Aske Gunea. Atxiloketen ondorena

Garaipen eder bat

Aske Gunean erakutsitako irmotasunak atzera bueltarik ez duela adierazi dute Aurore Martinek, Beñat Apalategik eta Kontxita Beitiak, BERRIAk antolatutako mahai inguruan.

Kontxita Beitia, Aurore Martin, Oihana Elduaien eta Beñat Apalategi, BERRIAko erredakzioan, atzo. GORKA RUBIO / ARP.
jokin sagarzazu
2013ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Ikastolen sortzaileetako bat da Kontxita Beitia. Andereñoa. Desobedientea. Orduan eta orain. Azken egunetan Donostian egin den desobedientzia ekintzan parte hartu du, beste ehunka herritarrekin batera, eta sentimendu gozoarekin irten da bertatik. Mugarri bat izan dela dio. Atzera bueltarik ez duela. «Harresia Ebroraino eramango dugun sentimendua dut», adierazi du. Baikor. Itxaropentsu.

Beitiarekin batera, Berria telebistak antolatutako mahai inguruan parte hartu dute Aurore Martin Sortuko kideak eta Beñat Apalategi Donostiako gazteen auzian absolbitutako batek. Oihana Elduaien kazetaria aritu da gidari lanetan. Martinek gogoratu du nola sortu zuten haren aurkako euroagindua galarazteko herri harresia. Apalategik azaldu du nola harekin batera epaitutakoak eraman dituzten espetxera. Baina pozik dagoela emaitzarekin. Garaipen bat izan dela. «Garaipen eder bat», Beitiarentzat.

Martinen arabera, ederra izan bada, «indar erakustaldi izugarria» egin delako izan da. Haren ustez, herritarrek erakutsi dute badela biltzeko gaitasuna. «Agerian geratu da eragileek bete beharko luketen lana herria ari dela betetzen». Apalategik ere balorazioa positiboa egin du han bizitakoari buruz. «Espetxeratzeek garaipen hau lausotu dezakete, baina herriaren erantzuna ikaragarria izan da. Gure aurreikuspen positiboenetan ere ezin genuen espero halakorik. Garaipen bat izan da, zalantzarik gabe». Harentzat, eta preso eraman dituztenentzat eta haien senideentzat. «Oso ezberdina da espetxera joatea jaso duten babesarekin edo babesik gabe amaitzea. Hori ikaragarri estimatzen dute».

Beitiarentzat, «ezustea» izan da han bizitakoa. Baina espero zuen «erantzun indartsu bat». «Gure herriak daukan indarra eta indar hori ateratzen ikustea ikaragarria da. Zerbaiten hasiera da. Eta jarraipena izan behar du».

Hastea da zailena

Martinen irudiko hastea izaten da zailena: erabakitzea zer egin, nola, norekin. Gero, «giro» horretan sartuz gero, eta helburuak finkatu ondoren, indarrak batzen direla dio. «Badakizu nora zoaz, eta herriarekin batera zoaz». Bere kasua gogora ekarriz, dio «baldintza oso onak» sortu zirela desobedientzia ekintza «azken puntara» eramateko. Uste du herria antolatu zelako eta egoera tenkatu zelako lortu zutela hori. Martinen arabera, gainera, Aieteko Adierazpenak baldintzak jarri zituen, «etsai ziren edo bortizki elkarri mintzo ziren» eragile eta herritarrak batzeko. Eta horrek asko erraztu zuen bidea. «Gure herritarren ardura da desobedientzia zibila, baina hautetsien ardura ere bada babesa ematea».

Donostiako kasuarekin alderatuta, Beitiak uste du «laguntza gutxi eta jarrera hotza» erakutsi dutela «zenbait alderdik». «Egunero pentsatzen nuen: 'bihar hobeto; etorriko dira'. Ez da horrela gertatu, baina zerbait pentsarazi egin diegu». Hala ere, ez du esperantza galtzen: «Pauso handi bat izan da, eta etorriko da bestea».

Ados dago horrekin Apalategi, baina honako hau gaineratu du: «Zerbaitek gelditzekotan eraso guztiak, herriak geldituko ditu. Instituzioek eta eragileek lagun dezakete, baina herriak ez badu erantzuten, jai dugu». Horrekin bat dator Martin: «Hobe alderdi batzuk azaltzen badira, baina norbanakoa da giltza. Herritarren batzea etiketen gainetik: hori da herri harresiaren definizioa».

Aurrera begira, Martinek dio asmatu behar direla tresna eta molde berriak, eta horiek egoera jakinetara egokitu behar direla. «Bide bat asmatu dugu, baina falta da garatzea. Euskal Herriak eskuzabal dei egiten die estatuei, baina erakutsi behar dugu ere oso determinatuak garela, eta determinazio hori pasatzen dela desobedientzia zibilaren bidetik».

Apalategik, berriz, ikastolen eta intsumisoen borrokak gogoratu ditu. Uste du eskubide zibil eta politikoen arloan ere egoera «itzulezin» bihur daitekeela, eta desobedientzia izan daitekeela horretara iristeko bidea, «beste borroketan» bezala.

Desobedientzia ekintzak eragin ditzaketen askotariko kalteez ere hitz egin dute. «Izugarrizko galerak eragiten badizkigu, pentsatu beharko litzateke muga non jarri», esan du Beitiak. Kezkatuta dago horrekin, gainera. «Garbiago eduki nahiko nuke, baina ez dut. Batzuetan atzera egin behar izan dugu, pena handiz».

Apalategirentzat, «jarrera» kontu bat da desobedientzia, eta «mila modu» daude aurrera eramateko. «Leku eta garai bakoitzean gauza batzuk eraginkorrak izango dira eta beste batzuk ez», dio. «Donostian, garai honetan, funtzionatu du. Nafarroako bost gazteen kasuan, agian, Aske Gunearen planteamendua ez du balioko. Desobedientzia erabil dezakete, baina beste era batera».

Halako ekintzetan gazteek duten eginkizuna aztertu dute, halaber, mahai inguruan. «Gazteria geroa baldin bada, babestu beharko da. Baina behar da helduen babesa sentitu. Bide onak hautatzen dituela eta ez dagoela bakarrik erakutsi. Berme bat da babes hori», esan du Martinek.

Beitiaren iritziz, hori ikusi egin da Donostiako ekinaldian. Leku askotan kanpoan sentitu naiz, baina hor ez», nabarmendu du. «Bi-hiru belaunaldi elkarrekin ikustean, kateatuta, aurreko garai batzuetako irudiak ekarri dizkit gogora». Beitiarentzat garbi dago zein den gakoa. «Maitasun ikaragarria egon da han. Maitasun gune bat izan da».

Mahai ingurua osorik ikusteko:

www.berria.info
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.