hain justu, orain zortzi bat urte ebatzi zuten Justiziari laguntza eskatzea; ikusi zuten alabak zailtasunak zituela zenbait arlotan —zehazki, diru kopuru handiak kudeatzeko orduan—, eta pentsatu zuten haren «gaitasunen mugatze» bat egitea egokia izan zitekeela horretarako. «Propio eskatu genuen soilik alor horretan nahi genuela mugatzea, bizitzako gainerako alor guztietan haren autonomia bere horretan nahi genuela». Horregatik, kolpe bat izan zen epaia: «Gaitasun moldaketa partziala izango zela jartzen zuen, ados, horretan ongi. Baina gero, ebazpenaren bukaeran, gehitu zuten sufragio eskubide aktiboa eta pasiboa, biak ukatzen zizkiotela. Pentsa nola sentitu ginen hori irakurtzean!».

Zentzugabekeria bat iruditu zitzaien.«Pentsa. Botoa emateko eskubidea kentzen diote, baina jarraitzen du gaitasuna izaten ezkontzeko, ebakuntza bat egiteko baimena emateko edo zinpeko epaimahai izateko! Horiei buruz ez dute ezer esaten, baina bereziki sufragio eskubidea kendu egiten diote sententzian...». Txarrean pentsatzen jarrita, epai zaharren batetik egindako «mozketa eta itsasketa» trakets bat iruditu zitzaien guztia. Handik urte batzuetara, erabaki zuten alabak botoa emateko era izan behar zuela, eta auzitara jo zuten berriz. Ez zen erabaki erraza izan: «Izan ere, Justiziak ez du inoiz aitortuko erratu duenik; guk demostratu behar izan dugu alabaren egoera aldatu dela, eta orain badela kapaz». Makurra iruditu zitzaien planteamendua bera. Eta behin bidea hasita, aski gogorra. Minez oroitzen du, esaterako, alaba auzitegi psikologoarenean. «Oso gogorra izan zen. Azterketa bat egin zion: 'Zer dakizu politikaz?'. 'Zer defendatzen dute ezkerreko alderdiek?'. 'Zer eskuinekoek?. Eta bestelako galderak: 'Zer da kreditu txartel bat? Eta zorpetze txartel bat?'». Odola bor-bor ipini zitzaion Hernandezi: «Haserre nengoen. Ez dago eskubiderik. Denok ematen dugu botoa, inork ez digu azterketarik egiten; zailtasun gehien daukanari eskubide bat kendu, eta gero hark irabazi behar du eskubide hori azterketa bat eginez?».

Baina amore ez ematea erabaki zuten, alaba ataka zail horretarako prestatzea. Gutun azal batean gordea du oraindik harekin alderdi politikoei buruzko ezagutzak lantzeko etxean erabili zuten materiala: buruzagi politikoen argazkiak, alderdi politikoen sinboloak, hauteskunde programen ezaugarri nagusien laburpenak... Lehenengotik ez zen heldu baiezkoa, erreklamatu egin behar izan zuten, eta «azterketa» baterako baino gehiagotarako prestatu behar izan zuen. Kontraesan handia ikusten zuten horretan; izan ere, hauteskundeetako programak, oro har, ez daude prest irakurketa errazerako, eta benetako debatearen muina «irisgarritasun» falta horretan dagoela uste dute.

«Azkenean, gakoa izan zen demostratzea Laura gauzak aukeratzeko gai dela; eguneroko bizitzan erabaki asko hartzen dituela». Laguntza izan zuen horretarako: aisialdiko begirale bat, anaia, lantokiko arduraduna... Denek esplikatu zuten auzitegian nor den Laura: zer gauza egiten dituen. Eta aldeko ebazpena jaso zuten, erdizka bada ere. «Itzuli zioten botoa emateko eskubidea, ez hautatua izatekoa. Bueno, horrela utziko dugu». Ez arrangurarik gabe: «Zein erraza den eskubideak kentzea: zein erraza. Eta zein zaila berreskuratzea». Baina damurik ez dute: «Bestela zer? Botoa emateko eguna iritsiko da, denok joango gara, eta bera ez, eskubide hori kendu diotelako? Kapaz ez delako? Baina zer ari dira esaten! Doazen gainerakoek gaitasun handiagoa dute?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.