Mertxe Aizpurua. Udalbiltzako lehendakaria

«Gure herrian behartuta gaude alderdien gainetik aritzera herrigintzan»

Urtebete baino gehiago da Udalbiltzako lehendakari dela Mertxe Aizpurua, eta balorazio baikorra egin du orain arteko ibilbideaz. Nabaritu du «ilusioa eta esperantza» pizten dituela erakundeak.

Hodei Iruretagoiena.
Usurbil
2014ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Iazko martxoan berrantolatu zuten Udalbiltza, eta hainbat proiektu abiarazi dituzte ordutik. «Lan asko dago egiteko», dio Mertxe Aizpurua lehendakariak (1960, Donostia). Luzerako dute.

Urtebetetik gora da Udalbiltza berrantolatu zenutela. Zer iruditzen zaizue orain arteko bidea?

Baikorrak gara. Hasieran beti beste modu batera irudikatzen duzu, baina pozik gaude egin dugunarekin. Uste dut batez ere geuk egiten geniola presio geure buruari eta hasieran iruditzen zitzaigula motel xamar ari ginela. Viktoria Eugeniako ekitaldi hartan lehentasun gisa jarri zen Euskal Herriaren garapenean eta kohesioan pausoak ematea, eta iruditzen zitzaigun agian hori izango zela konplikatuena. Euskal Herriko Garapen eta Kohesio Fondoa sortzen eman genituen lehen lau hilabeteak, eta dagoeneko aurkeztu dugu Pirinioetan Lan eta Bizi proiektua, martxan jarri ditugu beste lan ildo batzuk...

Tarte horretan, harremanak izan dituzue eragile, erakunde eta herritarrekin. Nolako harrera izan duzue?

Behartuta gaude gure herri honetan alderdien gainetik aritzera herrigintzan. Alde horretatik, harrera ona izan dugu toki gehienetan; erantzun txarrik ez dugu izan. Irudipen pertsonala da, baina nabaritu dut esperantza eta ilusioa sortzen duela Udalbiltzak. Agian da ezezagunagoa zaidalako, baina esango nuke Ipar Euskal Herrian harrera berezia egin zaigula, erabateko jarrera baikorra daukatela. Harremanetan pausoak emateko urtea izan da, eta fruituak ematen ari da.

Aurtengo Aberri Egunean esan duzue ilusio garaiak datozela: erabakitzeko eskubidearen inguruan badago mugimendua, eta Etxarri Aranazko galdeketan ere lagundu zenuten. Zer egin dezake hor Udalbiltzak?

Garai ona da, eta Udalbiltzak badu paper bat erabakitzeko eskubidearen inguruan; gutxienez, sustatzeko, giro bat sortzeko. Etxarrikoa oso urrats garrantzitsua izan da. Erabakitzeko eskubideak zerbait ona badu, inoren menpe ez zaudela da, zuk hartzen dituzula erabakiak, inori baimenik eskatu gabe. Hori da landu behar dugun bidea, buruan sartu behar duguna. Etxarrin egin dutena hor geratzen da. Halako kontsulta batean parte hartze hutsa independentziaren ariketa praktiko bat egitea da. Katalunia, Eskozia... Ispiluak badaude, eta isla horrekin gure proposamena egin behar dugu.

Bide horretan, esana duzue zatiketa eta desegituraketa dela Euskal Herriaren oztoporik handienetakoa.

Ildo guztiak daude horretara bideratuta. Arlo ugari daude, eta denak jorratu behar dira. Kohesio Fondoaren Pirinioetako egitasmoa, alde horretatik, esanguratsua da. Lortu nahi dugu Pirinioak elkarri begira jartzea, ez jarraitzea bakoitzak alde batera begira.

Zergatik hautatu duzue eremu hori?

Gaindegiarekin egin dugu diagnostikoa, eta Europako aldagaiak izan ditugu kontuan: langabezia, populazioaren beherakada, zahartze maila, oinarrizko zerbitzuak, euskararen ezagutza, ikastolak, osasun zentroak... Mugaren bi alde harrapatzen ditu. Oso aproposa iruditu zaigu, eta bi urtez horretan zentratuko gara. 66 proiektu aurkeztu dira; oso erantzun ona izan da, eta balorazio fasean gaude orain. Eremu hori ahaztua izan dute administrazioek; hustea, baliabideei baliorik ez ematea... Ez da kasualitatea. Hustearekin batera euskararen eta kulturaren galera izan dute. Babestu beharrekoa da.

Nola jaso da egitasmoa bertan?

Komunikazio fasean jaso dugunaren balantzea ona izan da. Aurkeztu diren proiektuetan ere begi bistakoa da, mugaren bi aldeetan aurkeztu direlako, modu orekatuan. Ez dut dudarik fruitu praktikoak izango dituela. Bestalde, lortu duguna da Euskal Herri osoari gogoraraztea eta adieraztea zer ari den gertatzen Pirinioetan.

Halako proiektuek ekar dezakete atxikimendu bat abertzale sentitzen direnengandik haratago?

Gauzak ekinaren bidez egiten dira. Instituzioek batere kasurik ez diote egin eremu honi, eta norbait etortzen bada, ondo hartzen da. Lehengo astean egon nintzen Aurizberri inguruan, eta etorri zitzaizkidan esatera: «Zein ondo, horrelako zerbait beharrezkoa zen; eskerrak Udalbiltza gogoratzen dela Pirinioekin». Haiek badute bailara izaera hori. Bestalde, interesgarria da proiektu honetan prest agertu direla adituak, gurekin elkarlanean, beren ezagutza eta trebetasunak horren alde jartzeko. Gidaritza bat izango dute, laguntza praktikoa. Hori ere garrantzitsua da.

Egituratze beharrari erantzuten dio 'Euskal herritarrak gara' ildoak ere?

Bai. Euskal herritarrak gara. Hori bezain sinplea da, eta hori bezain konplikatua. Azken finean, sentimenduei dagokien zerbait da, eta oso zaila horri kontra egitea. Pertsona moduan sentimendu hori badugu; lortu behar duguna da horren espresio kolektibo bat bilatzea. Euskal Herria oso askotarikoa da; ez gara monolitikoak, eta ez dugu nahi izan, gainera. Aniztasun horretan sinesten dugu, eta uste dugu horrek aberastasuna ekarriko diola herri honi. Ez dugu besteena gutxiesten; guri ukatzen zaiguna aldarrikatzen dugu.

Zer egin nahi duzue ildo horretan?

Batetik, udalek beren jardunean egin dezaketen aitortza, seinaleen, paperen bidez. Gauza ikusgarriekin euskal herritarrak garela aitortzea. Bestetik, atxikipen librean oinarritutako herritartasun aitortza. Horretan ere pausoak ematen ari gara. Ez da herritartasun agiria bakarrik; hori baino gehiago da. Borobiltzen ari gara, baina egin nahi duguna da ofizialtzea herritarren nahia eta horri praktikotasuna bilatzea.

Herritartasun agiria sortzeko asmoa adierazteko traba batzuk etorri dira. Diligentziak ireki ditu EAEko fiskal nagusiak. Nola dago auzi hori?

Badirudi Ertzaintzari txosten bat egiteko eskatu zaiola. [Carlos] Urkijo jauna ari da Euskal Herria aintzat hartzen duen edozeren aurka, ez Udalbiltzaren aurka bakarrik. Badirudi haren lan ildo bakarra hori dela: Espainia babestea, Euskal Herriarekin zentzu kontrajarrian. Begi bistakoa da fede txarrez ari dela. Guk geureari eutsiko diogu. Oraindik ez zaigu ezer iritsi; ikusiko dugu gauzak nola doazen. Printzipioz, gureari eutsiko diogu. Udalbiltzak zilegitasun osoa du euskal herritartasuna babestu eta bultzatzeko.

Euskal ikurretan, banderen auziak du oihartzun handiena. Hori baino zabalagoa da zuen ildoa.

Normaltzat ematen ditugu gauza batzuk hala ez direnak. Espainiaren ofizialtasunak lortu du paisaian gureak ez diren ikurrak eta adierazleak egotea. Eskubide osoa dugu gure izaera eta gure nahia azalarazten duten ezaugarriak bultzatzeko.

Berrantolatu zinetenetik, Udalbiltza ari da atxikimenduak biltzen. Nola doa prozesu hori?

Atxikimenduak etortzen ari dira pixkanaka. Trebiñuko alkateak ere eman zuen berea. Hori izan zen agian sinbolikoena, baina beste batzuk ere izan dira. Ipar Euskal Herriko hauteskundeak pasatuta, beste atxikimendu fase bat abiatu dugu, eta oso baikorrak gara hor; seguru gaude oraingo hautetsi kopurua bikoiztuko dela, eta agian gehiago ere izango dira.

Berrantolatze ekitaldian adierazi zenuten sentsibilitate guztiak batzeko nahia. Aurrerapausorik eman da?

Hori da gure nahia eta egitasmoa. Ez dugu arrazoirik ikusten lehen Udalbiltza osatzen zutenak orain bertan ez egoteko. Aukera daukagun guztietan egiten dugu deia: Udalbiltza irekia dago Euskal Herria aintzat hartzen duen hautetsi orori. Edonola ere, Udalbiltza oso askotarikoa da; independente asko daude, sentsibilitate ezberdinak. Euskal Herria aintzat hartzen duten hautetsi gehienak Udalbiltzan daude. Egia da alderdi jakin batekoak ez daudela, baina horrek ez du esan nahi aniztasunik ez dagoenik. Zatiketa guztien gainetik herri bat garela defendatu behar dugu, horren alde lan egin, eta alderdiak ere gainditu egin behar ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.