Giza klonazioaren aurkako itun globala eskatu du NBEk

Txostena plazaratu du nazioarteko erakundeak, eta ikerketarako enbrioiak sortzea onetsi egin du

arantxa iraola
2007ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Legez, posible da. Munduko hainbat lekutan sor daiteke egun gizaki kloniko bat legerik urratu gabe. Horren gainean ohartarazi du NBE Nazio Batuen Erakundeak asteburu honetan jakinarazi duen txostenean, eta, horren harira, gaiaren gaineko itun global bat eskatu du. Ikerketa, NBEko Unibertsitateko Ikerketa Aurreratuen Institutuak egin du.

Itxura guztien arabera, zientzialarientzat, denbora kontua da. Aurki, laborategiren batean, gizakiak klonatzeko ahalmena garatuko dute, eta gizaki kloniko bat ekarriko dute mundura. 1996an Dolly ardia klonatu zutenetik 20 espezie baino gehiago klonatu dituzte, eta etenik gabe ikertzen ari dira. Horregatik, ohartarazi dute NBEko adituek, auzia arautzeko legeria egokiak ezinbestekoak direla.

Orain arte, klonazio bidez gizakiak sortzearen kontra agertu dira munduko herrialderik gehienak, baina soilik 50ek egin dituzte, propio, hori galarazteko legeriak. Gainerakoetan, libre da.



ERAGOZPENAK. 2005ean NBEak antzeko dei bat egin zuen, itun global bat eskatu zuen. Baina ez zuen adostasun osorik lortu. Izan ere, herrialde denak klonazio bidez gizakiak sortzearen kontra badaude ere, ikerketarako giza enbrioi klonikoak sortzea --klonazio terapeutikoa deitua-- desadostasun iturri da.

Herrialde askok, erlijioak eta moralak galarazten dutela eta, uko egiten diote aukera horri. Beste batzuk, berriz, sustatzen ari dira; enbrioiak zelula amaz osatuta daude, eta zelula horiek etorkizuneko medikuntzako giltza direla argudiatzen dute. Alzheimerren gaitza, Parkinsonena, diabetesa eta beste hainbat gaixotasun larri konpontzeko giltzarri ezinbestekoa klonazio mota horretan ikusten dute. Giza enbrioi klonikoetatik erauzitako zelula amak erabiliz, medikuntzak, osatu beharrean, biziberritu egingo duela argudiatzen dute, eta askoz ere eraginkorragoa izango dela.

Eta NBEren sostengua dute. Jakinarazi berri duen txostenean, Nazio Batuen Erakundeko adituek begi onez jo dute klonazio terapeutikoa, baina haragoko urratsik ezin dela egin argi utziz. Hala, enbrioi klonikoak soilik ikerketara bideratuko direla bermatzeko legeria egokiak egin behar direla ohartarazi dute.

Txostenean, auzi horren gainean itun globala lortzea oso zaila izango dela aurreikusi dute ikertzaileek, eta igarle lana egin dute. Pertsona klonikoak izango dituen geroa iragarri dute. Pertsona klonikoak izango dituen gizartea.

Zer-nolakoak izango diren ez dago argi, malformaziorik edo aparteko osasun arazorik izango duten ere ez. Bazterkeria jasateko arrisku apartekoa izango dutela ohartarazi dute, eta, behin sortzen direnean, andre eta gizon horiei legezko babesa emateko legeak sortu beharko direla: «Munduak erantzukizun hori bere gain hartu beharko du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.