Iribasen milagarren jauntxokeria

Nafarroako Gobernuak ez du Sarrigurenen ikastetxe berririk egingo. Azken sinadura soilik falta zela, atzera egin zuen UPNren gobernuak. Oraingo eskola gainezka dago.

Ikasleek, gurasoek eta irakasleek protesta ugari egin dituzte, eskola berria egin dezatela eskatzeko. J. MANTEROLA / ARP.
Iruñea
2013ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Orain, 790 ikasle daude 675 ikaslerentzako ikastetxe batean. Horiek dira Sarrigurengo (Eguesibar) ikastetxe publikoaren datuak. Ez hori bakarrik: datorren ikasturterako beste berrehun ikasle espero dituztenez, mila ikasle inguru egongo dira. Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza kontseilariak dio oraingoz ez dagoela beste eskola baten beharrik. «Ikastetxe berriak itxaron dezake 2015-2016ko ikasturtera arte ». Sarrigurengo ikastetxe publikoko hezkuntza komunitateak ez du iritzi hori. Gainera, bost hilabetez aritu dira negoziatzen Eguesibarko Udala eta Nafarroako Gobernua. Akordioa itxia zegoela dio Sergio de Carlos Sarriguren Hazi eta Hezi elkarteko kideak, gobernuaren sinadura baino ez zela falta. Azaroaren 27an, gobernuak Sarrigurengo ikastetxe publiko berria eraikitzea onartu behar zuen, baina atzera bota zuen. Iribasen enegarren jauntxokeria.

Sarrigurenen sinetsi ezinik daude. Eskola berrirako akordioak egina zirudienean, bat-bateanatzera egin zuen gobernuak. «Alkateari deitu zioten azaroaren 27an, esateko eskola ez zela 2014an egingo. Orduan, batzartuta zeuden udaleko teknikariak gobernukoekin, ikastetxeko lanak egiteko lehiaketarako baldintzak prestatzen», dio De Carlosek.

Eguesibarren gobernu aldaketa izan zen martxoan; geroztik, Alfonso Etxeberria da alkate. NaBaik eta Ezkerrak osatzen dute udal gobernua. Alkate berriarentzat, lehentasunezko gaia da Sarrigurenen beste eskola bat izatea. «Bilera mordoa egin dugu, eta mezu elektroniko eta dei asko izan dira. Hezkuntza Departamentuaren jarrera ona izan da. Udal akordio baten ostean, sanferminak pasatuta deitu nion Hezkuntza Departamentuko zuzendari nagusiari. Abuztuan ere hitz egin genuen. Segituan esan ziguten arazoa ekonomikoa zela», azaldu du Etxeberriak.

Iribasek agindu du 2015-16ko ikasturterako eskola berria egingo dutela. Baina Sarrigurenen ezin dute horrenbeste itxaron. Eguesibarko Udalak dirua badu. Beraz, udalak tratu bat eskaini zion gobernuari: udalak dirua aurreratuko zuen 2014-15eko ikasturtean ikastetxe berria izateko, eta gobernuak 2015-2016 ikasturtean itzuliko zion dirua udalari. Hasieran, itun horrek arazo legalak sor zitzakeela uste zuten. Horregatik, hiru aldeko negoziazioak egin dituzte: Eguesibarko Udala, Hezkuntza Departamentua eta Ogasun Departamentua. Negoziazioetan bost hilabete pasatu ostean, azaro bukaeran akordio bat lortu zuten. «Hitzarmena itxita zegoen. Ikastetxeak aurrekontua zuen eta lege arazoak konponduta zeuden», dio De Carlosek.

Dena lotua zuten, baina gobernuak atzera egin zuen. «Ezustekoa izan zen guztiontzat. Eguesibarko UPNk ere akordioa txalotu zuen», azaldu du De Carlosek. Orduan, Sarriguren Hazi eta Hezik bilerara deitu zuen, guraso elkarte eta gainontzeko hezkuntza komunitatearekin. Batzarraren ostean, egoerari buelta emateko indarrarekin ikusi zuten euren burua.

Itun bat zutela ukatu du Iribasek

Abenduaren 10ean, Iribasek parlamentuko hezkuntza batzordean hitz egin zuen. Miren Aranoa Bilduko parlamentariak Sarrigurengo eskolari buruz galdetu zion. Iribasek esan zuen ez zutela inolako akordiorik itxi Eguesibarko Udalarekin. Berretsi zuen eskola berriak 2015-16ko ikasturtera arte itxaron dezakeela. Iribasen aburuz, Sarrigurenen ez dago larrialdirik, eta gauzak tentuz egin nahi dituztela dio. Hau da, nahiz eta ume asko jaio eta epe ertainera goranzko joera espero, luzera begira jaiotzek behera egingo duten beldur da gobernua. Ondorioz, azpiegiturak gutxiegi erabiltzeko arriskua dagoela argudiatzen du. Horrelako zerbait gertatu da 90eko hamarkadan eraikitako Iruñeko Mendillorri auzo berrian.

Sarriguren Hazi eta Hezi elkarteko kideak ez daude batere ados Iribasek esandakoarekin. «Kontseilariak gezurra dio», esan zuten adierazpen batean. Gainera, De Carlosek gogoratu du Mendillorrin lau eskola daudela, eta Sarrigurenen, bakarra. Horrez gain, bi eskola jartzea aurreikusi zuten Sarriguren eraikitzeko egin zen udalerriz gaindiko planean. Nafarroako Gobernuak 1998an egin zuen plana, eta Yolanda Barcinak sinatu zuen, hura baitzen Lurralde Antolaketa kontseilaria.

Ez hori bakarrik; De Carlosek azaldu du lehen eskola berandu egin zutela, eta, urte eta erdira txiki geratu zenez, handitu egin zutela, baina handitze lanak ere gaizki egin zituztela. «Lehen eskolak 2007an irekia behar zuen, 2006an etxebizitzak ematen hasi baitziren. Eskola 2009an ireki zuten, eta laurehun ikaslerentzat egin zuten. Baina Sarrigurenen dagoen jaiotza tasa handia dela-eta, urte eta erdira txiki geratu zen. Handitu egin behar izan zuten. Baina, handitzean, gela gehiago baino ez zituzten egin. Jantokia, jolastokia, informatika gela eta abar berdin gelditu ziren. Hori dela eta, gaur egun ia zortziehun ikasle daude laurehun ikaslerentzat diseinatutako eskola batean», dio De Carlosek.

Gainera, abenduaren 10ean, Carlos Garcia Adanero UPNko parlamentuko bozeramaileak, aurrekontuen zuzenketak eztabaidatzen ari zirenean, Sarrigurengo eskola ez egiteko beste arrazoi bat eman zuen: aurrekontu berririk ez egotea. «Zuek nahi baduzue, aurrekontuak onar ditzakezue, eta horrela, urtarrilaren 1ean, Sarrigurengo eskola berriko lanak hasiko dira», esan zuen Adanerok. Iruzkin horrek hautsak harrotu zituen. Oposizioak UPNri leporatu dio Sarrigurengo eskola trukerako txanpon gisa erabiltzea aurrekontuak aurrera ateratzeko.

Lekurik ez egunerokoan

Aitor Garces Sarrigurengo irakaslea da. Arduratuta dago datorren urtean gertatuko denarekin. Haren ustez, Sarrigurengo eskolan ez dira ume gehiago sartzen. «Bazkaltzeko hiru txanda daude; datorren urtean bazkaria geletan banatzea planteatzen ari da Hezkuntza Departamentua», dio. Baina ez da hori arazo bakarra: gela falta nabaria dute. «Ez dago gela propiorik laguntza klaseak emateko eta pedagogia terapeutikoa egiteko. Egunero ibili behar dute gelaz gela, txoko libre baten bila».

Horrez gain, irakaskuntza curriculumaren arabera, Haur Hezkuntzako umeek psikomotrizitateko bi eskola egin behar dituzte astean, baina Sarrigurenen ezin dute. «Psikomotrizitate gela bakarra genuen. Bigarren gela guk geuk moldatu genuen, eta, hala ere, ume guztiek astean saio bakarra egin dezakete. Gimnasioarekin beste horrenbeste gertatzen da: ez dira ume guztiak sartzen, eta hainbatetan jolastokian edo beste toki batzuetan egin behar dute soinketa». Eskola berriaren alde mobilizazio ugari egin dituzte, baina ez dakite zer gertatuko den. «Akaso Mendillorrira eramango dituzte umeak, baina ez dakigu ezer. Ziurtatu duten gauza bakarra da datorren urtean ez dela eskola berririk izango».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.