Itxaso Atutxa. Bizkai Buru Batzarreko presidentea

«Onartezina da euskaran murriztea, baina larrialdi unea da»

Baikortasunez mintzo den arren, etsipen apur bat nabari zaio bere nahiak lortzeko aukerei buruz ari denean: krisia eta PPren zein PSOEren jarrerak dira arrazoi nagusi.

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2013ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Kargu berriak ilusioz bete du Itxaso Atutxa (Bilbo, 1967), eta nabari zaio. Pozarren erakusten ditu Sabin Etxeko bulego berri handiak eta leiho zabalek eskaintzen dioten ikuspegia. Baina ilusiorik gehien, herritarrei zuzenean eragiten dieten erabakiak hartu ahal izateak pizten diola aitortu du. Erronka pertsonal nagusietakoen artean du alderdia herritarrengana hurbiltzea. Ez da mahaiaren beste aldean eseri, alboan baizik.

Bizkai Buru Batzarreko presidente hautatu zaituzte, era guztietako aldaketak bete-betean gertatzen ari diren honetan. Zeintzuk dira BBBren erronka nagusiak?

Herrialde batzarrak iaz onartu zuen BBBrako lan plangintza. Beraz, guk, funtsean, hori jarraituko dugu, finkatu ziren ildoekin bat egiten dugulako eta egun erronka nagusia egoera ekonomikoarekin lotutakoa delako. Herrialde guztietako zuzendaritzak bat gatoz horretan, baina Bizkaikoaren ardura handiagoa da.

Eta, zein duzu erronka nagusia?

Erronka nagusia ez, baina erronketako bat da partaidetza modu berriak ahalbidetzea, jende asko dagoelako alderdi politikoen estrukturetan sinesten ez duena baina parte hartu nahi duena, bere lana gizarte honen alde ipini nahi duena. Beraz, uste dut alderdi politikoek ahalbidetu behar ditugula beste partaidetza mota batzuk. Garaiak aldatu egin dira. Ni bazkidetu nintzenean beste mugimendu bat zegoen gizartean, eta hori alderdi politikoen eta sindikatuen inguruan biltzen zen. Gaur jendeak beste gauza batzuk eskatzen ditu eta horri erantzuna eman behar diogu, parte hartzeko beste modu batzuk eman. Hala ere, egia da praktikan ez dela batere erraza hori gauzatzea.

EAJ barruan horren kargu garrantzitsura iritsi den lehen emakumea zara. Zerbaitetan nabarituko da emakume izate hori?

Lehenik eta behin, egia da notizia dela, eta, beraz, ez dadin notizia izan ahalegindu behar dugu. Horretan badugu lan bat egiteko. Hori alde batera utzita, lanean aritzeko moduak, ordutegiak zein izaerak aldatzen hasi dira gizartean, emakumeak leku askotan sartzen ari direlako. Gukalderdian parekidetasuna daukagu eta saiatu behar dugu jarduteko modu ez matxista gauzatu dadin.

Hala ere, alderdiko buruzagien argazkietan gorbatak dira nagusi.

Bai. Eta ekitaldi batzuetara goazenean, guri, alderdiko emakumeei, izugarrizko mina ematen digu gorbata edo jaka horiek ikusteak. Entzun beharko zenuke zein kritikoak garen horrekin alderdi barruan. Parekidetasuna badago, baina gero, goi mailako lehenengo postuetan zeintzuk daude? Aldaketak oso astiro doaz gizartean. Ezin gara lokartu eta bultzatzen jarraitu behar dugu, emakumeen integrazioa normaldu dadin, zeren, bestela, gizarte osoak galduko du. Emakundek egin duen kanpainak dioen bezala, 'berdin gehiago da'.

Aurrekontuak dira EAJk egun mahai gainean duen gai nagusietako bat. Onartuko diren ustea azaldu du alderdiak, baina PSEk, PPk eta EH Bilduk esan dute gaur-gaurkoz ez daudela aurrekontuak babesteko prest. Osoko zuzenketak aurkezteko aukera adierazi dute. Nola onartuko dira?

Bidea zaila da. Hori ez dugu ukatzen. Zaila da, guk dugun parlamentario kopurua txikia delako eta beraz akordio zabalak behar direlako. Egia da lehenengo fase batean gaudela eta denek behar dutela bere eszenifikazioa. Aurrera egiteko lehen pausoa izango litzateke osoko zuzenketak ez aurkeztea, eta badut esperantza, zeren sarritan, alderdien arteko batzarretan nagusitzen diren jarrerak ez dira izaten publikoki esaten diren bezain muturrekoak. Nahi nuke datorren astean aurrekontu zehatzak aurkezten direnean negoziaziorako bide bat zabaltzea. Zaila izango dela egia da; ez dugula ziurtasunik ere bai; baina aurrera atera behar ditugula ere bai. Ez dugu hipotesi moduan jaso nahi atzera bota daitezkeenik, iazkoak luzatzeak uneotan ez duelako zentzurik.

Norekin ikusten duzue akordiorako aukera handiagoa?

Ez dugu aukera handiagoa ikusten batekin edo bestearekin. Orain arte beste gai batzuetan akordioak egin ditugu bai PPrekin eta bai PSErekin, eta aukera denak zabalik daude. Guztiek dute bere esku aurrekontuak onartzeko aukera: PPk, PSEk eta EH Bilduk.

Bazterrean zer uzteko prest dagoEAJ?

Aurtengo aurrekontuekin gertatzen dena da ez dagoela aukera handirik, eta hori da gakoa. Normalean, negoziazio bati begira, zerbait gordetzen da bestearen eskaerei erantzun eta adostasunera iritsi ahal izateko. Baina egoera hain da larria, ez dagoela tarte handirik. Hori badakite guztiek, eta borondate politikoa da behar dena, zeren 2013ko aurrekontuak salbatzen baditugu, 2014koak beste itxaropen batekin etorriko dira. Horregatik eskatzen zaie beste alderdiei erantzukizuna.

Murriztuko diren arloen artean daude kultura eta euskara. Zein neurritaraino da onargarria?

Onartezina da. Hori da problema. Eta kontuan izanik gu alderdi abertzalea garela eta gure ustez kulturak eta euskarak laguntza bereziak behar dituela, gaitzagoa da horrelakoak onartzea. Baina egoera horrelakoa da; larrialdi une batean bizi gara.

Espainiako Kongresuko EAJren bozeramaile Aitor Estebanek esan duenez, Konstituzioan aldaketa bat egitea aurreikus daiteke Kataluniak eta Euskal Herriak estatuarekin duten harremanaren inguruan. Nola egingo da hori?

Bere hitzak izan ziren nazioaren egoerari buruzko eztabaidan, denak ari zirelako eskatzen Konstituzioa aldatzeko. Egia da bakoitzak ikuspuntu desberdin batetik egiten duela eskaera, baina, dena den, Konstituzioaren aldaketaz hitz egitea tabu izan da urte askotan, eta orain, beste lasaitasun batekin hitz egiten da. Konstituzioa aldatu izan da beste batzuetan. Gure eskarien inguruan aldatuko den? Zaila da hori esatea, PPk eta PSOEk bat egiten baitute horren aurka. Gu estatus berriari buruz hitz egiten ari gara 2015erako, eta hori aurkeztu ondoren Konstituzioan aldaketak egin beharko lirateke. Hala ere, Espainian aldaketak planteatzen direnean ez dira egiten nazioei gure estatusa ahalbidetzeko, euren beharrak asetzeko baizik. Zaila ikusten dut hor aldaketarik egotea.

Zer da, zehazki, EAJk aldarrikatzen duen estatus politiko berri hori?

Hori da alderdiak daukan gurari bat ikusarazteko orain daukagun egoera. Gure estatutua eta Galiziakoa dira estatuan berritu ez diren bakarrak; pausorik ematen utzi ez diguten bakarrak.Guk beste estatus bat nahi dugu estatuarekiko harremanetan. Hori planteatuko dugu, baina hori proposatu nahi dugu agente politiko eta sozial batzuekin hausnartu eta gero, ez dadin izan EAJren planteamendua soilik. Horregatik eraman nahi dugu Legebiltzarrera. Orain alderdi guztiak daude ordezkatuta Legebiltzarrean, eta beraz, hori izan daiteke foro egokia denon artean proposatzeko estatuarekin izan nahi dugun harreman mota, herri moduan. Ahalik eta alderdi politiko gehienekin batera egindako aldarrikapena izatea nahi dugu.

Estatutua moldatzeari begirako planteamendua izango da, edo aukera gehiago ere zabalduko dira?

Nik uste dut aukera gehiago zabalduko direla. Estatutua, marko politiko bat ematen digun lege bat da, baina uste dut zabalago begiratu behar dela. Herri honek ibilbide bat egin du; nazioartean estatuen arteko harremana asko aldatu da; eta, Europan, estatu berri asko sortu dira azken urteetan. Gu ere izan gaitezke horietako bat. Edo behintzat, eduki dezagun aukera erabakitzeko zein korpus izan nahi dugun, zein harreman izan nahi dugun estatuarekin, eta beraz, zein egoeratan egon gaitezkeen Europa barruan.

Hortaz, proposamen horretan aukera egongo da harreman eredu guztien inguruan eztabaidatzeko?

Bai, hori da. Horregatik izan daiteke egokia Parlamentua.

Bakegintzari dagokionez, zein bide jarraitzeko asmoa du EAJk? Zein izango da bere zeregina?

EAJk badarama ibilbide bat. Batzuetan kritikatua izan da, baina lana egin dugu, diskrezioz: EBBk harremanak izan ditu PSOEren zein PPren gobernuekin, eta, azken boladan, Urkullu lehendakariak Rajoy presidentearekin ere bai. Ez ditugu prentsaurrekoak ematen hori aldarrikatuz, beti pentsatu izan dugulako guk ez dugula protagonista izan behar bide horretan. Momentu honetan ETAk eta Espainiako Gobernuak izan behar dute protagonista, eta ez guk. Eta eskatzen diegu egin beharrekoak egin ditzatela bakoitzak berean: batak armak utzi eta indarkeria betiko amaitu duela erakutsita, eta Espainiako Gobernuak presoen egoera eta ETArekin konpondu beharreko beste alorrei helduta.

Espainiako Gobernuak jarrera itxia erakutsi du. Zure ustez, zerbait etor daiteke?

Itxia da, baina horrek ere epe bat izan beharko du. Espainiako Gobernuak badauka presoen inguruko mugimendu batzuk egitea legea betetzearekin soilik, eta guk hori aldarrikatu dugu. Baina Barne ministroak oso jarrera gogorra du, baita PP barruan ere. Bestetik, uste dut presoek eta ezker abertzaleak onartzen dutela legeak ezarritako baldintza batzuk bete beharko dituztela; uste dut amnistiaz hitz egitea utopia bat dela eta ez dela posible izango.

Hortaz, EAJ egiten ari den lana da Espainiako Gobernua bide horretara hurbiltzen saiatzea?

Bai, hori publikoa da eta hori eskatzen jarraituko dugu.

Espainiako Polizia eta Guardia Zibila joango dira Euskal Herritik? Hori eskatu du EAJk.

Ez dut uste Espainiako Gobernuak borondate hori izango duenik. Baina legeak dio Ertzaintza polizia integral bat dela, eta beraz, ez dakigu zein leku duten guardia zibilek eta poliziek. Gertatzen dena da gai horiek salmenta txarra dutela Espainian, eta horrek ere eragiten dio PPri.

Jaurlaritzaren esku dagoena Ertzaintza da. Izaera aldatuko zaiola esan du Segurtasunerako sailburuak. Zein zentzutan moldatuko da?

Egoera aldatu egin da, eta ETAren indarkeria ez daukagun honetan gizarteak dituen segurtasun beharrak desberdinak dira. Indarkeria genuen egoeratik indarkeria gabe bizi garen egoerarako trantsizioa egin behar du, polizia integral gisa. Hori da sailaren goiburua eta ezarri duen bidea.

Esandakoen ondoren, nola ikusten duzu epe ertainera begirako egoera?

PPk, Madrilgo Parlamentuan duen indarrarekin eta abertzaletasunaren inguruko gaietan PSOEk ematen dion babesarekin, ez du jarreraz aldatzeko beharrik. Hori dela eta, ez naiz oso baikorra, egia esan. Zer gertatu daiteke? Europako beste leku batzuetan gertatzen denak, adibidez, eragitea. Ez dakigu Eskozian zer gertatuko den, baina Londresko Gobernuak beste jarrera bat erakutsi du. Europan halako gaiei buruz hitz egitea normalizatuko balitz eta estatu batzuen barruko nazioak euren aldarrikapenak normal egin ahalko balituzte, besteei ere bide bat zabalduko litzaiguke, agian. Europa Estatuen Europa da. Bainabere barnean dagoen Eskoziak erabaki ahal izatea ahalbidetzen badu, bide bat zabaltzen lagundu ahal digu, zeren oraingoz, guri ez digute galdetzen ere uzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.