Irailaren 11ko atentatuak. Hamargarren urteurrena (V). William Rodriguez. Dorre Bikietatik bizirik atera zen azkeneko pertsona

«Ikerketa garden bat nahi nuen, Dorre Bikietan leherketak izan zirelako»

Dorre Bikietatik bizirik irten zen azken pertsona da. Irailaren 11n, hegazkinek eraikinak jo aurretik sotoan leherketa bat izan zela sinetsita dago. Gertakarien lekuko zuzena da.

William Rodriguez, World Trade Center eraikinetik bizirik irten zen azken pertsona, Dorre Bikietako orotariko giltzarekin. GARIKOITZ UDABE.
New York
2011ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Puerto Ricon magoa, ilusionista zen. 1982an New Yorkera etorri zen eta, bizitzeko diru gehiago behar zuenez, World Trade Centerren aritu zen lanean ia 20 urtez. 110 pisuetako eskailerak garbitzea zen haren zeregina. Sasoi izugarri ona zuen, eta ate guztiak irekitzen zituen orotariko giltzetako baten jabe zen. 2001eko irailaren 11n hainbat laguni dorreetatik ateratzen lagundu zien, eta, hortaz, heroi bilakatu. Bera izan zen bizirik atera zen azkeneko pertsona. Aktibistaeta Irailaren 11ko biktima hispanoen elkarteko buru modura, egun hartan ikusi, entzun eta bizitakoa kontatu dio BERRIAri.

Eguna urdin eta eguzkitsu esnatu zen, 2001eko irailaren 11n.

Horregatik, berandu esnatu eta nire gainbegiraleari deitu eta lanera ez nintzela joango esan nion. Mesedez joateko eskatu zidan, ez zeukala inor nire lana egiteko. Goizean berandu, 08:30ean iritsi nintzen, eta iparraldeko dorrera joan nintzen, 1 zenbakiko sotora [sei zeuden], American Building Maintenance konpainiaren bulegoetara.

Han beste hamalau lagunekin nengoela, 08:46 aldera, paaaaaa,eztanda izugarri bat entzun genuen gure azpian: lurretik altxatu egin gintuen, hormak zartatzen hasi ziren, sabai faltsua gainera erori zitzaigun, jendea oihuka, orientazioa galduta…

Zer pentsatu zenuen?

Argindarra sortzen zuen generadore bat lehertu zela pentsatu nuen, 2. sotoan, gure azpikoan zeudelako halakoak. Baina handik bost-sei segundora, berriro ere paaaaaa entzun genuen. Oraingoan eraikinaren gainaldean. Horma guztien kraskatekoa entzun zitekeen, jende guztia oihuka.

Felipe David izeneko Hondurasko gizonezko bat korrika inguratu zen guregana, «leherketa, leherketa» oihukatuz. Gerturatu zenean konturatu ginen eskuetatik zintzilik, oihal baten moduan, besoetako larruazala zeramala.Aurpegiko zati batzuk ere falta zitzaizkion.

Orduan, laguntza eskatzera joan zinen?

Beste dorrean zegoen laguntza zentrora deitzera nindoala, beste bat leherketa etorri zen, hirugarrena, oraingo honetan lurrikara baten antzekoa. Izugarria. Bonba bat zela uste genuen, baina sotoan geundenez ez geneukan leihorik, eta ezin genuen jakin zer gertatzen ari zen.

Felipe David hartu eta han zeuden guztiak eraikinaren zamalanetarako zegoen kamioien maldaxkara bideratu nituen. Anbulantzia bat etorri zen, eta han sartu nuen zauritua.

Orduan konturatu zinen benetan zer gertatzen ari zen?

Jende guztia aho zabalik gora begira zegoela jabetu nintzen. Segurtasunaz arduratzen zen langilearen irratitik entzun ahal izan nuen lehendabiziko aldiz hegazkin batek dorrea jo zuela. Orduan ikusi nuen zulo hura, kea, eta eraikinaren zatiak zirela uste nuen haiek beherantz erortzen; gerora jakin nuen jendea zela.

Eta zuk, 106. eta 107. solairuetan zegoen Windows on the World jatetxeko jendea gogoan...

Egunero goizeko zortzietan handik behera hasten nintzen eskailerak garbitzen. Eta aurretik bertako langileekin eseri eta gosaria dohainik ematen zidaten. Egun hartan, berandu iritsi nintzenez, ez ninduen han harrapatu.

Segurtasun langile bati irratia kendu eta dorrera sartu nintzen. Lur azpitik komunikatuta zeudenez biak, Operation Control Center (Operazio Kontrol Gunea) izenekora joan nintzen, larrialdia zen guztia antolatzen zen lekura, abisu ematera. Hara iritsi nintzenean, inor ez zegoen, denak alde eginda zeuden.

Norbaitekin topo egin zenuen bidean?

Marriot hotelerako sarrera bat zegoen tokian, segurtasunerako emakume hegoamerikar bat zegoen, dardarka. «Zer egiten duzu hemen?» galdetu nionean, «dena entzun dut, baina ezin dut alde egin, langile hasi berria naizelako eta ezin naizelako lanik gabe geratu», erantzun zidan. Izututa zegoen. Heldu eta eraikinetik ateratzen lagundu nion.

Berriro sototik iparraldeko dorrera joan zinen.

Ondo gogoan dut suteen aurkako urak ateratzen zuen soinua. Halako batean, zamalanetarako igogailuetatik«lagundu, lagundu, ito egingo gara» entzun nuen. Ez nuen ezer ulertzen. Bi pisuren artean ez gora eta ez behera zegoen. Eraikinaren gainaldetik zetorren ur guztiagatik itotzeko arriskuan zeuden. Burdina batekin atea ireki nuen. Gerriraino zeukaten ura.

Argiketariek beti eskailerak zituztela gogoratu nuen, baina zutonei giltzarrapoekin lotuta uzten zituzten inork lapurtu ez zitzan. Egun hartan, luzeena lotu gabe zegoen. Harekin atera nituen bi lagunak eta kalera eraman nituen, anbulantzietan utzi, eta berriro sartu nintzen barrura.

Hirugarren aldiz.

Jendeak oihu egiten zidan: «Erotuta zaude?». Baina nik nire lagunak nituen buruan.

David Lin polizia ofizialarekin topo egin nuen han, eta orotariko giltza nik neukan galdetu zidan.

Ate guztiak zabaltzen zituzten zenbat giltza zeuden?

Bost. Beste laurak World Trade Centerreko administratzaileek zeuzkaten, eta nik neukan bosgarrena. Lau pertsona haiek ziren larrialdietarako entrenatuta zeudenak, baina alde egiten lehenak izan ziren.

Eraikineko atarian, suhiltzaileak igogailuaren zain zeuden. David Lin poliziak, ordea, ez zebiltzala esan zien eta niri jarraitzeko agindu zien, nik oso ongi ezagutzen nuelako eraikina, eta giltza nuelako.

Zergatik ez zenien eman giltza suhiltzaileei?

Hura galduz gero sarraila guztiak aldatzea nik ordaindu behar nuelako. Pentsa, 110 pisutan zenbat sarraila dagoen!

Eskailerak ez ziren hain zabalak eta behera zetorren jendeak gurekin tupust egiten zuen. Suhiltzaile bakoitzak 25 eta 55 kilo inguruko pisua zeraman soinean. Oso zail egiten zitzaien gora egitea.

Solairuetan, larrialdi egoeretan hala egoteko erakutsi zitzaielako, jendea pasilloaren erdian zegoen, norbaitek zer egin eta nora joan esan zain. Haiek eskaileretara bideratzen nituen bitartean suhiltzaileek bulego guztiak banaka begiratzen zituzten inor geratu zen jakiteko.

Zer entzuten zen han?

Eztandak, jendearen garrasiak… 27. pisura iritsi ginenean suhiltzaileek ezin zuten gehiago, lehertuta zeuden. Ura lortu eta eman egin genien.

Telefonoa hartu eta amari deitu nion, ondo nengoela esateko, albistegietan zerbait ikusten bazuen ere. Orduan gutxi pentsatzen nuen mundu osoa telebistari begira zegoela.

Aurrera egin nuen, ateak irekiz,33. pisuraino. Han emakume bat aurkitu nuen, bakarrik, geldirik; beste guztiek alde egin zuten. Langile berria zela eta ez zekiela larrialdi batean zer egin esan zidan. 43. pisuko kafetegitik zetozen bi gizonezkorekin beherako bidean jarri nuen.

Solairu hartan garbiketa tresnak gordetzen nituen armairu bat neukan, eta maskarak hartzera joan nintzen jendeari banatzeko asmoarekin. Halako batean, 34. pisutik zetorren soinu izugarri bat entzun nuen. Mugitzen eta lurraren kontra arrastaka eramaten ari ziren zerbaiten itxura zuen, zerbait astuna. Beldurra orduan sentitu nuen lehendabiziko aldiz.

Zergatik?

Nik banekielako solairu hura hutsik zegoela. Bazkaltzeko orduan bakarrik egon nahi nuenean, solairu horretara joaten nintzen, hutsik, ezer gabe zegoelako. Egun hartan ireki ez nuen ate bakarra izan zen.

Baina gorantz jarraitu zenuen?

39. solairuraino iritsi nintzen. David Lin polizia azaldu zen suhiltzaileetako bi ofizialekin, eta hegoaldeko dorrean eztanda izugarri bat entzun genuen. Danbatekoak dena mugitu zuen.

Ed izeneko gizonezko ezindu bat 27. solairuan zegoen, asma atake bat zuen, eta hari laguntzeko agindu zidan poliziak. Hiru suhiltzailek eta nik jaitsi genuen esku-ohe batean gizona. Urduri zegoen eta, lasaitzeko, handik ateratakoan garagardo fresko bana hartuko genuela esan nion Edi.

Beherako bidean zer ikusten eta entzuten zenuen?

Oihu asko entzuten nituen. Toki guztietatik zetozen. Igogailuetan ez atzera ez aurrera geratu zen jendea laguntza eske… Oso traumatikoa zen. Suhiltzaileei begiratzen nien, eta haiekburuarekin ezetz egiten zidaten, ezin genuela ezer egin.

Eta orduan etorri zen beste eraikinetik eztanda handi hura. Izugarria. Hegoaldeko dorrearen gainbeherak eragindakoa zen.

Harrerara iritsi ginen. Dena txikituta zegoen, hautsa toki guztietan, suntsipena. Edi lehendabiziko laguntza ematen ari ziren bitartean, suhiltzaileetako batek anbulantzia prestatzeko eskatu zidan. Eraikineko ate aurrean geratu nintzen, eta kanpotik jendeak oihu egiten zidan: «Ez begiratu atzera»,…

Nahikoa hori esatea atzera begiratzeko!

Nire bizitzan ikusi dudan gauzarik okerrenarekin topo egin nuen: bere burua bota zuen jende guztiaren gorpuekin. Kolpe handia izan zen hura. Ezin zen inor ezagutu, haragi puskak ziren, odola toki guztietan.

Eta, halako batean, ezagutu nuen pertsona bakarra: 33. pisutik alde egiten lagundu nion emakumea, bi zati eginda. Seguruenera kristal zatiren bat eroriko zitzaion gainera, eta hark gillotina moduan ebaki zuen bitan.

Orduantxe hasi zen bigarren dorrea erortzen?

«Korri, korri», oihukatzen hasi ziren denak. Jende guztia ahal zuen tokira alde eginez. Suhiltzaileen kamioi bat ikusi nuen nire parean eta haren azpian sartu nintzen. Eraikina kamioiaren gainera erortzen hasi zen, erabat azpian harrapatuta geratu nintzen arte.

Telebistako bi kamerarik, ordea, ikusi egin ninduten eta dorretik bizirik ateratzen ikusi zuten azkeneko pertsona zein gunetan zegoen esan zieten erreskate taldeei. Bi ordu eta erdiren ondoren atera ninduten.

Zerk lagundu zizun han azpian bizirik mantentzen?

Hautsarekin ezin nuen arnasarik hartu, erre egiten ninduen. Mago nintzenean gorputza erlaxatzeko eta oxigenoa aurrezteko ikasi nituen teknikek asko lagundu zidaten.

Osorik eta ondo nengoen. CNNko kamerak harrapatu ninduten segituan, eta ez dakit zer esan nuen. Amak bizirik nengoela ikusteko balio izan zuen.

Zer egin zenuen gero?

Arratsaldeko laurak arte-edo obra hondakinak mugitzen geratu nintzen. Ez zegoen ezer. Hurrengo egunean berriro itzuli nintzen. Kontuan izan lagunak neuzkala, eta badakizu, esperantza…

Gertatutakoa ikertzeko eskatzen hasi zineten berehala.

Bost lagun joan ginen Kongresura, Irailaren 11ko atentatuak azter zitzatela eskatzera. Gobernuak ez zuen ikertu nahi. Azkenean, Irailaren 11ko Batzordea sortu zuten.

Nik ere testigantza eman nuen, azpiko sotoan entzundako eztandarena kontatuz eta gertatutakoa xehetasun osoz emanez. Azer ezustekoa bukaerako txostenean nik esandakoak agertzen ez zirela ikustean. Sekretua omen dira. Gainera, 22 lekukoren izenak ere eman nizkien. Ez ziren inorekin harremanetan jarri, eta zerrenda galdu egin zutela esaten dute.

Konspirazioaren teoriak sortzeko arrazoi gehiago.

Nik ez dut ezer esaten. Ikerketa gardena nahi nuen, Dorre Bikietan leherketak izan zirelako. Eta ez naiz hori esaten bakarra.

Zerbait ezohikoa pasatu zen aste pare bat lehenago dorreetan?

Hori da teorietakoa bat. Aste batzuk lehenago argindar guztia kendu zutela eta horrela prestatu zutela eraikina. Baina han 20 urtez lan eginda, ondo dakit urtean bitan egiten zela hori, ur ponpak probatzeko.

Nolako tratua jaso duzue biktimek?

Oso txarra. Bereziki komunitate latinoamerikarrak: paperik gabekoak zirelako, diru laguntzak ukatu zizkieten, jendea deportatzen hasi ziren… Baina lan askoren ondoren, amnistia ekonomikoa eta deportazioak geratzea lortu genuen. Platerak garbitzen zituenak eta finantzetan lan egiten zuenak modu berean galdu zuten bizia.

Politikan aritzeko eskaintza ere egin zizuten...

Errepublikanoek. Boto latinoa lortzeko tiradizoa izan nintekeela pentsatzen zuten. Ikasketak eta dena ordaindu zizkidaten. Baina haiek bukatu eta ez nintzen politikan sartu.

Zeuk egin duzun dokumental bat aurkeztekotan zara irailaren 11n.

Bai, From the Rubbles izena du (Obra hondakin artetik). Eta lekuko askoren bizipenak biltzeaz gain, Ted Gunderson FBIko buruak kontatzen dit nola bildu zen Osama Bin Ladenekin AEBetan. Gunderson duela hamabost egun hil zen, minbiziarekin.

Interesgarria…

Eta oso gogorra, ikusiko duzu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.