Krisia Nafarroako Gobernuan

Korapilo adina galdera

Zalantza ugari daude Nafarroan egoera politikoaren garapenaz: epe laburrean nondik joko duten gobernuak eta oposizioak; batez ere, PSNk. Aldaketa, ordea, saihetsezina da BERRIAren galderak erantzun dituztenen iritziz.

Maialen Unanue - Hodei Iruretagoiena
2014ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Egun kritikoak dira Nafarroan. Denbora laburrean, egoera politikoa aldatzeko bultzada bihurtu dira UPNren gobernuaren aurkako azken ustelkeria salaketak, baina ez da erraza asmatzen nola etorriko den aldaketa, ezta nolakoa izango den ere. Hainbat alorretako herritarrei galdetuta, askotariko hipotesiak egin litezke, hamaika faktore hartu behar baitira kontuan: UPNren barne lehiak, Espainiatik datozen presioak, PSNren erabakimenaren inguruko zalantzak... Bozak dituzte gehienek zerumugan.

GALDERAK

1. Zer iritzi duzu azken eguneko gertaerez?

2. Zergatik aldatu du posizioa PSNk? Eutsiko al dio?

3. Aurreratuko al ditu bozak Barcinak? UPNren hautagaia al da?

4. Zer gako izango ditu hausteskundera bitarteko fase honek?

ROLDAN JIMENO Historian eta Zuzenbidean doktorea

«UPNren sektore kritikoa aterako da aurrera, eta bitariko gobernu bat aurkituko dugu»

1. Eskandalu bat izan da, baina ez gaitu ezustean harrapatu. Azken batean, aurretik halakorik gertatua zen, eta espero zen zerbait izan da, niretzat behintzat.

2. Agian okertzen naiz, baina nik uste dut ez dela zentsura moziorik izango, eta UPNren barruan egongo dela nolabaiteko estatu kolpea, ziurrenik Diario de Navarra-k lagundua, eta UPNko sektore kritikoa aterako dela aurrera beste hautagai batekin. Eta hauteskundeen ondoren, bitariko gobernu bat izango dugula boterean: UPN-PSN. Baina, kasu honetan, UPN, aurpegi berriekin.

3. Bai, nik uste hori izango dela gertatuko dena. Baina guztia joango da UPNk bere barnean izango dituen mugimenduen arabera. Hori ikusiko dugu hurrengo asteetan: alderdi barruko saialdi horiek, Barcina hortik kentzeko, eta hauteskundeak gainean izanda, beste aurpegi bat jartzeko aurrean. Agian oker nago, baina gertatu dena oso larria da. Eta, gainera, ziur nago Diario de Navarra-k prozesu honetan guztian protagonismo izugarria izan behar duela.

4. UPNren barne lehiak egongo dira guztiaren atzean.

AINGERU EPALTZA Idazlea

«Zer pentsatu behar dugu: 'PSN gabe aldaketa zaila da, baina PSNrekin ezinezkoa?' »

1. Nievesek ez du deus erran susmatzen ez genuenik: Nafarroakoa gobernu ustel bat dela eta gobernukideek erabili nahi dutela administrazioa beren kontuetarako. Hori ez da berria. Kontua da erran duena ez dela sindikalista bat, ez dela oposizioko parlamentari bat, foru ogasuneko buru izan dena baizik. Horrek salto kualitatibo bat ekarri du, lurrikara bat. Orain ikusi behar da hau hautsi eta parametro berri batzuetan abiatzeko momentua den, edo itxaron behar dugun hamabost hilabeteko agonia luzean.

2. PSNk dauka giltza. Halako pauso bat badakigu ez duela ematen Madrilen babesik gabe, baina ematen du PSOE atzera egiten ari dela. Erreakzio batzuk ikusi ditu, eta ematen du izutu dela, beti bezala. Hori bai, atzera egiten badu, ea zein kapital politikorekin aurkezten den PSN hurrengo hauteskundeetara. Baina hori Madrilgo alderdi sozialistari ez zaio axola. Hala balitz, azaldu beharko luke nork eman zion argi berdea, eta nork gorria. Nafarroan aldaketa bat bultzatzeak ematen du beti egiten diela kalte estatu mailan, beti erabiltzen ahal duela eskuinak PSOEren aurka egiteko arma gisa. Zer pentsatu behar dugu, «aldaketa PSNrik gabe oso zaila da, baina PSNrekin ezinezkoa da»?

3. Ez dut uste. Berak badaki emaitza ezin daitekeela ona izan. Barcinak bakarrik aurrera ditzake hauteskundeak baldin eta argi badu hurrengo UPNko hautagaia ez dela bera izanen. Baina bestela, nik uste Barcinak bere buruari jarri dion erronka bakarra dela irautea. Legegintzaldia bukatu eta etorkizuna Madrilen bilatzea. Barcinak ematen du hilotz politiko bat dela, eta hau gobernu zonbi bat dela. Baina zonbiak, nahiz eta hilik egon, oraindik mugitzen dira. Gobernu honetan dauden guztiek iraun dezakete oraindik. Hori bai, egoera hondoratuago, endekatuago batean.

4. Bi aukera izan daitezke. Zentsura moziorik balego, aurkezten duena geratuko litzateke gobernuburu. Jimenezek esan zuen bi izan behar zirela egitekoak: hauteskunde deialdia egin, eta auditoria egin. Barcina geratuko balitz, bera litzateke buru. Orduan oso giltzarri ezberdinak dira. Jimenezek zer motatako gobernua osatuko luke? Ez dakit zer daukan buruan, edo zer zeukan. Barcinaren gobernua balitz, beti bezala guri ahalik eta kalte gehien egiteko aprobetxatuko lituzke geratzen diren hilabeteak.

AINHOA AZNAREZ PSNko kidea

«EH Bildu-ETAren inguruko mamuari aurre egin behar genioke Nafarroatik»

1. Barcina presidenteak PSN gobernutik bota zuenean, Roberto Jimenezek Nafarroako Gobernuko zuloa Alvaro Miranda Ekonomiako kontseilariak esandakoa baino handiagoa zela ziurtatu zuen. Handik aurrera, Idoia Nievesek salatu ditu hainbat gertaera. Aho batez eskatutako ikerketa batzordean salatutako guztia baieztatzen bada, zentsura mozio bat izango dela iragarri dute alderdiek. Hori Barcinak ez badu hauteskundeetara deitzen.

2. Alderdi sozialistak ikerketa batzordearen ondorioak jakin nahi ditu erabaki finko bat hartzeko. Bitartean, eskuin muturreko hedabideek, UPNk eta PPk ETA-EH Bilduren inguruko mamuak zabaltzen jarraitzen dute, Madrilen har dezaketen erabakia baldintzatzeko. Horri aurre egin behar genioke Nafarroatik, argi utziz EH Bildu eta Sortu legeztatuak daudela, eta herritarron zati baten ordezkari direla. Lehentasuna zentsura mozioa adostu eta hautagaia izendatzea da.

3. Barcinak aste hasieran iragarri zuen aukera asko zeudela maiatzaren 25ean hauteskundeetara deitzeko. Egunak aurrera joan ahala, hori aldatuz joan da alderdian boterea mantentzeko. Berak badaki UPNko kideak sinadurak batzen ari direla beste hautagai baten alde, eta bere burua aurkeztu du. Aurreko bozetan bezala jokatuko du: UPNk dauka bere esku Nafarroaren egonkortasuna, bestela PSN eta EH Bildu datozela, EAEn sartzeko arriskua... Benetan barregarria!

4. Hainbat alderdik abiapuntu bat adostu dute: Ogasuneko zuzendari ohiak salatutakoa ikerketa batzordean landu, aztertu eta ondorioak atera. Nik eskatuko nuke, parlamentuan eskatuko diren erantzukizun politikoetatik at, fiskalak ikerketa zabal dezan, eta delitua baldin badago, bide penala ireki dezan. Zertarako daukagu bestela fiskaltza?

INMA ERREA Idazlea eta itzultzailea

«Aprobetxatu dute 'gu gara ustelkeriaren aurrean planto egiten lehenak' esateko»

1. Batetik, Nafarroan bada aspalditik giro politiko jakin bat. Nire ustez, testuingurua, nahiz urrunekoa izan, Espainian gertatutako ustelkeria kasuetan dago. Geure buruari galdetu behar diogu ea zergatik azaleratzen ari diren orain kontu hauek. Krisiagatik izan daiteke: azken hiru urteetan Nafarroako Gobernuak ez du bakerik izan: gorabehera pila bat izan dira. Izan daiteke egoerak berak bultzatuta gertatu izana, edo izan daiteke indar faktikoen eremuan —benetan indarra dutenen artean— zabaltzen hasiak zirela horrela ezin zela jarraitu zioten zurrumurruak. Nik uste dut Nafarroan erraza dela horrelako praktika ilunak eta ustelak gertatzea, baina beste gauza bat da horiek gero azaleratzea. Momenturen batean edo bestean lehertu egiten dira; ezin da jakin noiz.

2. Egia esan, ez dakit zenbateraino aldatu den sozialisten posizioa, edo zenbateraino sentitu den behartuta. Ni ez naiz PSNrekin fio: ez ni, ez inor. Ez dakit UPN fidatuko den edo ez. 2007ko abuztuaz geroztik dator kontua. Nievesek esandakoen aurrean, sozialistek ez zuten beste aukerarik. Eta aprobetxatu egin dute «gu gara ustelkeriaren aurrean planto egiten lehenak» esateko. Espainiako zenbait sozialistek argi ikusten dute Nafarroak nolakoa izan behar duen egungo egiturak bere horretan irauteko. Baina badira beste sozialista batzuk, hemengoak normalean, ikusten dutenak ezin dutela gauza handirik egin. Beraz, nik uste dut botatako erronkari eutsiko diotela, baina ez dakit zein neurritara arte diren sozialistak fidatzekoak.

3. Hauteskundeak aurreratzeko aukera handia dela esango nuke: kontua da, ea nola egingo den. Batetik, sozialistek planteatutakoa dago: ikerketa batzordearen emaitzei itxaron, zentsura mozioa aurkeztu eta ondoren hauteskundeetara deitu. Beste aukera bat da hamabost eguneko epea amaitu aurretik Barcinak berak bozetara deitzea, zentsura mozioaren ataka salbatzeko. Zurrumurruak entzun ditut UPNren barruan mugimenduak daudela. Aukera handia dago Barcina kendu eta haren ordez besteren bat jartzeko; hala, PSN tartean sartuz, gobernua 2015era arte iraunarazi dezakete. UPNren barneko borroka gakoetako bat da, nire ustez.

4. Eragin handia izango dute ikerketa batzordeak plazaratuko dituen emaitzek. Ea zer azaleratzen duten, ea noren lekukotasunak izango dituzten... Ea emaitzak erabakigarriak diren. Bestalde, ea epe motzera UPNko barne borrokek zein ondorio dituzten. Bi faktore horiek erabakigarriak izango dira alderdi sozialistak jarrera bat edo beste hartzeko.

JUAN KRUZ LAKASTA Kazetaria

«Erregimenarenak egin du; garaipena identifikatzen eta ospatzen jakin behar dugu»

1. Legealdi honetako eskandaluak ederki islatzen ari dira UPNk nola agindu duen Nafarroan azken 30 urteotan: boterearen erabilpen alderdikoia egin du etekin politikoak zein ekonomikoak ateratzeko. Diru publikoa lagunen patriketara bideratzen duen erregimen baztertzailea da, eta eskandaluok hilzorian utzi dute. Kudeatzaile onaren mitoa erori da. Hegemonia galtzen ari dira. Eskuin politiko, ekonomiko, mediatikoak azken 30 urteotan finkatu du nafar onak zer pentsatu, sentitu, egin behar zuen. Baina erregimenarenak egin du; garaipen hori identifikatzen eta ospatzen jakin behar dugu

2. Eutsiko dio. Hainbatetan argigarria izaten da, gaurkotasuna aztertzeko, iraganera begiratzea. Oroitzen bagara [Juan Jose] Lizarbe [PSNko] idazkari nagusi zen garaiez, pare bat legealditan gauza bera egin zuela ikusiko dugu: legealdiko lehen hiru urteetan UPNren aurrekontuak batere arazorik gabe onartu, eta azken urtean atzera bota. Nolabait, oposizio irmoaren irudia eman hauteskundeei begira; balizko aldaketaren itxaropen faltsua. Barcinaren gobernua babestu ondotik, komeni zitzaien denbora pasatzea jendeak ahantz zezan: hauteskundeetarako hamabost hilabete falta direlarik, maniobra oso komenigarria da sozialistentzat hauteskundeetara joatea Barcinaren gobernua hondoratu duen alderdia balitz bezala.

3. Ez daukat batere argi, eta nago Barcinak ere ez duela batere argi. Gaur [ostirala] gauza bat eta horren kontrakoa esan ditu. Irakurri ahal izan dugu esku artean zerabilela hauteskundeak berak aurreratzearena, eta ordu batzuetara, Rajoyrekin hitz egin ostean kontrakoa esan du: ez duela dimisiorik emanen. Bi iritzi eman ditu, biak kontrajarriak, eta zirkuitu laburra eragin dio Barcinari berari. Batetik, komeni zaio bai PSNk bai PSOEk zentsura mozio horren alde egitea Bildurekin. Bestetik, ordea, ez zaio komeni hauteskundeen aurretik beste gobernu bat egotea, tarte horretan kontu ikuskatze bat egin eta barruan dagoen zikinkeria guztia azaleratu dezakeelako.

4. Egunero ezagutzen ditugu datu eta eskandalu berriak; beraz, ez dakit zer gerta daitekeen datozen hamabost egunotan, konparaziora. Barcinak ez badu mugimendurik egiten, pentsatzekoa da ikerketaren emaitzek askorako emanen dutela. Eskuin mediatikoak, berriz, bestelako gaiak izango ditu eta haizagailua martxan jarriko. Tentsio handiko fasea izaten ahal dela iruditzen zait. Nafarroan gertatzen denaz harago, Barcina behin eta berriz saiatuko da haizatzen Madrilen baskoak datozen mamua: hori da geratzen zaion azken arma politikoa. 2007ko abuztua guztiok daukagu gogoan, eta ikusi beharko da zer-nolako mapa politiko-instituzionala zirriborratzen duten hurrengo hauteskundeek; aritmetikoki zer-nolako aukerak ematen dituen mapa horrek. Ez nuke esango Ferrazek esku hartuko ez duenik.

JOSE LUIS URIZ PSNtik kanporatua eta PSCko kidea

«Alde egin behar duena ez da Barcina: UPN oso-osorik baizik»

1. Ezustekoa hartu nuen lehenengo, nahasmendua sentitu nuen gero —adierazpen arraro batzuk entzun ostean, bereziki—, ilusioa ostean eta, azkenik, egunotan gertatutakoek aurrera sendo egin dezatelako nahia. Hala ez balitz, jende askok bere etxera erretiratu behar luke, eta agian, baita Nafarroatik ere: esandakoa bete egin behar da; are, garaiotan.

2. Ez dit askorik axola zer egiten duen, baina sumatzen dut taktikagatik egin duela. Alderdi politikoek askotan egiten duten hanka sartzea da: epe laburrera begira lan egitea. Alderdi sozialistak prestigioa nahiko galdua du Nafarroan, eta hurrengo hauteskundeetan hondamendia espero zen. Horrelako egoerek ahalbidetzen dute politikan oso bidegabea den zerbait: prestigio gutxiko politikariek, kasu honetan Jimenezek, halako egoerak baliatu ditzaketela, hain zuzen ere, indartuta ateratzeko. Batzuetan, helburuak justifikatu egiten ditu bitartekoak: gure helburua aldaketa bada, eta horrek Jimenez bi hilabetez presidente izatea badakar, ongi etorria izan dadila, batere gustatzen ez zaidan arren.

3. Airean dagoen zalantzetako bat da. UPNren estrategia izan daiteke Barcina eta Alberto Catalan jartzea —Jimenezek gehiago aguantatzen duela—, adibidez. PSNk akats bat egin du: errudunari izena jarri dio. Nafarroaren arazoa ez da Barcina, edo ez, behintzat, bera bakarrik: UPN bera eta horrek gauzatu dituen politikak baizik. Beraz, alde egin behar duena ez da Barcina, UPN oso-osorik baizik. Arazoa UPN da, eskuina, eta eskuinaren konplizeak. Errotikako aldaketa ezinbestekoa denez, berdin da UPNren hautagaia zein den. Bide batez, esan nahiko nuke Goikoetxearen kasua anekdota hutsa iruditzen zaidala CAN auziaren aldean. Oportunismo hutsa da.

4. Bi hipotesi edo agertoki posible ikusten ditut. Bata, pesimista: dena gezurra izatea. Kasu horretan Jimenez eta haren inguruko guztiek etxera alde egin behar lukete. Ziurrenik baita Nafarroatik ere. Bestea, baikorra: hitzemandako epeak betetzea, eta espero bezala, zentsura mozioa aurkeztea, trantsiziozko gobernua izatea, eta bozetara deitzea maiatzean. Hori litzateke idealena. Ni bigarrenaren alde nago. Are, hauteskundeen ostean, PSN eta Bilduren arteko akordioa desio dut
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.