Helegitea jarriko dio Brouard familiak kasua artxibatzeari

Montero abokatuak azaldu du kontrajarriak direla Morcilloren eta Masaren lekukotasunak, eta frogak eskatu zituela

Hodei Iruretagoiena.
2013ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Santi Brouard HBko buruzagi eta diputatuaren hilketaren auzia behin-behinean artxibatzeko agindu du Ana Isabel Gasca Bilboko Instrukzioko I. Epaitegiko epaileak. Jose Amedo polizia ohiak aurkeztutako salaketa baten harira ireki zuten auzia berriz, eta, artxibatzeko erabakiaren berri izan ostean, helegitea jarriko duela iragarri du Brouard familiak. Izan ere, Txema Montero abokatuak salatu du familiaren eskaerak aintzat hartu gabe erabaki duela epaileak. Orain, Bizkaiko Lurralde Auzitegiak erabaki beharko du auzia behin betiko artxibatu ala ez.

Besteak beste, Monterok azaldu adierazpen kontrajarriak egin zituztela auzian Luis Morcillo enpresariak eta Rafael Masa Guardia Zibileko teniente koronel ohiak. Kasua irekitzeko, ustez Luis Pinillos Morcillo mertzenarioarekin izandako elkarrizketa baten grabazioa aurkeztu zuen Amedok, transkribatuta. Hor, Brouard berak hil zuela eta agindua Masak eman ziola aitortzen du Morcillok, eta Julian Sancristobal Espainiako Estatu Segurtasunerako zuzendari nagusi zena izan zela Masari agindua eman ziona.

Morcillok epaileari aitortu zion berak hil zuela Brouard, tiroz, 1984ko azaroaren 20an, eta Masak eman ziola Sancristobalek prestatutako hilketa egiteko agindua. Masak, ordea, ukatu egin zuen guztia. Lekuko gisa deklaratu zuten biek, eta, beraz, egia esateko betebeharra zeukaten. Familiaren abokatuak dio ezin dela kasua artxibatu hori argitu gabe.

2003an ere ikertu zuen auzia Bizkaiko Lurralde Auzitegiak. Orduko hartan, absolbitu egin zituen Amedo eta Morcillo, frogarik ez zegoela argudiatuta.

Auzitegi Nazionalera

Bestalde, Amedo polizia ohiak aurreratu du Espainiako Auzitegi Nazionalera eramango duela salaketa Bizkaiko Lurralde Auzitegiak Gasca epailearen erabakia berresten badu. «Onartezintzat» jo du Bilboko I. Instrukzio Epaitegiak kasua artxibatu izana, epaileak ez diolako deklaraziorik hartu berak aurkeztutako frogak arrazoitzeko, eta familiaren eskaerei ere «trabak» jarri dizkiotelako. Horrela, «erabakigarriak diren froga berriak ezagutzea saihestu» dela dio Amedok. «Uste dut interes handiko ezagutza eta dokumentuak dauzkadala hilketa argitzen laguntzeko».

Amedok argudiatu du «terrorismo» delitua dela kasuaren atzean dagoena, eta Auzitegi Nazionalak duela horiek ikertzeko eskumena. Polizia ohiak dio Brouarden hilketa baino lau hilabete lehenago Donibane Lohitzunen izan zen atentatu baten ardura bere gain hartzen duela Morcillok grabazioetan. Gero, GALek aldarrikatu zuen atentatu hura. Ondorioz, Amedok arrazoitu du GALeko kidea zela Morcillo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.