'Parot doktrina', eraitsita. Epaiaren ondorioak

Gaizki eginagatik ere, alde

'Parot doktrina' «justua» dela esan du Javier Gomez Bermudez epaileak, baina adierazi du Estrasburgoren epaia «zalantzarik gabe» bete behar dela.

Javier Gomez Bermudez epailea eta Amaia Izko abokatua, Donostian, atzo. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
Donostia
2013ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Ez dut iruzkin politikorik egingo, eztabaida juridiko batera nator». Hitz horiekin abiatu du Javier Gomez Bermudezek bere hitzaldia. Ez du lan makala izango, bera baita Parot doktrina deiturikoaren gurasoetako bat. Eta horregatik, akaso, gaizki eginagatik ere defendatuko du haren hurkoa. «Hanka sartze handi batean aurrean gaude», esan du Javier Gomez Bermudez Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Lehen unetik argi utzi nahi izan du ebazpena ontzat jotzen duela, baina ez duela bat egiten Giza Eskubideen Auzitegiaren «interpretazioarekin». Interpretazioa baita Estrasburgorena, interpretazioa ere berea. Justizia ez baita zientzia zehatz bat, Gomez Bermudezen arabera: justizia justizia da.

Ez da politikaz hitz egitera etorri, baina hitz egin du. Haren hitzak ia oharkabean pasatu diren arren. Esan du «abagune jakin batek» eragin duela ebazpena, «sukalde lan handia» egon dela atzean. Ondoren, epaia derrigor bete behar dela, eta Auzitegi Nazionalak eta Gorenak berriki hartu dituzten erabakiekin bat egiten duela. «Akatsgabeak» direla, «borobilak». Epailetzako kideak babestu ditu, eta botere legegilea kritikatu du: «Legegileen jarduerarik ezak sortzen ditu horrelakoak», aitortu du, eta «hanka sartzeak» egiten dituztela «legeak egiten» aritzen direnean. Gomez Bermudezentzat, baina, beste kontu bat da legearen interpretazioa. Horri buruz eztabaidatzera etorri da Gipuzkoako Abokatuen Elkargora, Amaia Izko abokatuarekin batera. Martxoan Bilbon eginikoari segida eman diote, baina orduan ez bezala, ez dago Herrira-ko kiderik mahaian, haren jarduna eten baitu justiziak.

Ukatu egin du Gomez Bermudezek botere politikoak baldintzatzen duenik epaileen lana, «kanpaiak entzutea» ohikoa bada ere. «[Parot doktrina] ez zen erabaki politiko bat izan. Politikari bakar bat ere ez zen ausartu nirekin hitz egiten», esan du iritzi publikora zabaldu nahi duen irudia indartzeko asmoz. Doktrinaren sortzea, beraz, erabaki judizial bat izan zela azaldu du. 1973ko Zigor Kodearen interpretazio «justuago» bat. Epailearen aburuz, ezin dute espetxealdi bera bete ia 30 urteko zigorra duenak eta 3.000 urtekoa duenak. «Hori ez da justua».

Ezta legezkoa ere, epailearen irudiko. Horregatik hasi zen ezartzen irizpide berria Espetxe Zaintzako buru izendatu zutenean. Orduan erabaki zuen delitu bat baino gehiago zutenei 1973ko Zigor Kodearen interpretazioa aldatzea —frankismoko kodea zela nabarmendu du eta interpretazio «baikorregiak» egiten zirela, diktaduraren osteko lehen urteetan bereziki—. Hori hala, esan du kodea «beste egoera batera» egokitu zuela, horretan aurreikusten ziren zenbait aukera «demokrazian eginiko legearen kontrakoak» zirelako. Halaber, ukatu du doktrinarekin atzerako eraginaren printzipioa urratu dela, «jurisprudentzia ez baita legea, eta kasu honetan ezin delako interpretazioen atzerako eragina aplikatu».

«Jatorrizko akatsa»

«Egun ez bezala, 1978a baino lehen bazeuden preso politikoak», azpimarratu du. Epailearen ustez, 1973ko kodeak aukera ematen zuen «asmo oneko interpretazioak egiteko». Eta aukera horietako bat zen ezohiko erredentzioena. Horregatik eta «legearen kontrakoak zirelako» erabaki zuen bertan behera uztea. «Legezko» erredentzioen kasuan, berriz, «beste era batera» ezartzen hasi zen, Parot doktrinari hasiera emanez.

Horri «beste egitate historiko» bat gehitu dio. Azpimarratu du ETAko presoek «estatuak emandako onura guztiak» baztertzen zituztela. Eta, beraz, ez dela egia aurre ikus zezaketela beren irteera data. Bi puntu horiek kontuan ez hartzea leporatu dio Estrasburgori. Hori dela «jatorrizko akatsa». «Aurreikuspen horretan oinarritzen baita». Doktrinak hori urratzen zuela dio. Eta hori, beretzat, «uste faltsu» bat da.

Aurretik mintzatu da Amaia Izko, Ines del Rioren abokatua. Hark azpimarratu du «presio politikoengatik» sortu zela doktrina. «Etsaiaren aurkako zuzenbidean» oinarritzen dela eta begia begi truk balitz bezala ezarri dela, «sistematikoki» euskal presoen kasuan. Horregatik ukatu du Gomez Bermudezen interpretazioa, doktrina berdin aplikatu baita delitu bakarra edo hamar zutenen kasuan. Era beran, epaileari galdetu dio ea zergatik aldatu zen irizpidea 2000. hamarkadan eta ez lehenago. «Urte horietan sortu zelako Espetxe Zaintzako epaitegia, eta ni izendatu nindutelako presidente», erantzun dio. Epaitegia Madrilen zentralizatu izana, bai, hori erabaki politikoa izan zela aitortu du. «Baina irizpidea nik aldatu nuen». Izkok, halaber, salatu du Espainiako Auzitegiek ez zutela atzera egin Estrasburgok lehen ebazpena kaleratu zuenean, «iltze bati bezala» atxiki ziotela «gobernuak esandakoari». Horri ez dio erantzun epaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.