Sorturen Kongresua. Elkarrizketa. Hasier Arraiz. Sortu alderdiko lehendakaria

«Abangoardiak kalean behar du egon, eta erakundeei bultza egin»

«Kontraboterea» eragin nahi du Sortuk, sistema ekonomiko eta politikoa aldatzeko. Horretarako borroka tresna ezberdinen arteko «dialektika» eta «bateragarritasuna» behar direla uste du alderdiko presidenteak.

Oihana Elduaien Uranga.
Gasteiz
2013ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Zutik Euskal Herria-ren ondorioa da Sortu, Hasier Arraiz alderdiko presidentearen arabera, baita agiri hartan proposatzen zen «aldaketa estrategikorako tresna» ere. Ezker abertzale osoarekin egin nahi dute hori, Sortun «etxe guztia elkartuz». Xehetasun batzuk falta direla onartu arren, helburua betetzat eman du: «Etsaiak bilatu arren, ez da egon hausturarik. Ezker abertzaleko erakunde desberdinen arteko sintonia politikoa oso handia da».

Legez kanporatzeen aroa amaitu al da?

Nahiko genuke, eta pentsatzen dugu horrela izan beharko lukeela. Baina ez gaude horretaz hain seguru. Batez ere, iruditzen zaigulako Espainiako eskuineko sektore zabal horretan badirela batzuk inboluzio birak egin nahi dituztenak, legez kanporatzeen zikloa bukatu nahi ez dutenak. Eta ez da bakarrik Sorturen egoera. Nabarmendu nahi nuke euskal gazteriaren egoera. Sortzen ari den gazte erakunde berriko kide batzuek jasan behar duten jazarpena. Horrek ere adierazten du batzuek ez dutela legez kanporatzeen zikloa bukatu nahi fase politiko berri honetan egon arren.

Gazteei egin diezu erreferentzia, baina Sorturen zuzendaritzako hainbat lagun auzipetuta eta epaiketaren zain daude. Herriko tabernen auziko epaiketa ere laster egitea espero da. Zu zeu ere epaiketaren zain zaude, Seguran atxilotu zintuztenetik...

Ondorioak hor daude. Begira paradoxak zer diren: legebiltzarrean nago EH Bilduko kide gisa, Sortuko kide naiz, Kontseilu Nazionalean nago, eta beste aldetik, epaiketa politiko baten zain nago. Horrek nahiko ondo adierazten du gauzak nola dauden, eta nola alde batek gatazka behin betiko konpontzeko sekulako aurrerapenak egin baditu ere beste aldeak ez duen ezer ere egin.

Ezker abertzalearen historian aurreneko presidentea izango zara...

Hori ez da egia. HBk eta Batasunak ere beti izan zituzten presidente eta idazkari nagusiak, legez estatutuetan agertu beharra dutelako. Kontua da orain publikoki agertuko direla, lehen ez bezala.

Jokamoldean desberdintasunik ikusiko al da? Presidente figura publikoa izango da, idazkari nagusia hutsik geratuko da, baina...

Arnaldo Otegi idazkari nagusi izateko herrietatik etorri den proposamena garrantzitsua eta polita iruditu zaigu, eta uste dugu halako pausoa emateak merezi zuela. Baina halako karguak egoteari ez diogu garrantzirik ematen. Gure helburuetako bat da Sortu ez izatea alderdi politiko konbentzional bat. Mugimendu politiko integral bat sortu nahi dugu, eta beste modu batezfuntzionatu.

Nola?

Beste alderdiekiko ezberdintasunak azaltzerakoan, barne demokrazia azpimarratu nahi nuke. Planteatzen dugu erabaki nagusiak ez hartzea Kontseilu Nazionalak, baizik eta Nazio Batzarrak; 22 kidek hartu beharrean 450 kidek hartzea, eta 450 horiek herrietatik datozenak izatea. Sorturen bizkarrezurra osatuko duten pertsona horiei zuzendaritza lana emango diegu. Ahalik eta erabaki gehienak herri batzarretako kideekin batera hartu behar dira. Eta horretarako, hainbat metodologia ezartzen saiatu behar da. Beste desberdintasun bat da gainontzeko alderdiek instituzioetan egiten den lanari bakarrik ematen diotela garrantzia. Sortuk garrantzia emango dio horri, noski, eta horretarako, EH Bildun Sortuko kideak egongo dira, baina oso garrantzitsua da instituzioen eta herri mugimenduaren arteko dialektika suspertzea. Dialektika horretatik sortu behar da benetako kontraboterea, estatuen eta sistema kapitalistak Euskal Herriaren kontra eragiten duen zapalkuntzarekiko kontraboterea. Hori da gure asmoa.

Nork izan behar du motorra, kaleko borrokak edo instituzioetakoak?

Fase politiko berri honetan iraultza demokratiko nazional bat egin nahi dugu. Zergatik? Eredu politiko eta soziala errotik aldatu behar delako —krisi garai honek oso argi adierazten du zergatik—. Ezin da planteatu iraultza horren abangoardia instituzioetan egotea. Instituzio hauek demokrazia burgesetik sortu dira, eta kontrakoa egiteko sortu dira. Pentsatzen dugu erabili egin behar ditugula, horiek ere eraldatuz. Argi dago iraultza horren abangoardiak, nonbait egotekotan, kalean egon behar duela. Kalean eta herri mugimenduan. Horregatik nahi dugu herri mugimenduan aliatu estrategiko bat, elkarrenganako errespetuz.

Desobedientzia zibilaren aldeko apustua ere egiten duzue. Parte hartzen duzuen instituzioen bidez egingo duzue desobedientzia? Instituzio horiei beraiei egingo diezue? Nola?

Hori asko eztabaidatu da, eta ez dugu guztiz biribildu. Baina gauza batzuk oso argi ditugu:ezin da planteatu desobedientzia instituzioetan bakarrik. Horretan ere, abangoardia ezin dugu instituzioetan kokatu. Abangoardiak kalean egon behar du, eta kaletik bultzatu behar dira erakundeak. Gure helburua da hemengo instituzioak beste parametro batzuetara eramatea, eta burujabetza ikuspegi batetik desobedientzia egitea Madrilgo eta Parisko instituzioei. Horretarako, kaletik eragin behar da. Halako dinamikak suspertzen badira, guk ziurtatzen dugu dinamika horiek instituzioetara eramango ditugula. Borroka tresna ezberdinen arteko bateragarritasuna lortzea da xedea. Nola egin Madrilen eta Bruselaren inposizio eta murrizketei aurre egiteko, benetako politika burujabe bat egin dezagun.

Sortu dagoeneko instituzioetan balego bezala hitz egiten duzu. Hori hitz eginda dago koalizioarekin?

Bai. Guk akordio estrategiko batzuk sinatu ditugu. EArekin sinatu genuen aurrenekoa: Lortu Arte. Aliantza politika honi oinarria jarri zion. Hala ere, garrantzitsuena azkena da: AB, Aralar, Alternatiba, EAk eta guk sinatutakoa. Nazio estrategia baterako oinarria jartzen du; sendotu eta landu behar den oinarria. Ondorioz, hauteskundeetarako koalizioak egin dira. Guk akordio eta aliantza horiekiko leialtasun guztia daukagu eta izango dugu, eta ondorioz, koalizio horiekiko. EH Bai Ipar Euskal Herrian eta EH Bildu hegoaldean. Gure asmoa da denboraren poderioz koalizio bakarra egotea Euskal Herri osoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.