Gaixo dauden EPPK-ko presoak (IV). Senideak

Ondoan egon ezina

Inpotentziaz bizi dute gaitz larri eta sendaezinak dituzten presoen senideek beren hurbilekoak espetxean edukitzea, ehunka kilometrora. Distantzia baino handiagoa da, ordea, arazoa: «Han uztea, hori da gogorra»

Hodei Iruretagoiena.
2013ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Beti da gogorra gaixo egotea; gaitza aldean daramanarentzat, eta haren hurbilekoentzat. Etxean, gaixo den pertsonaren ondoan pasatzen ditu orduak senide edo lagunak. Askotan, eskutik heltzea behar dute. Medikuak proba batzuk egitea, esatea zerk egingo dion on. Espetxeak, ordea, ateak ixten dizkio osasuna behar bezala zaintzeko aukerari. Gaitzarenak gutxi ez, eta edozein keinu txikiri ere muga handiegiak jartzen dizkio kartzelak. Presoaren sendabideari, eta haren inguru hurbilari. Antzeko sentipenak aipatzen dituzte gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideen senideek. Kezka etengabea, beti telefonoaren zain egotea. Inpotentzia. Ziurtasun falta. Ezjakintasunak sortzen duen ezinegona, eta batez ere, ondoan egon ezina. «Lokutorioan buelta eman, eta han uztea da gogorrena. Hori da gogorra, han uztea». Horma horien artean, hesi horien atzean.

Hasteko, osasun arazoak dituztela ohartuta ere, ez da erraza presoentzat zehazki zer duten jakitera iristea. Kartzelan jarraipen zorrotzik ezin dela bermatu salatzen dute senideek. Dena luzatzen da denboran, eta okerrera egitea esan nahi du horrek. Gaztetatik izan ditu arazoak gorputzeko hainbat ataletan Gari Arruartek. 2003an atxilotu zuten. «Espetxean, okerrera egin zuten arazo horiek, eta, gero eta maizago agertzen zirela ikusita, nonbaitetik eratorriak zirela pentsatzen hasi ginen», kontatu du Izaro Arruartek, Gariren arrebak. Soto del Realen izan zuten hasieran, eta Alcala Mecon gero (Madril), 2007an Almeriara (Espainia) urrundu zuten arte. Bitarte horretan guztian, eskaerak egin arren, ez zioten probarik egin zer zuen begiratzeko. Espondolitisa zuen. Susmatzen zuten zerbait, baina lau urte behar izan zituzten baieztatzeko. «Nik uste oso gogorra izango zela berarentzat: minez egotea eta ez jakitea nondik datorren, konturatzea badela zerbait, baina ez dizutela kasurik egiten, ez duzula babes profesionalik».

Hipotesi horretatik abiatuta hasi zen arreta jartzen elikaduran, oso garrantzitsua baita hori zaintzea espondolitisa duten gaixoentzat: «Probak egiten zituen, batek on egiten ziola, besteak kalte...». Dieta egokia zein den jakinda ere, kartzelan ez dago behar bezala egiteko aukerarik. Ez barruan, ezta kanpotik sartzeko ere. Ematen dizkioten jakietatik gauza gutxi jan ditzake, eta nola edo hala moldatu behar izaten du jatorduak osatzeko. Garai batean, hilabeteak pasatu zituen, minez, ia egun osoan ohetik mugitu ezinik. «Oso gogorra da hori jakitea».

Diagnostiko bat lortzea are zailagoa izan daiteke, berriz, gaitza psikologikoa bada. Frantzian pasatako zortzi urtetatik bost baino gehiago erabat bakartuta pasatu zituen Txus Martinek; gehienak, Tarasconen. Gau osoan musika ozen jarrita izan zuten hilabete askoan, ez zuen telefono deirik izaten, eta lagunen bisitarik ere ez, Laurence Le Vert epailearen aginduz. Infernu bat zen kartzelatik ateratzeko bidaia bakoitza ere: begiak estalita, jipoiak... Han hasi zitzaion gaitza sortzen, baina ingurukoek ez zuten jakin zer zuen Espainiaratu zuten arte. Bere buruaz beste egiten saiatu zenean ere, kartzelak ukatu egin zuen ezer gertatu zela. Txostenak bazeuden, baina senideek ez zuten eskubiderik ezer jakiteko. «Mila aldiz izorratu gaituzte: mila aldiz igo eta ikusi gabe itzultzea, esatea eraman dutela, ez dakizu nora, ez nola». Eskizofrenia paranoidea garatzen ari zitzaion. Oso jende gutxik bisitatzen zuen, eta, ondo ez zegoela jakin arren, ezinezkoa zitzaien familiakoei zer zuen ohartzea. «Jendearekin disimulatu egiten zuen. Nik bakarrik nabaritzen nion, munduarekin borrokan ari nintzen», dio Kontxi Gonzalezek, Martinen bikotekideak.

Frantzian, pribatuak dira espetxe asko, eta ez dute betebeharrik familiari presoaren osasun egoerari buruzko informazioa emateko. Sotora (Madril) eraman zutenean ikusi zuten Jaiki Hadiko medikuek: «Orduan baloratzen hasi ziren, eta ematen zuena baino larriagoa zen». Espetxeko bakartzeak sortu zion gaitza, eta hala edukitzen dute oraindik, konfiantzazko kiderik gabe. «Okerrera ez egitea» da orain beraien borroka, baina kalean egon behar luke horretarako. Krisialdiren bat duen bakoitzean, medikazioa gehitzen diote, besterik ez. «Berdin dio medikuak Osakidetzakoak izatea. Azkenean, kartzelak eta Auzitegi Nazionalak agintzen dute, eta horiek, funtzionatzen duten bezala funtzionatzen dute. Mendekuaren legea da».

Tratu «gizagabea»

1984an atxilotu zuten lehen aldiz Isidro Garalde; denera, 27 urte inguru pasatu ditu espetxean —62 ditu orain—. Hainbat osasun arazo eragin dizkio espetxeak, baina 2006ko ekainean areagotu egin zitzaien kezka senideei. Bihotzekoak eman zion Granadako espetxean; egun bat pasatu ondoren abisatu zioten familiari. «Tratua oso gogorra izan zen, gezurretan aritu ziren: polizia etxera bidali gintuzten, itxita zegoela jakinda. Baimena eskatu, eta barre egin ziguten», gogoratu du Ainara Garaldek, Isidro Garalderen alabak. Hurrengo goizean itzuli, eta miatu egin nahi izan zituzten, bisitara sartzeko. Medikuek edozer esanda ere, gaixoarengan tentsioa sortzen du Poliziak, eta, kasu hartan bezala, batzuetan nahiago izaten dute espetxera itzuli. «Denaren gainetik daude, nahi dutena egiten dute».

Eguneroko zaintza behar dute gaitz larriak dituzten pertsonek. Espetxean, tentsioa, elikadura kaxkarra eta ziurtasunik eza dira eguneroko ogi. Gaitz bat baino gehiago ditu Inma Berriozabalek. «Orain, artopatia soriatikoak uzten dizkion ondorioak dira larrienak: mugikortasun falta, indar galera, mina. Horrek kezkatzen nau. Minez bizi da», dio Karmele ahizpak. Erizaina da, eta ondo menperatzen du gaitzen eta sendagaien hizkuntza. Izan ere, halako asko hartu behar izaten ditu Berriozabalek, eta zeharkako ondorioak dakarzkiote askok. Espetxeko medikuek ez diete ziurtasunik ematen, eta botika falta ere izan du zenbaitetan. Gaitzaren garapenak, sintomek edo hartu dituen botikek betetzen dituzte gehienetan senideekin izaten dituen telefono deietako bost minutuak. «Protelos eman zioten behin, eta hemen esan ziguten bihotzeko arazoak eta arazo kardiobaskularrak sortzen dituela. Inork ez zion ezer esan. Nik esan nion hori ez hartzeko». Horrek ez die ziurtasunik ematen: «61 urterekin, halako gaixotasunekin, beti dago sokan, kolokan».

Berriozabalek bezala, hirurogei urtetik gora ditu Garaldek ere. Espetxean ez dietela behar bezalako jarraipenik egiten salatu dute haren senideek ere. Orain Granadan dago, baina Puerton izan zuten lehenago, eta erregimen «oso zorrotza» jarraitu behar izaten zuen han: «Erregimen militarra. Dena da hain kontrolatua, hain zorrotza, askotan ez dagoela gizatasunik». Espetxeetako arautegiek ez dute kontuan hartzen ez adinik, ez beharrik. Hezetasun handiko espetxea da Granadakoa; udan, 30 gradu ere egiten ditu ziegan gauez. «Egunez, ezin da bertan egon», eta ahalik eta denbora gehiena kanpoan pasatzen ahalegintzen da Garalde. Haizegailu txiki bat lortzeak, esaterako, urteetako borroka esan nahi du.

Tentsioa eta «mendekua»

Lasaitasuna ez da espetxearen ezaugarria, are gutxiago EPPK-ko kideen kasuan. Sakabanaketaren arriskuak oso presente dituzte, senideek ez ezik, presoek ere. «Gu ondo iristea, horrrexek kezkatzen du. Horretara ez da ohitu oraindik», dio Garaldek.

Sakabanaketak eragin handia du euren familian ere, Berriozabalen hitzetan: «Avilan zegoenean, egun berean egiten genuen joan-etorria». A Lamako kartzelan (Pontevedra, Galizia) dago orain, senideengandik 700 kilometro baino gehiagora. Adinean gora doa Berriozabalen ama, eta ez zaio erraza halako bidaiak egitea. Alaba ikusteko pozak laguntzen die joanekoan, baina zailagoa izaten da itzulera: «Beti esaten du: 'Hemen utzi behar dut alaba, eta bakarrik joan etxera?'». «Mendeku politikotzat» du sakabanaketa Izaro Arruartek, horrek senideengan eta ingurukoengan sortzen dituen arazoak kontuan hartuta ere. Hala eta guztiz ere, presoen beraien artekoa nabarmendu du berak: «Espetxe barruko sakabanaketak ematen du min handien, jakiteak binaka edo hirunaka dituztela urtetan, guztiz bakartuta».

Bisitetara sartzean senideei egindako miaketek ere islatzen dute euskal presoekiko jarrera, eta horrek eragiten duen tentsioa. Garalderen alabak eta emazteak, adibidez, urte eta bederatzi hilabete pasatu zituzten bisean bisekoetara sartu gabe. «Oso gaizki pasatzen zuen, pasatu ginen edo ez jakin arte».

Kanpotik lagundu ezina

Eguneroko baldintza horietan, barrukoarena bezainbestekoa da kanpokoen kezka. Martinen kasuan, konfiantzazko kiderik gabe egonda, are zailagoa da Gonzalezentzat. Denbora askoz ez, baina bolada batez EPPK-ko kideekin egon zen. Ia beti bakarrik egon den arren, kolektiboari oso lotua dagoela dio Gonzalezek, eta horiek ematen diote konfiantza. «Hori da bere jendea. Bera kolektiboa da»». Edozein unetan jasan dezake krisialdiren bat, eta orduan bazuen «lasaitasun» hori: zerbait gertatuz gero, haiek abisatuko ziotela, euren familiaren bidez. «Baina konfiantzazko inor ez duenean ondoan, bakarrik dago bera, eta zu ere bai. Ez dakizulako zer pasatzen ari den. Zuk badakizu nola uzten duzun, baina ez nola dagoen. Bi orduren buruan beste pertsona bat izan liteke».

Denboran erregularki jarrita izan arren, eta egunak ondo finkatuta izan arren, luze egin litezke batzuetan bisiten eta telefono deien arteko tarteak. Luzeago, telefonoaren zain egon, eta jotzen ez duenean. Garaldek kontatu bezala, horrelako mila momentu pasatu dituzte egunerokoan: «Behin telefonoak ez zuen funtzionatzen, eta kide bati esan behar izan zion abisatzeko ondo zegoela, telefonoaren arazoa zela. Txikikeriak dira, baina ondo dagoela esan arte zain egoten gara».

Zain egotea da askotan egin dezaketen bakarra: espetxe zuzendaritzaren eta epaileen ezetzarekin aurrez aurre aurkitzen dira senideak, presoek barruan behar dutena kanpotik emateko orduan ere. Beharrezko sendagaiak, konfiantzazko medikuen edo espezialisten bisitak, analisiak, dieta egokia egiteko elikagaiak... ukatu egiten dizkiete kartzelak, eta, familiak sartu nahi izanda ere, ez diete uzten gehienetan. «Inpotentzia da hitza. Ezin duzu ezer egin. Kanpotik lagundu? Ezin da», deskribatu du Arruartek sentitzen dutena.

Gertukoen babesa, animoak eta maitasuna ezin du, ordea, epaile batek ukatu instantzia batekin. Espazio eta denbora muga guztiekin, hori da, ehunka kilometrotan barrena, hesi horien artera eramaten dieten sendagaia. Hori, eta norberaren diziplina da presoek aurrera egiteko daukatena. «Berak esaten du, komeni ez zaion zerbait jaten duenean, berak pasatuko duela gaizki hurrengo egunean», dio Arruartek. Garaldek, adibidez, berak egiten ditu ziegan gaitzaren garapena jarraitzeko eskemak, bere buruari tentsioa hartuta.

Senideak bat datoz horretan: autodiziplina handia dute beren burua zaintzeko orduan. Beren burua zaintzen ikasi beharra daukate, eta hala egiten dute. «Ez zaie besterik geratzen». Hori da senideei gutxieneko konfiantza ematen dien bakarra.



BIHAR: Espetxea eta heriotza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.