'Bateragune auzia'

«Burua hotz, baina bihotza bero»

Bateraguneko auzipetuen senideentzat «gogorra» izan da albistea. Espainiako justizian konfiantzarik ez zuten arren, adierazi dute esperantza bazutela eta azken erabakia iritsi arte izango dutela, baina mesfidati daude.

2013ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Berriro ere etxean izango zituzten itxaropenaren zirrikitua zabalik zegoen bost auzipetuen senideentzat atzo arte. Baina «inpotentzia» eta «amorrua» hitzak dituzte ezpainetan orain.Esperantzaren leihoa itxi die berriro ere auzitegi batek Arkaitz Rodriguezen arreba Argiderri, Sonia Jacintoren ahizpa Nekaneri, Rafa Diezen seme Naikeri, Miren Zabaletaren aita Patxiri eta Arnaldo Otegiren emazte Juli Arregiri. «Berriro ere kolpe gogorra jaso dugu», adierazi du Naike Diezek. «Hunkituta» dago Patxi Zabaleta, eta ez du adierazpenik egin nahi. Erabakia «latza» izan da Argider Rodriguezentzat, Juli Arregirentzat eta Nekane Jacintorentzat ere. Albistea «oso gaizki» jaso duela azaldu du azken horrek: «Egia da alde batetik espero genuela, azken finean konfiantza gutxi dugulako Espainiako justizian. Baina beti geratzen da itxaropena, hau guztia betiko amaitzeko gogo handia dugulako».

Ia urtebete egon ziren auzipetuak Konstituzionalak helegitea onartu zain, eta onartu duenean atzoko erabakia kaleratzea «arraroa» da, Arregiren ustez. «Poztu egiten zara helegitea onartu dutela jakitean, eta ondoren ebazpen hau jasotzen dugu». Auzitegi Konstituzionalak helegitea onartzeak esperantza pittin bat sortu zien senide guztiei. «Aurrerapausoa» izan zitekeela pentsatu zuten, baina egunak pasatu ahala ideia hori hutsal bihurtu zen. «Aurrerapausoa bostek eman dute, nire ahizpak eta gainerako laurek, baina geldialdi bat egon da hor», esan du Nekane Jacintok.

Argider Rodriguezek ere bazuen anaia etxean ikusteko esperantza. «Pertsonak garen heinean zertxobait baduzu hor esaten dizuna justizia egingo balitz kalean egon beharko luketela». Gobernuaren pean hartzen ditu erabakiak Konstituzionalak haren ustez, eta gobernuak azken aldian izan duen jarrera medio, atzoko erabakiak ez du harritu. Gobernuari «ondo datorkionean» askatuko dituztela uste du. Gogora ekarri ditu preso gaixo larrien eta zigorra betea dutenen kasuak. «Orokortu egiten duzu halakoetan, eta beste kasu bat gehiago dela pentsatzen duzu».

Diezek ere «burua hotz, baina bihotza bero» izan du. Beste batzuetan baino esperantza gehiago zuen oraingoan. Auzitegiak erabakia hartu bitartean aske utziko zituztela pentsatzen zuen, baina «hori ere» ukatu dietela kritikatu du: «Ankerkeria hutsa da, eta kokoteraino gaude». Bake prozesura bost auzipetuek hasitako ibilbideagatik iritsi dela euskal gizartea esan du. «Eta arrazoi horregatik espetxeratuak izateak, aitzakiarik eta justiziarik gabe, amorrua ematen du», esan du.

Bost auzipetuek ia lau urte daramatzate espetxean, eta denbora horretan logika aplikatzea ezinezkoa izan dela esan du Agirrek, eta horrek «ezinegona» sortzen die. «Logikaz pentsatzea oso zaila da. Gauza bat pentsatzen duzu logikarekin eta gero beste bat egiten dute. Epaiketan ere gauza bera gertatu zen; epaiketa ikusi ondoren ez zen logikoa zigortzea eta hori egin zuten. Eta orain gauza berdina gertatu da».

Itxaropena makaltzen ari da

Senide gehienak ezkor daude Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren azken erabakiaren aurrean. Batzuek badute itxaropena, baina jarrera positiboena dutenek ere epaia aurkakoa izan daitekeela oso presente dute. «Nik itxaropena izan nahi dut. Pentsatu nahi dut honek bide bat jarraituko duela, ezin dela dena geldirik eduki. Baina, bestetik, uste dut mendeku sentimendu handia egon daitekeela atzean, ez naiz batere fidatzen momentu honetan», adierazi du Jacintok. Familien sufrimendua handia dela esan du, eta gogora ekarri du ia lau urte hauetan pasatakoa. «Nire ahizpa ama da, eta hori guztia kontuan hartu behar da», esan du. Baina azken erabakiarekin zalantzak izan arren, «harrotasuna» ere sentitzen du Jacintok, bien arteko oreka moduko bat du barruan; mesfidantzaren eta harrotasunaren artekoa zerbait.

Orain itxarotea besterik ezin dutela egin uste du Diezek. Bien bitartean, azken lau urteetan egin duten bezala, senideak ahal bezain beste ikusten saiatuko dira. «Aita bisitatzen eta hari irribarrea ateratzen saiatzen jarraituko dugu astebururo», esan du gazteak. Baina oraindik esperantza badu berak ere. «Espero dugu hau guztia aldatzea». Nabarmendu du geroz eta jende gehiago «ohartzen» ari dela «mendeku politiko bat» dagoela kasuaren atzean eta Euskal Herriaren etorkizuna «etetea» dela Espainiak esku artean duen helburu nagusia. Baina esperantza ez dela inoiz galtzen eta «aurrera» jarraituko dutela tinko esan du.

Arregi eta Rodriguez ere ezkor daude azken erabakiaren aurrean. Arnaldo Otegik, Arkaitz Rodriguezek, Sonia Jacintok, Miren Zabaletak eta Rafa Diezek zigor osoa beteko dutela pentsatzen dute. «Jabetuta gaude espetxean egongo direla zigor osoa bete bitartean, edo, gutxienez, Espainiako Gobernuak nahi izan arte», adierazi du Argider Rodriguezek. Baina, orain arte izan duten bezala, esperantzaren giltza gertu izango dute Auzitegi Konstituzionalaren epaia jaso bitartean; «nik uste dut kondena osoa beteko dutela, itxura osoa dauka; baina auskalo», esan du Arregik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.