Europako hauteskundeak. Euskal Herriko parlamentarien jarduna

Inurriaren lana, hartzaren nagia

Euskal Herriko alderdi abertzaleetako ordezkariak daude lan gehien egin duten europarlamentarien artean. PSE-EE, PP eta UMPkoek, berriz, ez dute batez bestekoa gainditzen.

Inurriaren lana, hartzaren nagia.
jokin sagarzazu
2014ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Marka guztiak hausten dituen parlamentua da Europakoa. Munduan diputatu gehien biltzen dituena, eta Indiakoaren eta Txinakoaren atzetik, herritar gehien ordezkatzen duena. Ez du erraza izan behar, beraz, aurreko legegintzaldian 766 legebiltzarkide izan zituen parlamentu batean diputatu batek, eta are gehiago alderdi bateko bakarra izanik, bere ahotsa entzunaraztea. Baina lortu dute Euskal Herritik Europako Parlamentuan joandako bi legebiltzarkide abertzaleek: Izaskun Bilbao jeltzaleak eta Inaki Irazabalbeitia Aralarrekoak. Egin dituzte Euskal Herrian aurkeztutako beste alderdietako euskal diputatuek baino proposamen eta galdera gehiago, eta hartu dute parte txosten eta bilera gehiagotan. Inurriek bezala batzuk, hartzen antzera besteak; txikiak lanean, handiak nagikeriatan. Hala izaten da eurodiputatuen lana munduko parlamenturik handienean.

Eta atera da gaia hauteskunde kanpaina honetan ere. Aurreko Astean, EAJko Izaskun Bilbaok eman zituen PPko Carlos Iturgaitzen zifrak: Europako Parlamentuaren webgunean daude ikusgai: bost urtean 46 alditan hartu du hitza saioren batean, egin du galderaren bat, txosten bat edo idatzizko adierazpen bat. 46 ekimen. Eta guztira, bozketa saioen %76tan izan da, eta hilean, batez beste, lau edo bost legebiltzar saio izaten dituzte. Horiez gain, batzordeetako bilerak eta beste dituzte, Estrasburgo eta Brusela artean banatutako 134 eguneko lan egutegiaren barruan.

Kopuruari dagokionez, lan gehiago egin izanagatik lasai mintzatu da, hortaz, Bilbao. Bera baita euskal politikarien artean datu onenak dituena, eta parlamentuko diputatu guztietatik aurreneko 50en artean dagoen bakarra, hainbat aldagai kontuan hartuta MEP Ranking webguneak jasotzen duenez. Denera, 1.133 parte hartze izan ditu Bilbaok eta bozketen %96tan izan da.

Iturgaitzek bere defentsan argudiatu du jeltzaleak eginikolana ez dela eraginkorra izan, eta gehiago duela «folklorikotik» eta «propagandatik», euskararekin eta euskal kulturarekin zerikusia duten gaiak landu izanari erreferentzia eginez. Era berean, esan du berak ez duela lan gehiago egin parlamentuaren eskaeren batzordean parte hartu duelako eta horrek proposamenak egiteko aukera murrizten duelako. Halere, horrek ez duela zergatik horrela izan behar erakutsi du Inaki Irazabalbeitiak. Hura ere egon da eskaeren batzordean, baina soilik sei hilabetean Iturgaitzek bost urtean eginiko lanaren bikoitza egin du. 276 parte hartze, denera—ERC eta BNGkoarekin banatu behar izan zuen eserlekua Aralar eta EAko hautagaiak—.

Baina Iturgaitzen izena leku guztietan aipatu bada ere, bada hura baino lan gutxiago egin duenik. Politikagintza «utzi» berri duen Jaime Mayor Oreja, hain zuzen ere. 1996 eta 2001 artean Espainiako Barne ministroa izandakoa, Espainiako PPren legebiltzar taldeko bozeramailea izan da azkeneko legegintzaldian. Hala ere, 24 egitasmo aurkeztu ditu eta galdera bakarra egin du; eskoletatik sinbologia kristaua, gurutzeak bereziki, kentzearen alde eginiko proposamen baten aurka mintzatzeko. Parte hartze gutxien izan duen 20 diputatuen artean dago Mayor Oreja. Eta ez da berriz aurkeztuko. Aurrerantzean, besteak beste, fundazio erlijioso baterako lan egingo du.

Baina Iturgaitz eta Mayor Oreja ez dira salbuespena. Zifrei erreparatuta, euskal politikari kontserbadoreak dira lan gutxien egin dutenak. Iruñean jaiotako Antonio Lopez-Isturiz Europako Alderdi Popularreko idazkari nagusia eta Alain Lamassoure Baiona-Angelu-Miarritze Hiri Elkargoko presidentea izandakoa ere lan gutxien egin duten ehun diputatuen artean daude. Lopez-Isturiz berriz itzuliko da parlamentura; ez, ordea, Lamassoure —Michelle Alliot Mariek ordezkatuko du, ziurrenik—.

Langileago aritu dira Espainiako alderdi sozialistako ordezkariak, nahiz eta bi diputatuetako inork ez duen batez bestekoa gainditzen —beste bat ere irten zen aukeratua: Ramon Jauregi; baina eserlekua utzi zuen PSOEn beste ardura batzuk betetzeko—. Inkesten arabera, Iratxe Garcia, Eider Gardiazabal eta Ramon Jauregi berriro hautatuak izango dira.

Polemiken erdian

Europako Parlamentuak berak eskaintzen dituen estatistiken bidez zein beste erakunde batzuek egiten dituztenen bidez, erraza da diputatuen lana neurtzea. Eta lan hori modu kualitatiboan aztertzen ere saiatu dira zenbait komunikabide. Hala, azken legegintzaldian hautsak harrotu dituzten bi polemikaren erdian egon dira Euskal Herriko bi diputatu. Bata da Nafarroako PPko Pablo Zalba eta bestea PSE-EEko Eider Gardiazabal. Zalba The Sunday Times egunkariak jarritako tranpa batean erori zen. Gezurrezko lobby batek 100.00 euro eskaini zizkion, zuzentarau baten alde bozkatzeko, eta hala egin zuen

—dirua, baina, ez zuen inoiz jaso—. Gardiazabal, berriz, dieten polemikako protagonistetako bat izan zen. Ostiral bateko saio bati zegokion 300 euro inguruko dieta jasotzeko, parlamentuan sartzen eta berehala irteten harrapatu zuten. Bi diputatuak beren alderdietako zerrendetako lehen postuetan ageri dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.