Protestak herrialde arabiarretan. Libia

«Non dago Gaddafi?»

Gerra azkarki bizitu den arren, galdera bat dute Naluteko biztanleek: «Non dago Gaddafi?». Eguneroko bizimoduaren eta hezkuntzaren kezka ere badute, dena den.

Libiar matxinoak, Nafusa mendikatetik Tripolira bidean. KARLOS ZURUTUZA.
Nalut
2011ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Gaddafiren etxean aurkitu ditugu arma hauek guztiak», zioen harro Naluteko gerlari Massud Askarrek. Eskuineko eskuan italiar fusil arin bat zeukan, eta esku granada bat bestean. «Hiru eta erdiak aldera sartu gara, NATOk bunkerra bonbardatu aurretik, jakina. Han geunden guztiok armak hartu ditugu», gaineratu zuen txilabaz jantzitako gizonak.

Tripolin lehen erasoak hasi zirenetik, makina bat gerlari mobilizatu da Nafusa mendikateko herri guztietan. Tunisiako mugatik ekialderantz zabaltzen den mendilerro hori izan da gerraren fronte aktiboena azken hilabeteotan eta, askoren ustetan, matxinoen garaipenerako giltza.

«Nekez ikusiko dituzu arma arinak Naluten gaur. Gehienak Zauija eta Tripolira bidali ditugu dagoeneko, kalez kaleko azken gudarako», azaldu zion BERRIAri Essam Assadek, bertako gerlari komandanteak. Hiru orduko auto txangoa baino ez da Nalutetik Libiako hiribururaino.

Mendietako berbere herri hori gerlari eta arma hornitzaile nagusietako bat bilakatu da azken egunotan. Bost hilabetez hura bonbardatu zuten haraneko baseak mendean hartu ondoren, bertako gerlariak «azken erasoan» parte hartzeko prest agertu dira. Bestalde, gauza jakina da Libiako hiriburuan sartu den lehen gerlari taldea —Tripoliko Brigada— mendiko herri horretan prestatu dela azken hilabetean.

Gerra biziki azkartu den arren, hemen galdera bera dute denek buruan: «Non dago Gaddafi?».

Informazio kontrajarriak etengabe zabaltzen ari dira, eta nekez jakin daiteke zer gertatzen ari den. Gaddafiren seme Saif al Islamen ustezko atxiloketa edo ihesaldiak berebiziko nahasmena piztu bazuen, aitaren absentziak are handiago bilakatu du nahasmena: «Bere Bab Azizijako bunker hartan baldin bazegoen, ziur hilda dagoela dagoeneko. NATOk erabat erraustu zuen atzo», zioen Bessamek, Naluteko dendarietako batek. Egia izan ala ez, Gaddafi koronelak grabatutako mezu bat zabaldu zuen atzo. Tripolitik kanpo ei zegoen oposizioaren xede nagusia.

«Baliteke gezurra izatea, baina askok diote hegoaldeko muga zeharkatu duela jada, Txadera bidean, ziurrenik», zioen Muhamed Khalifak, Naluteko berbere egunkari bakarraren editorea bera. Gaddafi Venezuelan dagoelakoan daude beste asko, baita Najib ere: «Ziur nago ospa egin zuela, joan zen astean edo. Nola utz ditzake norbaitek seme-alabak atzean, akabatu ditzaten? Gaddafirengandik okerrena espero daiteke, beti asmatuko duzu eta!», zioen 34 urteko nalutiarrak.

Liburuak mintzagai

Nahasmena nahasmen, Nalutek normaltasunari ahalik eta gehien eusten dio. Oraindik sei egun falta dira Ramadana bukatzeko, eta gogotik eusten diote barauari bertakoek. Goizeko hamarretan termometroak erraz gainditzen ditu berrogei graduak, baina inork ez du ur tantarik edango eguzkia ezkutatu arte.

Azken otoitzaren ostean, Gurutze Gorriak prestatutako otorduaz gozatzen dute gerlariek, herritar arruntek eta nazioarteko hainbat kazetarik. Herriko plazan altxatu den denda handia toki ezin hobea da azken albisteak eta zurrumurruak entzuteko, arroza eta leka platerkada bikain baten aurrean. Zorionez, Gaddafi non ote dagoen ez da solasaldirako gai bakarra. Said, esaterako, oso kezkatuta dago seme-alaben eskolatzearekin: «Umeen kurtsoaren hasiera ia bi hilabete atzeratuko dute. Egia da eskolak ematen zirela errefuxiatu guneetan, baina umeentzat oso zaila zen egoera hartan ikastea».

Ulertzekoa da oso bi semeren eta alaba baten aita horren ardura. Said bost hilabetez bizi izan da familiarekin Tunisiako basamortu erdiko denda batean. Haren herrikideek ahalegin handia egin zuten ohiko materiala eta azterketak Libiatik ekartzeko. Nolanahi dela, milaka libiar umek berebiziko erronka daukate mailari eusteko. «Galdutako denbora ez da arazo bakarra epe laburrean», gaineratu du Ibrahimek, Naluteko eskolako irakasle ohiak. «Ikaste-curriculuma goitik behera gainbegiratu behar da; Gaddafiren kosmologiaren arrasto oro ezabatu behar dugu eskola liburuetatik, eta horrek ere denbora beharko du».

Naluteko biztanle gehienak bezala, Ibrahim ere amazigh etniakoa da. Arabierazko liburuak eraldatzen laguntzeko prest dagoela dio. Bere «urrutiko ametsa», baina, amazigeraz, bere ama hizkuntzaz irakastea litzateke. «Jada 55 urte ditut. Jainkoaren laguntzaz, irakaskuntzatik erretiratu aurretik ikusi ahal izango dut gure hizkuntza eskoletan», azaldu du joan zen otsailean bere ogibidea galdu zuen gizon horrek.

Eta hala izan zen guztientzat hemen. Muammar Gaddafiren kontrako errebolta otsailaren 17an piztu zenetik, irakasleek, nekazariek, bulegariek, kamioilariek… denek a­ukera bi baino ez dituzte izan: edo Tunisiara jo, edo gerra frontera.

Akramek biak ezagutu ditu dagoeneko. Tunisian hilabete eman ostean, Nafusa mendietako bere herrira bueltatzea erabaki zuen. Egun borrokalarietako bat da: «Bukaezinak ziren egunak mugaren beste aldean. Basamortuan botatako zaborra bezala sentitzen nintzen, bizitza alferrik galtzen», gogoratu du gizon bizardun horrek, Gurutze Gorriaren otordua bukatu ostean.

«Dagoeneko 40 urte baditut, Gaddafik boterean eman baino bi gutxiago. Askotan galdetzen diot neure buruari nolakoa den demokrazia eta, batez ere, noiz eta nola iritsiko den Libiara», dio Akramek.

Borrokalariaren bizkarrean, Gaddafiren Liburu berdea-ren eskultura txikituak zera gogorarazten digu, beste orri bat ixtear dagoela Libiako historian.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.