Krisia Nafarroako Gobernuan. Kontuz-en manifestazioa

Ontziak gainezka egin du

Nafarrek beren haserrea karrikan agertu dute, eta UPNri gobernua uzteko eskatu diote; «Guztiz nazkaturik» daudela erran dute manifestazioan parte hartu duten herritar anitzek.

Milaka herritar atera zen atzo karrikara Iruñean; haserrea agertu zioten UPNren gobernuari. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2014ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Amorrua. Nekea. Lotsa. Haserrea. Ezintasuna. Halako hitzak erran zituzten atzo behin eta berriz Kontuz-ek Iruñean egindako manifestazioan parte hartu zuten herritar anitzek. Karrikara ateratzeko arrazoi bera azaldu zuten egunkari honekin hitz egin zuten nafar guztiek: «Aldaketarako garaia da; nazkatuta gaude; UPNk ezin du gobernuan jarraitu». Ontziak gainezka egin du, eta herritarrek ez dute orain arteko bide beretik aurrera jarraitu nahi. Aldaketari atea zabaldu nahi diote.

Erakunde publikoen arlotik at, Nafarroako Jauregitik eta parlamentuaren egoitzatik urrun, egunerokoan jasaten dituzte herritarrek Nafarroako Gobernuaren politikaren ondorioak. Zerbitzuen esparruan sumatu dituzte, batez ere, gobernuak azken urteotan egindako murrizketak, eta, bereziki, hezkuntzaren eta osasunaren alorretan.

Horrek eragin du, neurri handi batean, herritarrek egun duten haserrea. «Ez da bakarrik ustelkeria; nik uste dut denok argi genuela aspalditik ustelkeria bazela; kontua da kudeaketa ezin txarragoa egin duela Yolanda Barcinaren gobernuak; zerbitzuetan izan dugun galera ikaragarria izan da», azaldu zuen Osane Andueza Etxaurikoak.

Iruñeko herritarrekin batera, Nafarroako bertze hamaika herritako jendeak egin zuen bat atzoko manifestazioan. Adin guztietako pertsonak atera ziren karrikara: zaharrak eta gazteak, bai eta familia osoak ere. Protesta martxan jarri baino lehen, gobernuaren krisia zuten haietako anitzek mintzagai, eta bera izan zen denek mahai gainean jarri zuten ondorioa: Barcinak ezin duela agintean jarraitu.

«Lotsagarria da gertatzen ari dena. Barcinak ez du lotsarik. Gobernua egiten ari dena ikaragarria da». Haserrea eta amorrua agerikoak ziren Maribi Anduezaren hitzetan. Lakuntzatik etorri zen Iruñera manifestazioan parte hartzera. Harekin ziren Tere eta Arantxa Lakuntza, bai eta Joxe Andueza ere. Iritzi bera agertu zuten denek. «CAN auzia, ustelkeria.. Dena desegin dute; utzikeria izan da nagusi, eta atzera egin du Nafarroak UPNren gobernuarekin», erran zuen Tere Lakuntzak.

«Botereari eutsi»

Atzoko manifestazioan jendetza izan zen, eta karrikara atera zen herritar kopuruak ere erakutsi zuen gizartean dagoen haserrea ez dela nolanahikoa. Golem zinematokietatik abiatu zen protesta, 17:45ean. Hogei minutu geroago, ia urratsik egin gabe jarraitzen zuten Irene Hualdek, Oihane Garrek eta Sara San Julianek. Hiru emakume gazte horiek argi zuten atzo Iruñeko karriketan egon behar zutela. «Gauzak aldatzeko garaia da; ezin dugu horrela jarraitu», erran zuen Hualdek.

Yolanda Barcinaren kudeaketa gogor kritikatu zuten hiru gazteek. «Ustelkeria dago, baina ematen du inork ez duela dagoen tokitik mugitu nahi. Botereari eutsi nahi diote, nola edo hala», erantsi zuen.

UPNk botereari eusteko erakutsi duen grina horrek «amorratzen» du, batez ere, Victoria Bronte iruindarra. Ez du zalantzarik: «Alde egin dezala gobernu osoak, behingoz. Barcinaren agintaldia hagitz txarra izan da, ezin okerragoa, eta herritarrok ezin dugu kudeaketa txar horren ondorioak pairatzen jarraitu. Aski da», erran zuen.

Bronterekin batera parte hartu zuen Maite Aramendiak manifestazioan. Lagunaren iritziarekin bat egin zuen, zalantzarik gabe. «Nafarroa pikutara bidali dute; ezin dut ulertu nola ailegatu garen egoera honetara», nabarmendu zuen Aramendiak.

Egoera horretan, hain zuzen ere, Barcina karguari eusten ahalegintzea gogor kritikatu zuen emakumeak. Jaime Arrizibitak argi du Nafarroako presidente Yolanda Barcinaren asmo bakarra zein den: «Aurrean eramango ditu denak; ez du bere kabuz amore emanen». Bertze herritar anitzek errandako hitzak errepikatu zituen Antsoaingo bizilagunak ere: «Ez dute lotsarik; aspalditik gaude haserre herritarrok, eta beharrezkoa da, behingoz, gauzak aldatzea».

Hauteskundeak

Nahi duten aldaketa egiteko, hauteskundeak eskatu zituzten herritarrek atzo, Kontuz-ek antolatu manifestazioan. Bozetara deitzeko beharra nabarmendu zuten. Mezu hori zabaldu zuten hamaika kartelen bidez atzoko protestan; bai eta ahoz ere. BERRIArekin mintzatu ziren nafarrek premiazkotzat jo zuten hauteskundeak lehenbailehen egitea.

Yolanda Barcinak karguan jarraitzen badu, hala ere, PSNk zentsura mozio baten bidez bozetara deitzeko aukera zabalduko duen ez dute batere argi. Atzo Iruñeko karrikak bete zituzten herritarren artean, mesfidantza zen nagusi. Arantxa Lakuntzak, adibidez, ez zuen inolako zalantzarik: «PSNk atzera eginen duela uste dut; ez dut esperantzarik». «Zerbait egin behar dugu; argi dago manifestazio bat ez dela nahikoa gauzak aldatzeko, baina egin beharreko urratsa da», erantsi zuen Maribi Anduezak, protestaren bidez politikarien erabakietan eragiteko esperantzarekin.

Jaime Arrizibitak esperantzari «eutsi» nahi diola erran zuen atzo. Baina bera ere PSNrekin ez da batere fidatzen. «Herritarrok, ordea, aldaketa nahi dugula argi utzi dugu, eta kontuan hartu beharko lukete».

Atzoko manifestazioan parte hartu zuten nafarrek, behintzat, argi utzi zuten aldaketarako gogo hori. UPN kanpora izan zen gehien oihukatu zituzten leloetako bat. Umorea eta musika baliatu zuten protestaren hainbat unetan mezu hori zabaltzeko. Baina umorea baliatuz, edo haserrea azalduz, eskaera beti zen bera: Yolanda Barcina presidenteak eta gobernuko gainerako kideek dimisioa eman dezatela. Eta egin ditzatela hauteskundeak. Horixe izan zen atzoko protestaren mezu nagusia.

«Hauteskundeak behar ditugu; egin beharreko gutxieneko urratsa da hori», berretsi zuen Irene Hualdek atzoko manifestazioan. Eta ozen eskatu zuen Golem zinematokietatik abiatu eta Gazteluko plazan amaitu zen protestan. Haserrea agertu, eta egungo egoerari buelta emateko beharra plazaratu zuten nafarrek. Ontziak gainezka egin duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.