Palestina. Kulturgintza lurralde okupatuetan (IV)

Okupaziotik herria sortzen

Banaketez harago, palestinarrak elkartzeko gai diren erreferenteak sortzea da lurralde okupatuetako kultur eragileen helburua. Okupaziopean, herrigintzari lotzen zaizkio ezinbestean: «Ez gara harekiko abstraktuak».

Samara Velte.
Betleem
2014ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Itxura batean, musika eskola arrunta da Betleemgo Edward Said kontserbatorioa: dozena erdi bat ikasgela argitsu, pianoren bat edo beste, sabai garaiak eta musikari gazteentzako bi ikas-programa: instrumentu arabiarrena eta Mendebaldeko musika klasikokoarena. Munduko beste edozein lekutan, nekez espero liteke halako proiektu batek aparteko asmo politikorik izatea. Baina Edward Said kontserbatorioa Palestinako lurralde okupatuetan dago, eta han ezin daitezke bereizi kulturgintza eta politika; bestela, politikak kulturgintza jaten baitu.

«Bi okupazioetan, 1948koan eta 67koan, palestinarron kultura zapaltzen saiatu zen Israel, gure nortasuna ere suntsituko zuelakoan», azaldu du Mohammad Maragha kontserbatorioko irakasleak. «Orain, instituzio guztiak behar ditugu nortasun kolektibo hori indartzeko, eta hori hezkuntzaren bidez egiten da: haurrei erakutsi behar zaie nola izan leial norbere kulturari. Gainera, musika motibazio handia da haientzat: pentsaera askea bultzatzen du, eta, horren ondorioz, baita sormena eta nortasuna ere. Horrek garrantzi handia du nazio eraikuntzan; ez gara harekiko abstraktuak».

Kontserbatorioa bost irakaslek sortu zuten 1994an, egoitza xume batean. Gaur egun, mila ikasletik gora dituzte lurralde okupatuetako hiri nagusietan: Gazan, Ramallahen, Jerusalemen, Nablusen eta Betleemen. Birzeit unibertsitatearekin daukaten hitzarmenari esker, izaera ofiziala dute haien ikastaroek. Bestela, zaila litzateke haien jarduna: «Asko kostatu zaigu gauden lekura iristea. Zerga asko ordaindu behar izaten ditugu, eta ez dugu ezer jaso nahi Israelgo Gobernutik, ez gaudelako prest legez kanpoko aginte baten finantzaketarik onartzeko». Tel Aviventzat, susmagarria da kontserbatorioa: «Etengabe zelatatzen gaituzte, eta kontu handiz lan egin behar izaten dugu».

Lurralde okupatuetan lan egitea beti da zaila. Hasteko, armadak muga guztiak kontrolatzen dituelako. «Irakasleak kanpotik ekartzen saiatzen gara, baina ezin diegu bermatu gelditu ahal izango direla. Iaz, Italiako irakasle bat deportatu zuten: Palestinako erakunde baten baimena behar zuen hemen lan egiteko, baina guretzat ezinezkoa zen hura lortzea».

Atzerriko baliabideen menpe

Musikagintzan ez ezik, beste arte diziplina gehienetan ere material eta azpiegitura garestiak behar izaten dira. Okupazioaren pean, ordea, ia ezinezkoa da kultur industria nazional bat sortzea, eta palestinarren egitasmo nagusiak atzerriko diru laguntzen menpe gelditzen dira maiz. «PANek ez du diru sarrera propiorik; Israeldik jasotzen du zertxobait, eta gainerakoa, beste herrialdeetatik. Egoera politiko honetan, ez daukagu potentzialik ekonomia independente bat edota kultur erakunde egonkorrak sortzeko». Palestinan egiten diren film gehienak ere Europako ekoiztetxeek finantzatzen dituzte; gehienek ibilbidea ere atzerrian egiten dute gero, ez etxean.

Maila pertsonalean ere, askok dituzte arazo ekonomikoak. Edward Said kontserbatorioaren kasuan, Ramallah aberatseko ikasleek aise ordain dezakete matrikula, baina beste asko auzo behartsuetan edota errefuxiatu guneetan bizi dira. Kontserbatorioak guztiak nahi ditu: «Gure bokazioa zabaltzea da. Badakigu ikasleek ezin dituztela beti ikastaroak ordaindu; horregatik, funtsekin laguntzen diegu. Gazakoek, esaterako, ez dute ezertxo ere ordaintzen; Nablusekoek, oso gutxi; eta Ramallahen eta Betleemen, bekak ematen ditugu».

Israelgo Gobernuaren bereizte politikak ere nabarmen zailtzen du haien arteko elkarlana. «Harresia ez bada, kontrolguneak dira; palestinarrok banatuta gaude. Ia ezinezkoa zaigu Gazatik Ramallahera eta Ramallahetik Jerusalemera joatea. Gaza erabat bakarturik dago, eta Zisjordaniakook ezin gara Jerusalemen sartu. Horrek nekeza bihurtzen du artisten arteko harremana: ezin ditugu batetik bestera eraman».

Xarif Kanaana antropologoaren arabera, banaketa horrek kalte handia eragin dio azken urteotan palestinarren kultur transmisioari. «Okupazioak egunero suntsitzen du gizartea, arlo guztietan. 1948ko sakabanaketan, 800.000 palestinarrek utzi behar izan zuten euren herria; hori bakarrik nahikoa da kultura bat desagerrarazteko. Gizarte baten suntsipen fisikoa da, eta, hura gabe, ezinezkoa da kultura batek irautea».

Kanaanak folklore palestinarra aztertu du nagusiki; gaur egun, Birzeit unibertsitatean dihardu irakasle. Haren ustez, kultur tradizioaren transmisioa galtzen ari da: «Ez dago nahikoa komunikaziorik, batez ere atzerrian bizi direnekin. Folkloreak lagundu dezake Palestinan gelditu direnen nortasun kolektiboa indartzen; baina, munduan sakabanatuta daudenen kasuan, oso zaila da tradizioa mantentzea, batez ere arabiarrak ez diren herrialdeetan. Munduko palestinar askok ez dakite arabieraz hitz egiten ere».

Banatutako komunitateen arteko zubiak sortzea ere bada Edward Said kontserbatorioaren helburuetako bat. Horretarako, musika lehiaketa nazionala antolatzen dute urtero; lurralde guztietako palestinarrak elkartzeko aukera apurretako bat da. Guztiek ezagutzen dituzten kultur erreferenteak indartzeko erabiltzen dute. Maragharen arabera, folklorea baliagarria zaie horretarako: «Ahozko tradizioak gure herriaren istorioak kontatzen ditu. Horregatik, kanta horiek erakusten ditugunean, hitzak eta historia ere aztertzen ditugu ikasleekin». Arab Idol telebista saioa jarri du adibide gisa: azkena Mohammed Assaf gazatarrak irabazi du. «Kantu zaharrak abesten ditu; palestinar guztiek dakizkiten kantak dira, baita kanpoan bizi diren iheslariek ere».

Kanaanaren ustez, garrantzitsua da halako elementuak bilatzea: «Elkartu eta banatzen duten egituren arabera osatzen da nortasun kolektiboa: barrura begira, elkartu egiten du, eta kanpora begira, bereizi. Intifadarekin identifikatzea, esaterako, oso palestinarra da; arabiarrak izanagatik, Egipton edo Sirian ez lirateke identifikatuko mugimendu eta antolaketa modu horrekin».

Boikot kulturalerako deia

Okupazioa amaitu ezean, ez da sortuko kultur industria palestinar sendorik. Horregatik, Israelen aurkako BDS boikot, desinbertsio eta zigorren kanpainak arreta berezia ipintzen du kultur arloan: Israelen zigilupean diharduten erakunde kultural eta akademikoekin harremana erabat eteteko eskatzen die nazioarteko eragileei. Ikusgarritasun handiko kasuak izaten dira: Johannesburgoko unibertsitateak 2011n eten zuen harremana Israelgo akademiarekin, eta geroz eta luzeagoa da Israelen agerraldiak egiteari uko egin dioten artista eta intelektualen zerrenda: besteak beste, Cat Power, U2 eta The Pixies musikariak; Jean-Luc Godard eta Ken Loach zinema zuzendariak; eta hainbat idazle.

BIHAR: Emakumeen mugimendua (eta V).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.