Europako hauteskundeak. Elkarrizketa. Iñigo Martinez Zaton. Ezker Anitza-IU-Iratzarri-Eki koalizioaren hautagaia

«Botere kontserbadoreari kontraboterea egiten hastea dago jokoan»

Abiapuntu gisa hartzen ditu maiatzaren 25eko hauteskundeak, joera aldaketa orokor baterako hasiera gisa. Hori dela eta, gauzak aldatu nahi dituztenei eskuina ahultzen laguntzeko eskatu die.

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2014ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Lanbide duen gobernuz kanpoko erakundean oporrak hartuta dabil kanpainan buru-belarri Iñigo Martinez Zaton (Bilbo, 1987). Euskalduna den arren gai batzuetan gazteleraz hobeto moldatzen dela eta, elebitan eman dizkio azalpenak BERRIAri.

Zein da zure helburu nagusia hauteskunde hauetan?

Nire jardun politikoa nazioartean kokatua egon da orain arte, Europan batez ere, eta nire helburu pertsonala da lan hori hauteskundeetan ikustea. Europari buruz hitz egin dadin nahi dut, nahi dugun Europako Batasunari buruz eztabaidatzea.

Eta koalizioaren ikuspegitik?

Hirukoitza da koalizioaren helburua: Euskadiri dagokionez, Ezker Anitzak eta Iratzarrik ordezkatzen dugun espazioa ikusarazi nahi dugu. Orain ez gaude instituzioetan, eta frogatu nahi dugu inkestek dioten bezala badugula espazio bat eta Euskadiko instituzioetara itzuliko garela. Estatuan ezkerraren batasuna ikusarazi nahi dugu hauteskundeetara aurkeztuko den Izquierda Plural taldearekin. Uste dugu Estatuko zein Europako agenda asko baldintzatuko duela. Eta, hirugarrenik, Europako Izquierda Unitaria talde parlamentario gisa hazi nahi dugu. Europako Legebiltzarrean bosgarren taldea da orain, eta hirugarren talde bihurtzeko zorian dago. Europako Parlamentuan dagoen gehiengo kontserbadoreari kontraboterea egin nahi diogu.

Gauzak benetan aldatzeko ahalmena duzuela sentitzen duzue?

Egia esatea gustatzen zait, eta hauteskunde hauetan ez ditugu gauzak aldatuko. Orain jokoan dagoena da gehiengo kontserbadorea ez dadila horren handia izan eta botere horri aurre egiteko Europan ezkerreko kontraboterea sortzen hastea. Eskumaren gehiengoa txikitu egingo da, baina 200 europarlamentaritik gora izango ditu. Gainera, alternatiba direla dioten sozialistak beti aritu dira eskumarekin gobernatzen. Azterketa bat egin dugu, eta bozketen %73tan bozkatu dute elkarrekin Europako Legebiltzarrean. Gu egiten ari garena luzera begirako lana da; Europako Legebiltzarrean kontraboterea sortzea. Eta Izquierda Unitariaren taldea zenbat eta handiagoa izan, eskumari egin nahi diogun kontrabotere hori handiagoa izango da. Egia da hau ez dela izango bipartidismoaren hondamendia, baina hondamendiaren hasiera izan daiteke.

Joera aldaketa eragiten hastea da, beraz, helburua?

Bai. Uste dut hauteskunde hauek lehenengo pausoa izango direla aldaketa horretarako, eta gero, bai estatuko hauteskundeak bai Euskadikoak, beste pauso bat. Europako Parlamentua dago, baina baita Batzordea eta Kontseilua ere. Hori estatuetako gobernuek osatzen dute, eta, beraz, gobernu horiek aldatzen ez baditugu, ezingo da aldaketa oso bat lortu. Grezia da gure esperantza handiena, erakutsiko duelako ea alternatiba eraiki daitekeen.

Zein da Europako Batasunaren garrantzia? Beharrezkoa da bertan egotea?

Gu europazaleak gara, baina eurokritikoak garela esatea gustatzen zaigu. Europako Batasuna oso garrantzitsua da estatuek bere subiranotasunaren zati bat Europaren esku utzi dutelako eta egunerokoan eragiten diguten politiken %80 han erabakitzen direlako. Nahi edo ez, hor parte hartu eta eragin behar dugu. Guk sinesten dugu Europan, baina ez bere sorrera eragin zuen merkatu ikuspegian; behetik eraikiko den Europan sinesten dugu guk. Europako Batasunerako prozesu eraikitzaile bati buruz ari gara; Europa demokratikoa eraikitzea helburu izango duenari buruz eta erabateko ahalmena izango duen legebiltzarrari buruz; Europa sozial bati buruz, enpresa handien fiskalitatea harmonizatu ordez europar guztien eskubide sozialak fiskalizatuko dituenari buruz.

Egia da Europako Batasuna aldatzen ari dela?

Egia da Legebiltzarrak orain eskumen gehiago dituela, baina legegile izaten hastea falta zaio. Batzordetik iristen zaiona onartu, ez onartu edo zuzenketak aurkeztu besterik ezin du egin; eta guk, botere legegilea izaten has dadin nahi dugu. Herritarren egitasmoak lege bihurtzeko aukera badago, Europako Batasun osoan milioi bat sinadura bilduta. Baina egitasmo horiek aintzat hartu edo ez Batzordeak erabakitzen du. Eskumen hori legebiltzarrak izan dezan nahi dugu; Europako Legebiltzarra izan dadila Europako Batasuneko herritar guztien herri subiranotasunaren etxea.

Gaur egun estatuek duten beto eskubidea ezabatu dadila, alegia?

Bai, hori da. Batzordeak eta Kontseiluak ezartzen dituzten betoak ezabatzea.

Hori aldatu daiteke datozen bost urteetan?

Zaila izango da, baina aldatu daiteke. Gure taldea horretan saiatuko da. Aldaketa beharrezkoa da.

Erabakitzeko eskubidea aldarrikatu duzu alor guztietan. Nola?

Europako Batasuneko Itunak aitortzen du gehiengoaren borondatez etorkizunari buruz erabakitzeko aukera eman ahal zaiela herriei. Autodeterminazioari buruz hitz egitea gustatzen zait niri, argi izanda erabakiak bi alor jaso behar dituela: nazionala eta soziala. Ez da nahikoa maila nazionalean erabaki ahal izatea gero herritarrek ez badute erabakitzen zer-nolako eredu sozio-ekonomikotan bizi nahi duten.

Europa herritarrengana gerturatu behar dela diote alderdi guztiek, eta eredu sozialagoa bultzatu behar duela, gehienek. Europarlamentari bakoitzak 8.000 euro jasotzen ditu hilero. Zer iruditzen zaizu?

Ez naiz sartuko soldatak handiegiak diren edo ez esatera. Egia da nire soldata zortzi aldiz biderkatzen dutela europarlamentarienek, baina, kopuru zehatzen eztabaidatik kanpo, politikariek ondo ordainduta egon behar dutela uste dut. Dena den, garrantzi handiagoa ematen diot herritarrek politikarien gaineko kontrola izateari. Europako Batasunean beste leku batzuetako mekanismo bat ezartzea proposatzen dugu: politikariek aldiro egindako lana justifikatzea, eta ehuneko handi batek uste badu ez duela bere lana egiten, legealdi erdian kargugabetzeko aukera egotea. Hala ere, Willy Meyer gure eurodiputatua da legebiltzar osoan aktiboenetakoa. IUk azterketa bat egin du, eta PPko edo PSOEko hogei europarlamentari behar lirateke Willy Meyerrek egiten duen lana egiteko.

Abstentzioa da hauteskunde hauetako kezka handietako bat. Zer esango zenioke botoa emateko asmorik ez duenari?

Beterano batek esan zidan bezala, politikan eta bizitzan, zu ez zauden lekua beste batek beteko du. Ulertzen dut jendea haserre egotea politikariak ez direlako ari arazoei irtenbideak ematen. Baina botoa ematen ez dutenek indarrean den Europako Batasun hori egonkortzen dute. Beraz, kritikoak diren hautagaitzak, aurrerakoiak eta ezkerrekoak direnak, gauzak aldatu nahi dituztenak, indartu egin behar dira. Horregatik egin behar zaio dei boto kritikoari, gehiengo kontserbadorea are indartsuagoa izan ez dadin.

Baikor zara bila zabiltzan jarrera aldaketa horren inguruan?

Bai, baina badakigu aldaketak ez direla egun batetik bestera gertatzen. Gauzak ondo egiten ari dira, baina gizarte mugimenduak, sindikatuak eta ezkerreko alderdiak indartu behar dira, eta egunen batean gai izango gara guztion artean egoera honi buelta emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.