35/02 auzia. Epaiketaren amaiera

Bost hilabete 'Audiencian'

Epaituek ez dituzte erraz ahaztuko Madrilgo San Fernando de Henaresko auzi gelan bizitakoak: kaosa, zentzugabekeriak, liskarrak eta akusazio gogorrak, besteak beste. Auzia nola «erortzen» zen ikusi zuten.

Auzipetuak, herriko tabernetako ordezkariak eta haiei babesa ematera joandakoak, auzitegiaren atarian, epaiketaren lehen egunean. MARTA JARA / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2014ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Oinarri ahulekin hasi zen, duela bost hilabete, 35/02 auziari dagokion epaiketa. Ibilaldi luze eta gorabeheratsuaren ondoren, zigor eskaerak nabarmen txikituta eta Batasuneko kide izan direlako akusazioarekin amaitu da ahozko saioa.

1. Kaosa lehen egunean

36 akusatuekin eta guztira 372 urteko kartzela eskaerekin hasi zen epaiketa iazko urriaren 17an, Espainiako Auzitegi Nazionalak San Fernando de Henaresen duen egoitzan. Akusatuez gain, 110 herriko taberna eta kultur elkartetako ordezkariekin hasi zen saioa, behartuta baitzeuden han egotera: auzipetuen lau abokatu eta herriko tabernen hogei. Handia zen epaiketa berezirako gordetako azpiegitura; baina txikiegia, halere. Kaosean murgilduta joan zen epaiketa nola garatu prestatzeko bihurtu zen eguna.

Defentsarako abokatuek epaiketa aurretiko hainbat eskaera egin, eta epaimahaiak bi erabaki hartuta amaitu zen lehen eguna: ebatzi zuen 110 herriko taberna eta elkartetako ordezkariek ez zutela saio guztietan egon beharrik, eta prostituzioan aritzen diren langileen laguntzarako Askabide elkartea epaiketatik ateratzea onartu zuen.

Josu Iraeta eta Jose Antonio Ejido auzitik kanpo uzteko ere eskatu zuten defentsek, haiei leporatzen zitzaizkienak preskribatuta zeudelako. Halaber, abokatuek galdegin zuten sei epaituk saio guztietara joateko beharrik ez izatea, haien egoera pertsonalengatik edota osasun arazoengatik. Eskaera horiek guztiak onartu zituen epaimahaiak, aurrerago.

2. Akusatuak, lekukoak

Urriaren 18an hasi zen epaiketa bera, akusatuen deklarazioekin. Lekukoen azalpenekin jarraitu zuen hurrengo asteetan. Akusatuek ukatu egin zuten ETArekin harremana dutela, eta HB, EH zein Batasuneko mahai nazionalek ere ez zutela erakunde armatuarekin loturarik ziurtatu zuten. Alderdi politikoek beren irizpide propioen arabera jarduten zutela azaldu zuten. Herriko tabernek ETA finantzatzen zutela ere ukatu zuten bai akusatuek, bai lekukoek.

3. 'Herrikoen' plantoa

Tabernetako ordezkariak ez dira auzipetuta egon; ez dira lekuko izan. Irudi zehaztugabe batean harrapatuta jardun dute auzian. Fiskala, halere, auzipetu gisa tratatzen saiatu zen epaiketara deklaratzera joan ziren egunean. Guztiak galdekatzen. Abokatuek protesta gogorrak egin arren, epaimahaiak galdeketa baimendu zuen, baina herrikoetako ordezkariek planto egin zuten orduan. Akusatuen ondotik altxatu, eta epaiketa gelatik alde egin zuten. Fiskalaren galderei erantzuteko beharrik ez zutela aitortu zuen orduan epaimahaiak.

4. Polizia-perituak

Guardia zibilak, Espainiako poliziak eta ertzainak ziren akusazioen baliabide nagusia. Epaimahaiak peritu gisa onartu zituen, gainera; gai jakin batean aditu diren pertsona inpartzial gisa. Akusazioek ez zuten esperotako emaitza jaso, ordea. Ez zutela gaiaren inguruko ikerketarik egin aitortu zuten perituek; polizien artxibo batzuk ikusi besterik ez zutela egin, eta datuak ez zituztela egiaztatu ere egin. Akusatu jakin batzuei buruz galdetuta, errugabetasuna baieztatu ere egin zuen Espainiako polizia batek.

Jaurlaritzan Ertzaintzaren zuzendari izandako Jon Uriartek esan zuen akusatu guztiak errugabe direla; azaldu zuen ez zutela ETArekin zerikusirik, eta 2004tik aurrera bide demokratikoen aldeko apustu argia sustatu zutela.

5. Zigor eskaerek, behera

Zigor eskaerak berresteko unea iristean, aldaketa bitxi bat egin zuen fiskalak. Heldulekurik gabe zegoela jakitun, akusazioa aldatu zuen: ETAko kide izatea egotzi ordez, Herri Batasuneko kide izatea leporatu zien epaituei. Hala ere, ez zituen bertan behera utzi akusazio guztiak. Bederatziren aurkakoak ezabatu zituen; bostentzat lau urte eta erdiko zigorrak eskatu zituen, eta gainontzekoentzat, bi urtetik gorakoak .

6. «Erori egin da»

Horrela deskribatu zuen Karmelo Landa auzipetuak abokatuen azken ondorioek utzi zutena. Auzia goitik behera erori zela zioen. Iñigo Iruin abokatuak ohartarazi zuen ezin zela inor zigortu HBko kide izatea egotzita. Zigorra ezarri ahal izateko, auzitegiek terroristatzat jotako beste erakunderen bateko kide izatea ere egotzi behar litzaiekeela, gutxienez, baina ez dela halakorik egin. Guztien absoluzioa beste aukerarik ez zuen eman, beraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.