Mertxe Aizpurua. Udalbiltzako lehendakaria

«Geuk funtzionatu behar dugu herri gisa aurka daudenen aurrean»

Argi du Udalbiltzako lehendakariak zein den Euskal Herriko nazio insituzioaren bidea: nazio eraikuntza. Gabeziak gabezia eta trabak traba, «pixkanaka» pausoak emango direla dio.

Hodei Iruretagoiena.
Usurbil
2013ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Sorrerako printzipioak berretsita, joan den larunbatean abiarazi zuten Udalbiltza, 1.257 hautetsiren babesarekin. Usurbilgo alkate izanik, lanik ez zitzaion falta atzo, udaletxeko bulegoan, nazio instituzioko lehendakari izendatu berri Mertxe Aizpuruari (1960, Donostia).

Sorreratik hamahiru urtera, Loren Arkotxa lehendakari ohiaren eskutik jaso zenuen aginte makila. Zein esanahi izan zuen zuretzat une hark?

Kate luze honetan sufrimendu asko egon da, eta Lorenek berak ere pairatu izan du hori. Berak esan zuen ez zela dendetan eros zitekeen makila bat, eskuz egindakoa zela, eta lan asko, sufrimendu asko eta poz handia zegoela makila horretan; ez zela edozein makila. Eman baino lehenago, eserita ginela, eskatu zidan ondo zaintzeko, garrantzitsua zela. Sinbolikoki ere oso hunkigarria izan zen.

Aspalditik zeraman makila hori?

Badirudi baietz. Badauka halako plaka bat «aske» jartzen duena, zilarrezkoa ziur aski. Makila bera xumea da, ez da elegante horietakoa. Eskuz egindakoa da; esan zidanez, elorri zuriarekin egina.

Jesus Mari Agirrezabala ere han zen lekukoa pasatzeko unean. Sorrerako bi espresioak ere irudikatu ziren?

Bai. Udalbidek eta Udalbiltzak bi bide hartu zituzten, batera hasi baziren ere. Oso sinbolikoa izan zen, eta ondo zetorren argazki hori. Aurrerantzean, bide hori jorratu behar dugu, eta nik espero dut ahalik eta lasterren bateratzea berriz bi bide horiek. Azken finean, helburu bera dugu, eta duela hamahiru urte Euskaldunan bizi izan zen izpiritua bertan dago. Beraz, jasotzea besterik ez dago, ereina dago jada.

Behin lekukoa hartuta, zein dira eman beharreko lehen pausoak?

Lana badugu jarria. Azken urtebetean talde sustatzaileak lan handia egin du; plangintza bat egina dago jada. Larunbateko ekitalditik ere atera genituen hainbat plangintza eta lehentasun. Horiek, gainera, talde sustatzailekoek finkatu badituzte ere, parte hartze prozesu baten bidez jarri dira. Udalbiltzan izena eman dugun hautetsi guztioi eskatu ziguten lehentasunak geuk jartzeko.

Heldu behar diogun lehen lana da lurralde garapena eta kohesio sozioekonomikoa sustatzea. Hori da gehiengoak erabaki duena, eta horri helduko diogu lehenbizi. Dena dela, gure asmoa da pauso eraginkor eta praktikoak ematea. Pixkanaka-pixkanaka, baina beti nazio eraikuntzaren bidean.

Lehentasun horretan aurreikusten da Kohesio Funtsa sortzea, lehen, esaterako, Zuberoa Garatzen egitasmoa lagundu zuena. Zertan lagun dezake orain?

Hor diagnostiko bat egin behar da. Euskal Herri osoa berriz hartu, azterketa bat egin eta ikusi zein diren lehentasunak. Hori guztion artean egin behar dugun zerbait da, beharrak zein diren jakiteko. Azken finean, Euskal Herriak duen handicap edo oztoporik handiena da zatituta egotea, eta zatiketa horrek desegituraketa dakar. Horri egin nahi diogu aurre, nazio eta herri gisa pentsatuz, egitasmoak herri gisa pentsatuta eginez.

Dena den, Espainiak eta Frantziak ez dute onartzen Euskal Herriak nazio gisa duen erabakitzeko eskubidea. Zer egin liteke muga horren aurka?

Mugak beti egongo dira, jardun guztietan daude, baina eginaren poderioz botatzen dira. Nahiz eta pauso txikiak eman, eragin handia izaten dute batzuetan. Hori pentsatu behar dugu: mugak daudela badakigu, eta ez dira egun batetik bestera botako, ezta gauza handiekin bakarrik ere. Gauza txikien bidez, pixkanaka-pixkanaka, pentsaera aldatuz ere muga asko bota daitezke. Herri bat gara, eta horren aurka daudenen aurrean, geuk funtzionatu behar dugu herri bat bezala. Gutxitan egin den jarduera da hori. Hori da planteamendua. Horrek ekarriko du mugak ezabatuz joatea.

Beste instituzio batzuk ere badaude Euskal Herrian. Esana duzue horiekin ere harremana izan nahi duzuela. Nolakoa?

Hor dago Eudel, eta beste batzuk ere badaude. Batak ez du bestea ordezkatzen, Udalbiltzaren jatorria eta esparrua erabat ezberdinak direlako. Eudelek udalei aholkularitza tekniko bat ematen die hainbat arlotan, baina Udalbiltzaren helburua ez da hori, udaletatik abiatuta nazio eraikuntzan aurrerapausoak ematea baizik. Noski, asmoa dugu harremanak guztiekin izateko. Udalbiltza prest dago pauso horiek emateko, eta interesa du, gainera.

Oraingoz hautetsiak soilik biltzen dituen arren, udalak biltzeko bokazioa ere badu Udalbiltzak?

Definizioan hala esan dugu: udalen eta udal hautetsien bilgune da Udalbiltza. Hori ere garatuz joango garen zerbait izango da. Oraingoz, ahalik eta hautetsi gehien biltzea da gure asmoa.

Lurraldetasunari begiratzen badiogu, sendo agertzen den egitasmoa da. Poz handia ematen dit, adibidez, Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan lortu duen atxikimenduak. Bide hori da jorratu behar duguna, eta beste fase batean etorriko da udalen atxikimendua.

Instituzioetatik harago, izan duzue harreman zuzenik EAJrekin? Edo ba al duzue asmorik izateko?

Gure bokazioa hori da: Euskal Herria nazio bat dela pentsatzen duten hautetsi guztiek daukate lekua. Behin eta berriz esan dugu, eta ahaleginak egingo ditugu, gure ustez Udalbiltzan egon behar luketen guztiak bertan egoteko. Baten bat badago, gainera; Hamaikabateko kideak, Aralarrekoak eta Sortukoak dauden bezala. Baina pertsonalki egindako hautu bat izan da. Nik ez dut siglarik jarri nire izenaren ondoan. Larunbatean Viktoria Eugenian ginen guztiak Udalbiltzakoak ginen. Ziur nago inork ez zuela pentsatzen ondoan zeukana zein alderditakoa zen. Beste izpiritu bat da daukaguna, eta hori jorratu behar dugu. Gainera, nik uste, hori dela aspaldian herri honek eskatzen duena: aurrerapausoak emateko hainbat alorretan, eta nazio eraikuntzarena begi bistakoa da. Izpiritu horrek eraman behar gaitu aurrera, eta poz handia hartuko dugu EAJko hautetsiek Udalbiltzarekin bat egiten dutenean. Lehenago edo beranduago, baina uste osoa dut hala izango dela.

Sorrera gisa, garai politiko berezian etorri da berrantolatzea ere. Zein aukera ditu Udalbiltzak egungo egoera politikoan?

Hamahiru urteko bide bat jorratu da, eta horrek esperientzia eta harreman batzuk ekarri ditu. Asko aurreratu dugu horretan. Bide bat egina dago, eta hori beti ona da. Egia da Euskaldunako sorrera ekitaldia egin zenean Lizarra-Garaziko garaiak zirela. Orain, beste garai batean gaude, baina baditugu lehen hain argi ez genituen elementu batzuk ere. Adibidez, orain subiranotasunaren edo erabakitze eskubidearen alde dago gehiengo izugarri bat. Agian, lehen, hori ez zegoen hain sustraitua jendearengan.

Gero, lagungarri den nazioarteko testuinguru bat dago. Katalunia hor bertan daukagu, Flandria, Eskozia... Horrek Europan ere gauzak beste modu batera ulertzeko bidea ematen du. Testuingurua oso aproposa dela uste dut.

Ezberdintasunak ezberdintasun,halako prozesurik bultza dezake Udalbiltzak?

Baietz pentsatzen dut. Begirada, behintzat, halako mugimenduak dauden tokietara bota behar du Udalbiltza bezalako erakunde batek. Gero ikusi beharko da noraino joaten garen. Dena dela, nazio eraikuntzaren bidean, lehentasunen artean hori ere badago: munduari erakustea Euskal Herria existitzen dela, bizi dela eta errealitate bat dela.

Nazio eraikuntzaren bidean, herritarrekin eta hainbat arlotako eragileekin ere bultzatu nahi duzue elkarlana. Nola?

Talde sustatzaileak izan ditu jada harreman batzuk halako eragileekin, eta horretan ere saiatuko gara, noski. Nazio eraikuntzan eragile asko dabiltza, eta lan handia egiten ari da hainbat aldetatik. Bakoitza bere arlotik, indar horiek denak batu egin behar ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.