Irakeko okupazioaren urteurrena (IV). Siriarekiko harremanak

Gerra Hotza Mesopotamian?

Munduko musulman xiiten eta suniten arteko gerra deklaratugabeaz hitz egiten dute askok, eta Iraken gerra zibilaren arriskua nabari da; xiiten eta suniten arteko tentsioa lehertzen bada, Irak izango da lehen biktima.

Apaiz xiita baten azalpenen zain, Bagdadeko kale batean. KARLOS ZURUTUZA.
Bagdad
2012ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Gerra ezkutua eta gordina da xiiten eta suniten artekoa. Arabiar mundua nora ezean nabigatzen ari da gaur, eta nekez aurreikus daitezke horren ondorioak». Horrela adierazi du Hadi Jaluk Iraken sustraitzen ari den ikuspuntua. Kazetari eta adierazpen askatasunaren aldeko ekintzailerik ezagunenetakoa da Jalu Iraken. Gobernuari egindako kritika gogorrek hamaika arazo sorrarazi dizkiote: segurtasun indarrek bitan eraso diote Bagdadeko bulegoari, eta ia egunero jasotzen ditu mehatxuak.

Jaluk dio «beldurraren beldur» bizi dela: «Elkar gorrotatzeko mezuak jasaten ari gara, etengabe, Irakiarrok. Alderdi politikoak daude horren atzean, baita haiek gobernatzen dituzten herrialdeak ere». Jaluk Iranen «esku hartze zuzena» ikusten du egun boterean dagoen koalizio xiitaren atzean.

Sirian duela urtebete Al-Assaden kontrako matxinadak piztu zirenetik, are ageriago gelditu da xiiten eta suniten arteko faila nagusia egun Iraken dagoela. Diotenez, makina bat irakiarrek zeharkatu dute bi herrialdeon arteko muga, matxinoekin bat egiteko. Ez da harritzekoa, Irak mendebaldeko herritar gehienak sunitak baitira, eta ugariak dira mugaz gaindiko sendi loturak.

Mugan zeharreko trafikoa, baina, ez da «kolore» bakarrekoa. Legebiltzarkide sunita Ahmed Al-Alwanik, Al-Assaden aldeko milizien mugimenduez hitz egiten du. Hori gutxi ez, eta Bagdadeko gobernuaren babesa ere badutela dio: «Al-Assaden aldeko milizia xiitak Siriako muga zeharkatzen ari dira egunero hemendik. Irak barruko kontrolgune guztiak Bagdadeko gobernuak emandako baimen bati esker igarotzen dituzte», salatu du Al-Alwanik. Horren haritik, Najafeko aireportua, Irak hegoaldean, Irandik datozen armen biltoki bilakatu dela esan dio agintariak BERRIA-ri.

Al-Alwaniren ustez, Iranek Sirian duen aliatuari eustea litzateke Al-Assadi emandako ustezko laguntzaren helburua. Egia ala ez, milizia xiitak eta sunitak irakiar lurrean bertan ere ari omen dira elkarren kontra borrokatzen. Anbarreko Brigada izeneko talde sunita batek bere azken ekintzaren berri eman du Interneten paratutako bideo batean. Ustezko miliziano xiitak garraiatzen zituzten autobusen kontrako eraso bat ikus daiteke. Konboia irakiar armadako ibilgailuek lagunduta zihoan.

600 kilometro ditu Irak eta Siria arteko mugak; beraz, nekez kontrola daiteke lur idor hartan gertatzen dena. Baina siriar errefuxiatuen iritsiera nahikoa esanguratsua da beste aldean gertatzen ari denaz konturatzeko.

Anbarreko gobernadore Qasim Mohamed Abidek bere ondoeza adierazi du: «Anbar Irakeko eskualderik arriskutsuena zen, baina gaur egun herrialdeko egonkorrenetakoa da. Tamalez,siriarren neurri gabeko fluxuak erraz zaputz lezake egundaino lortutakoa. Prest egon behar dugu honelako larrialdiei erantzuteko», dio Abidek.

Al-Qaeda nahiz irakiar erresistentziaren gotorleku bilakatu zen Anbar hainbat urtez, herritar suniten kopuru handiagatik eta kokapen geografikoagatik—Siriako mugan dago—.

Gerlari sunita ohiek osatutako Al-Sahwako miliziek muturreko islamistak kanporatzea lortu zuten. Makina bat eraso egin dituzte nazioarteko jihadistek azken hilabeteotan. Abid berak ezkerreko eskua galdu zuen atentatu batean. Errua, alabaina, ez dio Al-Qaedari soilik leporatzen: «Iranek hasiera-hasieratik eman dio babesa Al-Qaedari; ekonomikoa nahiz logistikoa. Galdetu al diozu zeure buruari zergatik ez dioten inoiz eraso Irani? Iraken, alabaina, euren ekintzek suniton kontrako jazarpena eta errepresioa justifikatzeko balio dute». Gobernadoreak gaineratu du, halaber, Sirian ere Al-Qaedaren presentzia bultzatu duela Iranek. «Al-Qaedak siriar matxinoekin bat egitea nahi zuen Teheranek, horrelako binomioak Mendebaldeko esku hartzea uxatuko duelakoan».

Okupazioaz

«Jakin badakit Libanoko hainbat miliziak bat egin dutela Al-Assadekin Sirian, baina Irakeko segurtasun indarrak berebiziko ahalegina egiten ari dira miliziano oro geldiarazteko», azaldu du Ali Al-Xalahek, Nuri al-Maliki lehen ministroaren aldeko legebiltzarkideak. Ez du ukatzen atzerriko potentziek Al-Qaedari babesa eman diotenik, baina«beste herrialde arabiarrak» seinalatzen ditu atzean.

Elkarrizketa eta Baketzerako Ministeriotik, Saad Yousif al-Muttalibik bereizketa garbia egiten du ekintzaile sunita ohien eta Al-Qaedako kideen artean: «Okupazioaren kontra borrokatu zuten gerlariekin abian da senidetze prozesua. AEBetako tropek alde egin dute dagoeneko, eta ez daukate zertan borrokatzen jarraitu»,dio Al-Muttalibik. «Al Qaedarekin, aldiz, ez dago hitz egiterik. Atzerritik etorritako fanatikoak besterik ez dira, inguruko arabiar herrialdeek lagunduta beti. Irakek xiiten eta suniten artekotokia aldarrikatzen jarraituko du, esku hartze oro saihestuz».

Baina baliteke Al-Muttalibik aipatu bake prozesua uste baino korapilatsuagoa izatea. BERRIA-k borrokalari sunita batekin hitz egitea lortu du. Jihad eta Aldaketa Fronteko kideak zioen euren komandanteen aginduaren zain zeudela, «herrialde osoan zehar erasotzeko prest». Arrazoia, honako hau: «Alemaniak Frantzia okupatu zuenean, Vichyko gobernu kolaborazionista ezarri zuen, eta tankera berekoa da Irakeko egungo gobernua. Amerikarrek alde egin dute, baina Iranek okupatu du gaur gure herrialdea».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.