Espainiako Auzitegi Nazionalak urtebeteko espetxe zigorra eta zazpi urteko inhabilitazioa ezarri dio Ander Albisu donostiarrari, «terrorismoa goratu» izana egotzita. Duela sei bat urte ETA goratzen zuten bideoak Youtubera igo izana leporatu diote epaileek, zehazki. Egun, 24 urte ditu gazteak, eta epaiketan adierazi zuen bere helburua euskal musikarien kantuak zabaltzea zela, baina, epailearen ustez, bideo horietan «borroka armatuaren publizitatea egiten ari da». Bada epaimahaia bereziki mindu duen zerbait: epaian jaso duenez, 1,2 milioi bisitarik baino gehiagok ikusi zituzten bideo horiek 2011ko ekainera arte; «horrek terrorista eta bere jarduna goratzea eta mirestea esan nahi du», dio zigor epaiak.
Harriduraz hartu du gertatutakoa zigortuak. Azken zortzi hilabeteetan Hong Kongen ari da lanean, eta han bizi da. Epaiaren berri izan bezperan, izaten ari zen ezinegona azaltzeko gutuna igorri zion BERRIAri. Apirilaren 21ean, duela ia sei urte interneten bi bideo jarri izanagatik Auzitegi Nazionalean epaitu zutela kontatzen du.
«Nerabe» zela zabaldutako bi bideo horietan ez zela «ezer berezirik» erakusten dio zigortuak. «Sarean bertan euskal gatazkari buruz edo munduko beste edozein gatazkari buruz aurki daitezkeen milaka bideo bezalakoak dira».
Ertzaintzak, ordea, Auzitegi Nazionalera txostena igorri, eta iazko uztailean Eloy Velasco epailearen aurrean deklaratu behar izan zuela kontatu du. Apirilean epaitu zuten, Madrilen.
«Antzeztutako zirkoa»
Epaiketa «zirkoa» izan zela salatu du gazteak; «berez librea den sarean adierazpen askatasuna mugatzeko eta beldurra sartzeko helburuarekin antzeztutako zirkoa» besterik ez zela izan. Baina urtebeteko espetxe zigorra eta zazpi hilabeteko inhabilitazioa ekarri dio, eta Hong Kongetik Madrilera joan beharra: «Milaka kilometro egin behar izan ditut sasi-epaiketa horretan parte hartzeko, horrek dakarren gastu ekonomiko nabarmenarekin».
Epaiaren zain jarraitzen zuela egunkari honi bidalitako gutunean «salaketa publikoa» egin du gazte Donostiarrak, «ez dagoelako eskubiderik horrelako jazarpen ideologikoa jasateko».
Urtebeteko espetxe zigorra, bi bideo sarean jartzeagatik
Beldurtzeko helburuz egindako «jazarpena» salatu du Ander Albisuk, Hong Kongen bizi den zigortuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu