Protestak herrialde arabiarretan

Oposizioaren erronka

Diktaduraren ondorioz erabat sakabanatuta eta ahulduta dago oposizioa, eta orain antolatu egin beharko du, demokrazia ezarriko bada; klandestinitatean zeudenen artean lehen alderdia legeztatu dute.

Kristina Berasain Tristan.
Kairo
2011ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Armadako Kontseilu Gorenak emandako hitza betetzen bada, historian aurreneko aldiz estatuburu zibil bat izango du aurki Egiptok. Al Ahram egunkariak jaso duenez, militarrek ez dute hautagairik aurkeztuko irailean egitekoak diren hauteskundeetara. Estatuburu horren izena iragartze aldera apustuak egiteari ekin diote Kairon; egun, baina, ezinezkoa da asmatzea zein izango den demokrazia horren aurpegia, ezen diktadura ankerraren ondorioz erabat sakabanatu eta ahuldutako oposiziotik edo iraultza sustatu duten gazteen artetik izen asko atera daitezke datozen asteetan, eta batzuk, akaso, ez dira oso ezagunak izango.

Amro Musa aipatzen dute herritar gehienek. Hurrengo presidentea izateko ezagurri guztiak dituela uste dute askok. Khaled Eidfarmazialariak ere (48 urte) horixe pentsatzen du: «Nazioartean aski ezaguna da, jaioterrian maitatua, eta karisma du». Liga Arabiarra martxoan utziko du, eta ezein alderdirekin bat egin gabe, zerrenda independente bat osatuta aurkeztuko dela eman dute aditzera hainbat adituk.

IAEA Energia Atomikorako Nazioarteko Agentziako zuzendari ohi Mohamed el Baradei da nazioartearen kutunena, baina, estereotipoak hautsita, jaioterrian ez da horren estimatua. Seme-alabei arabiera irakatsi ez izana ez diote barkatzen. Der Standard Austriako egunkariari duela astebete emandako elkarrizketan adierazi zuen bozetara premiazkoa ez bada ez dela aurkeztuko: «Egiten ahal dudan onena aldaketarako agente gisa aritzea da, baina herriak eskatzen badit aurkeztuko naiz». Al Jazeerari zehaztu dio gerora 40 eta 50 urte arteko pertsona bat ikusten duela karguan.

El Baradei trantsizioa bideratzeko eratutako jakintsuen gorenean dago. Konstituzio berria idazteko ardura du talde horrek, eta datorren asterako behar luke egon idatzita.

Trantsizioko gobernua

Konstituzioa izango da trantsizioaren bide orria. Zerrenda independenteak osatzeko eta presidentearen agintaldia bi urtera mugatzeko eskatu du oposizioak. Ituna erreformatzea ezinbestekoa da aniztasun politikorako.

Trantsizioko gobernua aldatzea da beste urrats bat. Hosni Mubaraken garaikoek osatzen dute oraindik exekutiboa, eta teknokratez osatuta egotea ezinbestekotzat jo du oposizioak. Mubarakek boterea utzi aurretik izendatutako lehen ministroak gobernu hori aldatzeko asmoa agertu du, eta oposiziari lekua egingo diola agindu du.

Baliteke hori aski ez izatea herritarrentzat. Sally Moore protestetan aritu diren gazteen ordezkarietako bat da, eta argi dauka armadak promesak betetzen ez baditu berriz itzuliko direla plazara: «Tahrirtik joan bagara, armadari konfiantza keinua egiteko izan da, baina badaki bide demokratikoari eusten ez badio berriro ekingo diogula protestari».

Herenegun Garaipenaren Eguna ospatzeko egindako festaren ostean iragarri zuen armadak ez duela protesta gehiago egiten utziko. Iraultzako gazteek, berriz, ostiralero-ostiralero elkarretaratuko direla iragarri dute, trantsizioa aurrera doala bermatzeko.

Egia da armadak urratsak egin dituela; Parlamentua desegin eta ituna idazteko batzordea eratu du. Hamar eguneko epean egitekoak dira hori, eta bi hilabeterabozkatuko litzateke. Herriaren aldarrikapenak, baina, harago doaz: Salbuespen Legea bertan behera uzteko, preso politikoak askatzeko, protestetan atxilotutakoak askatzeko eta trantsizioko gobernu teknokratek osatua eratzeko eskatzen dute. Hauteskundeak egin bitartean lasaiago aritzeko aukera emango lioke horrek oposizioari, tartean bozak atzeratzeko aukera aztertzen ari direlako hainbat. Tahrir plazako gazteak, berriz, erabakigarriak izango dira aurrerantzean. Ondo antolatuz gero, herritarren aldetik babes handia lor dezakete, eta eskuratu duten indarraren erakusle da militarrek egindako aurreneko bilera: oposizioko alderdiekin egin beharrean, haiekin egin zuten, gaur zortzi diktadorea joan eta bi egunera.

Egipton hogei bat alderdi aritu dira oposizioan erregimenaren garaian; gehienak, klandestinitatean. Horregatik, herritarrak ez dira bost alderdiren baino gehiagoren izenak esateko gai: Anaia Musulmanak, Al Uadf, El Gad, El Nasrile, Tagammu, Fronte Demokratikoa... Epaileek atzo legeztatu zuten aurreneko alderdia: Uasat (Zentroa). Alderdi hori hamabost urte aritu da ezkutuan; Anaia Musulmanen disidente batek eratu zuen: Abu Elela Madik.

Oposizioaren puzzlea

Datozen egunotan urrats gehiago izango direla iragar daiteke. Anaia Musulmanak oposizioko lehen alderdia izanda ere, legez kanpokoa da. Bozetan %30eko babesa jasoko duela diote aurreikuspenek, baina datu hori orain arteko bozekin estrapolatutakoa da, eta parte-hartzea %10ekoa baino ez da izan azken urteetan; beraz, apatia politikoan bizi izan diren herritarren esku egongo da etorkizuna. Gainera, ez da ahaztu behar 83 milioitik gorako herrialdea dela, 50 milioi gazteak direla eta belaunaldi horren botoak erabakiko duela presidentea zein izango den. Anaia Musulmanek, bestalde, gobernuak betetzen ez zituen hutsuneak beraiek bete dituztelako izan dute hein handi batean sostengua —hezkuntza eta osasun zerbitzuak eman dituzte urteotan—, eta ez hainbete euren programa politikoengatik.

Idealak eta ezaugarriak partekatzen dituzten alderdiek ezkerreko koalizio bat eratzeko gaitasuna duten ikusteko dago orain. Pausoak eman dituzte, baina oraindik lan nekeza dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.