Albistea entzun

Mari Luz Esteban. Antropologo feminista

«Arriskutsua da maitasuna izatea gure baliabide bakarra»

Mendebaldeko kulturan, maitasuna eta emozioak ulertzeko moduaren arabera eraikitzen dira gizartea eta harremanak, Estebanek liburu batean azaldu duenez.
JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Maite Asensio Lozano -

2011ko abenduak 24 - Basauri

Emozioen ikerketan erreferentzia da Mari Luz Esteban EHUko antropologoa. Bost urteko lana bildu berri du Crítica del pensamiento amoroso (Maitasun pentsamenduaren kritika) liburuan, eta feminismoak alboratuta edukitako gai bat mahai gainean jarri du: nola eragiten die maitasunak gizakiei eta gizarteari? Estebanek berak dio maitasuna «oso garrantzitsua» dela bere bizitzan, «baina ez garrantzitsuena, beste gauza batzuk ere badaude».

Zergatik landu du feminismoak hain gutxi maitasuna maila teorikoan?

Nahiko naturalizatuta daukagulako: ematen du hor dagoela, gizaki guztiok daukagula, kontrolaezina dela... eta arazo bat da, zeren maitasuna hala ulertzen badugu, ez dugu ikusten eztabaidatzeko beharrik. Hori onartua dugu gizartean, eta feministok ere bai, kritikoak izan arren.

Zertan datza maitasun pentsamendu hori?

Gizakia ikusteko modu bat da, baina, horretaz gain, ordena ekonomiko, politiko eta sozial bat ere bada, gizartea antolatzeko modu bat: elkarbizitza, taldeak, gizon eta emakumeen arteko harremanak, helduen eta umeen arteko harremanak, hezkuntza, sozializazioa… Hau da, bizitzeko modu bat da, eta hor erdian daude emozioak eta maitasuna. Beraz, ez da bakarrik amodio erromantikoa eta bikotea, gehiago da.

Nola antolatzen da gizartea maitasunaren bidez?

Maitasun ideologia hori hiru esparrutan eratzen eta elikatzen da: bikotean —familiaren ardatza; ordena soziala eta elkarbizitza antolatzeko modu horren erdian—, amatasunean eta zainketa lanetan. Maitasunak eta emozioek oso ondo antolatzen dute zer den garrantzitsua eta zer ez, zer dagokien gizonei eta zer emakumeei. Munduaren puzzlea ordenatzeko modu ona dira.

Nola heltzen da maitasuna mendekotasunerako mekanismoa izatera?

Pentsatuz maitatzen duenak ezin duela ezer eskatu ordainean. Emakumeoi esaten zaigu emozioen eta maitasunaren zaindariak garela; hori berez ez da txarra, baina guk amodio hori eman behar dugu, eta ezin dugu ezer eskatu: elkarrekikotasuna apurtzen da. Eta ezin baduzu ezer eskatu, boterean ez daukazu maila bera. Beste mendekotasun modu bat da emakumeei esatea egin beharrekoa maitasunaren truke egin behar dutela, eta ez diru truke; beraz, emakumeena ez da lana.

Mendekotasun hori klasearekin eta etniarekin lotzen duzu.

Fikzio erromantikoan, gidoi arrosa heterosexualetan, askotan emakumea gizona baino ilunagoa eta pobreagoa da, eta maitasuna da modu bakarra, edo onena, emakume batzuk mailaz igotzeko: gizon zuri aberats batekin elkartuz. Maitasunaren guztiahaltasunaz oso konbentzituta gaude, desberdintasun guztiak ezabatzen dituelakoan: generoa, etnia, klasea… Ez da egia. Maitasuna gure bizitzako baliabide bakarra izatea arriskutsua da.

Baina maitatzea ez da txarra...

Ez, eta ez da esan behar «ez maitemindu», baizik eta «hartu behar dituzun arnesak». Mendira kaskoarekin eta sokekin babestuta goazen bezala, maitasunean ere babestu behar dugu, ondo pasatzeko baina onik ateratzeko.

Maitasunaren bidez eraikitzen da andreen identitatea, besteei lotuta.

Emakume egiten gaituen zerbait badago, gure erdigunean maitasuna egon beharra da. Horregatik uste dut maitasuna gure erdigunetik kendu behar dugula.

Nola?

Ez dut esan nahi maitasuna bizitzatik kendu, baizik eta beste gauza batzuk jarri. Jendeak esaten duenean maitasuna dela bizitzako gauzarik garrantzitsuena, ni ez nago ados. Uste dut askatasuna oso garrantzitsua dela, justizia, elkartasuna… Nire ideologia politikoan ez nuke jarriko «elkar maita dezagun» lehen lerroan. Mundu bidezkoagoa lor daiteke maitasuna erabili gabe, leku eta une batzuetan elkarbizitza edo sen ona garrantzitsuagoak direlako, adibidez. Maitasuna tresna bat da, gauza garrantzitsuenetako bat, baina ez bakarra, ez nagusia.

Eta beste balio horiekin ezin al da maitasuna lotu?

Bai, baina solidario izan zaitezke maite ez duzun pertsona batekin. Gauza batzuk egiten ditugu maitasunaz, eta beste batzuk justiziaz, askatasunaz... Maitasunaz egiten direnak hobeak dira? Ez derrigorrean. Horregatik uste dut arindu behar dela pentsamendua: maitasunak harreman guztietan egon behar duela pentsatzea exijentzia handia da.

Elkartasuna, askatasuna… definituta dauzkagu. Eta maitasuna?

Nik definitzearen aldeko apustua egin dut, gerora definizio hori aldatzeko bada ere. Nire ustez, maitasuna elkarrekin komunikatzeko modu berezi bat da, lau aldagai dituena: idealizazioa, erotismoa, iraunkortasuna eta konpromisoa; amodio pasionalean ez ezik, maitasun harreman guztietan ematen direla uste dut.

Nola eragiten du maitasun pentsamenduak amatasunean?

Entregan: dena egin behar duzu umearen alde, zuk bigarren mailan geratu behar duzu… Konturatzen zara emakumea zarela umeak edukitzean. Gizon asko arduratzen dira seme-alabez, baina egote hori amak egiten du. Ondo dago norbait egotea, baina zergatik ama bai eta aita ez? Egote hori ezin da proiektu bakarra izan. Maitasunaz egin daitezke sakrifizioak, baina beti izan behar dute aldi baterako.

Zaintza lanak dira maitasun pentsamenduaren hirugarren ardatza.

Oso emakumeena bihurtu dugu eremu hori. Zaintzaz hitz egitean, azterketa emozionalak egiteko joera dugu, maitasunaren hizkuntza erabiltzekoa: nabarmentzen dugu oso garrantzitsua dela, zainketa onena maitasunez egiten dela… Eta hor hasten da gurpil zoroa: gu garenez emozioen zaindari, gure ardura da.

Gizonek eta emakumeek desberdin maitatzen dugu?

Seguru asko emakumeen artean desberdintasun handiak daude, eta gizonen artean ere bai. Egia da emakumeok erdigunean jartzen dugula maitasuna, dena okupatzen duela, eta aditu bihurtzen garela; gizonek, aldiz, oso ondo ikasten dute euren proiektuak baloratzen, eta hori oso ondo dago; gero maiteminduta egon daitezke, baina dena batera doa.

Elkarrizketatu dituzun andre askok hitz egin dute gizonen arazoez…

Bai, analfabetismo emozionalaz hitz egin du batek. Emakumeok heziketa emozional demasa izan dugu, gehiegizko entrenamendua, eta gizonek bat ere ez: maitemintzen dira, eta ez dakite nola bizi. Arazoa da, batez ere, ez dutela ardura hartzen: ez dute harremana zaintzen, neskek egiten dugulako. Baina uste dut klixe bat ere badela, beste aldagaiak kontuan izan gabe esaten delako. Eta klixeak ez du balio politikarako.

Lesbianismoa tresna politikoa dela esaten duzu. Nola?

Gizonen eta emakumeen osagarritasuna apurtu behar da, pertsonak ikusi, eta iruditzen zait begirada queer-lesbiano horretatik, ideologikoki behintzat, posibleagoa dela norma heterosexuala apurtzea.

Bestelako maitasun eredu bat definitzean, hiru dimentsio aipatzen dituzu. Zeintzuk?

Elkarrekikotasuna, aitortza, eta birbanaketa —boterea, dirua, denbora, prestigioa banatzea—. Maitasuna arrazoiarekin lotu behar dugu, ebaluazioarekin, negoziazioarekin... Hala ere, hiru dimentsioez oro har hitz egiten dut, ez maitatu arren. Birbanaketa, adibidez, justiziarekin lotuta dago: munduan dirua eta boterea banatu behar ditugu, ez elkar maite dugulako, baizik eta mundu justuagoa delako.

Zer negozia daiteke?

Dena, baita sexua ere.

Poligamia ere bai?

Bai. Uste dut ez dela idealizatu behar ez poligamia, ez monogamia, baina argi dago ez dugula monogamiaren eredua betetzen: gurea poligamia ezkutua da. Gai zaila da, baina horrek erakusten du beharrezkoa dela horri buruz hitz egitea.

Feministek beste modu batera maitatzen dute?

Ideologia erromantiko hori badaukagu, baina feminismoan ikasi egiten dugu, eta maitasuna, gu mendean hartzeko modua denez, gure palanka ere bada, aldatzeko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Tolosako Laskorain ikastola, artxiboko irudi batean. ©JON URBE / FOKU

Matrikulazioan gardentasun handiagoa eskatu diote eragileek Hezkuntza Sailari

Irati Urdalleta Lete

Ikastolen Elkarteak esan duenez, gardentasunik ezean ez dute ikaslerik bidaliko beste zentroetara. EHIGEk Eusko Jaurlaritzari eskatu dio legea betetzeko
Rebeca Huaytaren hilketa salatzeko kontzentrazioko artxibo irudia. ©E. PORTILLO

Emakume bat larri dago bikotekide ohiak jipoitu eta hari su eman ostean

Edu Lartzanguren Maite Asensio Lozano Javi West Larrañaga

Andrea oso larri dago, Gurutzetako erredura larrien unitatean. Bikotekide ohia 63 urteko gizonezko bat da, eta etxean egin dio eraso
Manifestazioa Donostiako EHUko campusetik irteten, atzo. ©GORKA RUBIO / FOKU

«Hezkuntza sistema sozialista» aldarrikatu dute Ikasle Abertzaleek

Jone Arruabarrena

Seinalatu dute hezkuntza sistema «enpresari handien menpe» dagoela, eta greba antolakuntzan «oztopoak» jarri dizkietela ere salatu dute
Navarra Suma taldea, osoko bilkuran xenofobiaren aurkako legea eztabaidatzen ari zirenean. ©NAFARROAKO PARLAMENTUA

Arrazakeriaren aurkako foru legea onartu dute, Navarra Suma gabe

Ion Orzaiz

Arau berriaren helburua izanen da «pertsona arrazializatuen eskubideak bermatzea» eta «administrazioaren bazterkeria» eragoztea. Navarra Sumak ez beste talde guztiek babestu dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.