'Bateragune auzia'

Indar aldaketa eskuinerantz

Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko lau epaile berritzeko prozesuan sartuta daude. Orain zazpi progresista eta bost kontserbadorek osatzen dute, baina hori aldatu egingo da. Eta eragina izan dezake 'Bateragune auzian'.

Indar aldaketa eskuinerantz.
Oihana Elduaien Uranga.
2013ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Legea bat eta bakarra da. Konstituzioa ere bai. Baina interpretazioak hamaika izan daitezke, mundu ikuskeraren arabera, interes politikoen arabera, baita auziaren edo gaiaren arabera ere. Horregatik izaten du garrantzia auziak zein auzitegitako zein aretoren esku gelditzen diren, eta areto horiek nork osatzen dituen. Aldatzen joaten dira osaerak, tartean behin. Espainiako Auzitegi Konstituzionala berritzen ari dira orain. Eta aldaketak berebiziko garrantzia izan dezake, besteak beste, Bateragune auzian.

Auzitegi Konstituzionalean seina magistratuk osatutako bi areto daude. Guztira, hamabi. Espainiako erregeak izendatzen ditu guztiak: Diputatuen Kongresuak proposatzen dizkio lau, hiru bostenen babesa duten hautagaiekin; Espainiako Senatuak proposatzen dizkio beste lau, hark ere, hiru bosten alde dituzten hautagaiekin; Espainiako Gobernuak aukeratzen ditu beste bi, eta CGPJ Botere Judizialerako Kontseilu Nagusiak beste bi. Bederatzi urte egon daitezke karguan gehienez, eta ez dute adinaren mugarik. Hiru urtean behin hamabitik lau magistratu berri aukeratu behar direla dio araudiak, baina hori ez da beti betetzen. Orain, CGPJk eta Espainiako Gobernuak aukeratzen dituztenak aldatu behar dituzte.

Horrek ondorio zuzen eta argi bat dakar: orain arteko indar korrelazioak aldatzea. Gaur egun progresistatzat jotzen diren zazpi daude —nahiz eta haietako batzuek kontserbadoretzat jotzen direnekin ere eman izan duten botoa— eta bost kontserbadoretzat jotzen direnak. Berritzen denean, ordea, kontserbadoreek gehiengoa izatea espero da, PPk aukeratuko dituelako bi progresistek hutsik utzitako postuak.

CGPJko 21 kidek ekainaren 9a baino lehen aukeratu behar dituzte beren bi hautagaiak. Pascual Sala Konstituzionaleko presidentearen eta Ramon Rodriguez Arribas lehendakariordearen ordezkoak aukeratu behar dituzte. Progresistatzat jotzen da aurrena eta kontserbadoretzat bigarrena. Eztabaida gogorra izaten ari dira, ordea, CGPJ barruan. Hautagaiek 13 boto behar dituzte, eta bakar batek ere ez zuen kopuru hori batu maiatzaren 16an egin zuten bileran.

Kontserbadore bat eta progresista bat aukeratuko dituzte. Badirudi nahiko argi dagoela Roberto Enriquez kontserbadorea izango dela aukeratuetako bat —Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzi Prozesuetako Aretoko magistratua da—, baina, Jose Lopez Garcia Goreneko epaileak ere aukerak ditu. Progresistatzat jotzen direnek zalantza gehiago dituzte. Juan Antonio Xiol Goreneko Zibileko Salako presidentearen, Candido Conde Pumpido fiskal nagusi ohi eta Goreneko Zigor Salako buruaren, eta Juan Carlos Campo Estatuko Justizia idazkari ohi eta Goreneko magistratuaren artean. Bihar egingo dute bilera aukeratzeko.

CGPJk aukeraketa egiten duenean, gobernuaren txanda izango da —litekeena da ostiralean bertan egitea. Pablo Perez Tremps eta Manuel Aragonen ordezkoak aukeratuko ditu Mariano Rajoy buru duen gobernuak.

Aldaketak Bateragune auzian eragingo du. Eragina izan dezake erabakian, eta baita epeetan ere. Bateragune auziko epaia atzera bota edo ez, eta, beraz, Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguez libre utzi edo ez erabaki behar duen aurreneko aretoa aldatu egingo da. Hiru progresista eta hiru kontserbadore daude orain. Aldaketaren ostean kontserbadoreak lau izatea espero da, eta progresistak bi.Gainera, ikusteko dago berritze horrek erabakia azkartu dezakeen, edo moteldu, aldaketaren aurretik edo ondoren hartzen dutenaren arabera.

Lau urte berritu ezinda

Auzitegi Konstituzionalaren berritzea ez da gauza erraza izan inoiz. Iazko uztailean berritu zuten azken aldiz, baina lau urte lehenago berritua behar zuen. 2008an Roberto Garcia Calvo magistratu kontserbadorea hil egin zen, eta, beraz, Diputatuen Kongresuaren esku gelditu zen haren ordezkoa aukeratzea. Baina ez ziren gai izan. Gainera, 2010eko azaroan Kongresuaren esku dauden gainerako hiru magistratuak ere berritu behar zituzten, baina ez ziren ados jarri orduan ere. Epaileek beraiek «muturreko erabakiren bat» hartzeko mehatxua jakinarazi zuten arte. Eta mehatxu hori ere Euskal Herriko gatazkarekin lotura duen une batean etorri zen, alegia Konstituzionalak Sorturen kontrako helegiteari buruz erabaki behar zuen garaian.

Espainiako gobernuburu Mariano Rajoyk azkartu egin zituen negoziazioak PSOErekin. Hala, Eugeni Gay, Javier Delgado Barrio eta Elisa Perez Vera magistratuen ordez, Andres Ollero, Juan Jose Gonzalez Rivas, Fernando Valdes eta Encarnacion Roca aukeratu zituzten. Ez zen botere korrelazioa aldatu. Roca zerrendan sartu izanak PPren eta PSOEren babesa ez ezik CiUrena gehitzea ere lortu zuen, Konstituzionala osaturik eta berriturik edukitzea ahalbidetuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.