Abortatzeko eskubidea (II). Datuen irakurketa

Irmotasunez, baina justifikatuz

Haurdunaldia eteteko erabakia ongi pentsatua da, ikerketen arabera. Halere, andreek abortatzeko arrazoiei buruzko azalpenak ematen dituzte oraindik, haiekin lan egiten dutenek diotenez.

Maite Asensio Lozano.
2013ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Soslai zehatzik ez dago. 2011n Araba, Bizkai eta Gipuzkoan abortatu zuten emakumeen artean, landunak zein langabeak egon ziren, unibertsitatera joandakoak zein DBHko titulua zutenak, ama izan nahi ez zutenak zein seme-alaba bat baino gehiago zeukatenak, bakarrik zein bikotekidearekin bizi zirenak... Andreon ezaugarrietan aniztasuna da nagusi, baina ia denek agertu ohi dute haurdunaldia eteteko asmo irmoa. «Gutxik izaten dute zalantza», azaldu du Ana Fernandez Garaialdek, Bilboko Auzolan modulu psikosozialeko zuzendariak; «ez da erabaki erraza, baina emakumeak gai dira ondorioak balioesteko, bide bat zein bestea hautatu; haurdunaldi batekin aurrera jarraitzea ere ez baita hutsala».

«Erabaki garatua eta hausnartua» dela berretsi zuen iaz ACAIk, haurdunaldiak eteteko baimena duten kliniken elkarteak, bere zentroetan abortatu zuten emakumeen egoera aztertu ondoren. Ikerlanak zioen %8,8k adinagatik eten zutela haurdunaldia, %6,7k bikotekideekin lotutako arrazoi afektiboengatik, %5ek arazo medikoengatik eta %30,7k lan eta ekonomia egoera txarragatik. «Andreen %48,4k esan zuten ez zutela ama izan nahi edo ez zutela ume gehiago eduki nahi une horretan. Egoera pertsonal, sozial, afektibo, laboral edo ekonomikoan gerta zitezkeen aldaketek ez zieten erabakia aldaraziko», ondorioztatu zuten txostenean.

2011n Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan etendako haurdunaldiei buruz Eusko Jaurlaritzak emandako datuek berretsi dute emakumeek umedun daudela jakin eta berehala abortatzen dutela: %67,3k, zortzigarren astean edo lehenago, eta %24,5ek, bederatzigarren eta hamabigarren asteen artean. Fernandez Garaialdek argudiatu du andreentzat «psikologikoki oso garrantzitsua» dela ahalik eta azkarren gauzatzea, eta erantsi du 2010eko legeak jarduna normalizatzen lagunduko duela, «gezurretan ibili edo arrisku legalik izan gabe» aborta dezaketelako: «Oraindik azaldu egiten dute zergatik abortatzen duten, azalpenik eskatu ez arren. Erabakia justifikatzeko behar hori sintomatikoa da, haurdunaldiarekin jarraitzeko ahal izan duten guztia egin dutela demostratu beharko balute bezala».

Igoera txikia, baina etengabea

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 4.138 emakumek igaro zuten prozesu hori 2011n. Inoizko zifrarik altuena, borondatez etendako haurdunaldi kopurua haziz baitoa urtetik urtera. Fernandez Garaialdek ez du uste igoera «asaldagarria» denik; batetik, 2010ean Espainiako Gobernuak hamalau asteko epe librea onartu ostean ez zelako hazkunde izugarririk gertatu; bestetik, gorakadaren parte bat aurreko urteetako datuen zehaztasun txikiagoari egotz dakiokeelako —aurreko legearekin hainbat abortu kontaketa ofizialetatik kanpo geratzen zirela onartua dute administrazioek—. «Baina, datuei begira, agerikoa da sexu hezkuntzarekin eta antisorgailuei buruzko informazioarekin ez garela eraginkorrak izaten ari».

Sexu eta ugalketa osasuna hobetze aldera, hezkuntza arloetan neurriak hartzea aurreikusten zuen 2010eko legeak. Estrategia horri lotutako bilakaerarik ezin da antzeman 2011ko datuetan, baina hiru urtean ez da egitasmorik abiatu Madrildik. «Beti aipatzen da sexu eta ugalketa hezkuntzan dagoela giltza, baina ez dago benetako apusturik». Gazteekiko lana ikastetxe bakoitzaren esku geratu ohi dela erantsi du: «Zentroen baliabideen araberakoa izaten da, baina ez dago gaia sistematikoki jorratuko duen plangintzarik. Ez hezkuntza sailetatik, ez osasun sailetatik».

Kezkagarria da, gainera, adingabeen haurduntzeek eragin ohi duten alarmarengatik. «Kasu horiek oihartzun handia dute, beldurra ematen dutelako: 15 urterekin ume bat edukitzeak asko baldintzatuko die bizitza». Baina ez dira ohikoak: «Zifrek gorabehera handiagoak dituzte adin horietan, kopuruak txikiak direlako. Emakume helduen taldean izan den gorakada jarraia ez da gazteagoen artean gertatu».

Hutsak kontrazepzioan

Gehien 25-29 urte arteko andreek abortatzen dute, eta ondoren datoz 30-34 eta 20-24ko adin tarteak. «Emakumeen urterik emankorrenak dira». Gorakada etengabe horretan, baina, beste fenomeno baten eragina nabarmendu du Fernandez Garaialdek: immigrazioa. «Etorkinak proportzio handiagoan ari dira haurdunaldiak eteten». 2011n abortatu zuten emakumeen %44 atzerritarrak ziren, biztanleen %7 inguru ziren arren. Bi faktore ikusten ditu Auzolaneko buruak: «Batetik, babesgabeago daude harremanak eraikitzean, eta horrek dakar gaitasun txikiagoa edukitzea harreman seguruak ezartzeko, sarritan kultura matxistagoetatik datozelako. Eta bestetik, hemen dauzkaten baliabideei buruzko informazio gutxiago dute, eta baliabideok erabiltzeko aukera gutxiago ere bai».

Baina zergatik geratzen dira andrazkoak haurdun nahi gabe? %62,5ek hartzen dituzte kontrazepzio neurriak, baina antisorgailuak erabiltzean «huts egiteak» aipatzen dituzte: pilula hartzeaz ahaztea, preserbatiboa apurtzea, eraztuna edo umetoki barruko gailua txarto jarrita edukitzea... Halere, Fernandez Garaialdek azaldu du zifra horiei ez zaiela erabateko sinesgarritasuna ematen: «Emakumeei asko kostatzen zaie onartzea sexu harreman batean ez dutela babes neurririk hartu edo arrisku praktikak izan dituztela. Oso gaizki ikusia dago, baina gertatzen da».

Bikote zein sexu harreman heterosexualetan «botere desorekak» daudela argudiatu du: «Erlazioak ez dira beti andreek nahi bezain seguruak. Bortxaketara edo bestelako erasoetara heldu gabe, harreman afektiboetan gizon batzuek presio egiten jarraitzen dute, preserbatiboa erabiltzeaz ez arduratzeko, eta andreek batzuetan amore ematen dute, eztabaidak saihesteko». Nahi gabeko haurduntzeak prebenitzeko ardurak emakumeen gain dirau: «Ez dago erantzukidetasunik».

Edonola ere, andreak errudun bihurtzeko dinamika gaitzetsi du Ana Fernandez Garaialdek: «Batzuetan, antisorgailuek huts egiten dute, eta, beste batzuetan, bikoteek ez dute babes neurririk hartzen; aukera guztiak hartu behar dira kontuan legeak egitean». Funtsean, moralean oinarritutako epaiketak eta neurriak saihestearen alde agertu da: «Osasun irizpideengatik gutxitu behar da abortu kopurua».

Bihar: Medikuen gaineko kontrola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.