Protestak herrialde arabiarretan. Libia

'Apartheid' arriskua Libia berrian

Beltzak dira. Saharaz hegoaldeko herrialdeetan jaio eta urteak eman dituztenak Libian lanean. Gaddafiren Libian. Horregatik, matxinoek atxilo hartu eta preso sartu dituzte. «Errudunak» ote diren ikertzen ari dira.

Tripoliko Medinako espetxean, Matxinoen Kontseiluko kideak eta Saharaz hegoaldeko presoak zaintzen. KARLOS ZURUTUZA.
Tripoli
2011ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Nire bi anaia gauean hartu eta espetxe honetan sartu dituzte». Negar batean dago Zeinab Muhamed. Emakume txikia da, beltza. Aurpegian beduinoen ohiko tatuaiak dauzka.

Bistan denez, antzinako kirol kluba zena erabat eraberritu da azken egunotan. Orain gutxi, bertan elkartzen ziren itsasontzi eta belaontzien jabeak, itsas aurrean; orain, aldiz, gauez atxilotutakoak eta euren senideak.

«Beltzak dira denak, eta ez libiarrak. Gaddafik dirua eman zien gure jendea akabatu zezaten. Zer nahi duzu egitea?», dio Abdelhamid Abdulhakimek, auzoko Matxinoen Kontseiluko kideak. Prentsaren ezusteko bisitak urduri jarri du gizona.

«Libiarrak ez garela? Txaden jaioa naiz baina Sabhan [Libiako hegoaldean] eman ditut azken hogei urteak. Eta Libiako pasaportea daukat», erantzun dio beduino txikiak.

«Badakizu nola egiten zuten lan nazioarteko kazetariek Gaddafirekin, ezta? Bada, zuek hemen zaudete espetxe batean eta nahi dituzuen galderak egiten… ez al zaizu demokraziaren nahikoa froga iruditzen?», diosku Abdulhakimek, aurreko emakumeei bizkarra emanda.

Gaddafirentzat lanean

Salwa Eisa tartean sartu da. Bere senarrarentzako janaria dakar poltsa batean. Duela bi urte iritsi ziren biak, Txadetik. Beltzez jantzitako 36 urteko emakumeak errugabea dela dio: «Gainontzeko guztiak bezala, Medinakoak [alde zaharrekoak] gara Abdula eta biok. Nire gizonak era guztietako lanak egin ditu gure familia sustengatzeko baina, inola ere ez, jendea hil», dio emakume altuak, etsita.

Agintean eman dituen lau hamarkadetan, Gaddafik saharaz hegoaldeko makina bat herritar gonbidatu zituen Libiara. Herrialde handia da hau, petrolio erreserba erraldoiak dauzkana. Jende kopurua, ordea, ez dator bat oparotasun horrekin. Libiarrak apenas diren sei milioi lagun, eta esku-lan merkea izan da Ipar Afrikako herrialdearen gabezia nagusia. Gaddafiren gerlarien harrobietako bat izan ohi da Libiaren hegoaldea, eta honek berebiziko mesfidantza sortu du matxinoen artean.

Espetxean sartu ahal izan gara, sarreran paratutako Gaddafiren erretratuaren gainetik. Eraikinaren atzealdeko futbol-zelai txikian aurkitu ditugu presoak, itzaletan eserita.

«Ghanakoa naiz eta lan egitera etorri nintzen Libiara, ez besterik», esan digu beraietako batek. Armatutako zaindariek presoekin hitz egitea debekatuta dagoela gogorarazi digute. Ados.

«Ez daude atxilotuta. Hemen egongo dira ikerketek iraun bitartean. Errugabeak, jakina, aske geldituko dira; besteak, Jdeidara [Tripoliko presondegi nagusira] bidaliko ditugu», azaldu digu Ali Mohamedek. 22 urteko gazteak «Matxinoen Kontseiluko inspektorea» dela diosku, harro.

Hainbat faktorek eragin dezakete ikerketaren azken emaitza: etxean armak izatea, gerra-zauriak gorputzean, edo armak maneiatzen agertzea euren sakelako telefonoetako bideoren batean.

Bestelako «frogak»

«Nola dakidan errudunak diren? Denok ezagutzen dugu elkar auzo honetan», dio zaindarietako batek. «Presoek tortura ezin krudelagoak jasaten zituzten Gaddafiren eskuetan. Hemen daudenak, aldiz, gizaki bezala hartzen ditugu», gaineratu du elastiko horiz jantzitako gizonak.

50 preso omen daude Medinako espetxean. Antza, borobilak dira hiriburuko datu orokorrak: «Ez dugu ezagutzen egunotako atxilotuen kopuru zehatza, baina bost mila inguru direlakoan nago». Tripoliko Kontseilu Militarreko bozeramaile Aladdin Mabrukek esan zion atzo AP berri agentziari.

Hainbat nazioarteko erreportarik razzia hitza erabili dute Tripoliko alde zaharrean gauetan ikusitakoa irudikatzeko. Mikel Ayestaran euskal kazetariak honela deskribatzen zuen ostegun gauean ikusitakoa: «Medinako kaleak estuegiak dira autoentzat, beraz, hamar laguneko patruiletan joaten ziren poliziak. Etxez etxeko ibilbidea egin ondoren, espetxera oinez eramaten zituzten atxilotuak gero. Beltzak ziren denak».

Mohamed El Gadi izeneko gazte bat ere bertaratu da espetxean. Duela bost egun abian jarritako elkarte bateko kide da tripoliar hau. Taldeak Elkarrekin Herrialdearen Alde du izena, eta Libian inoiz existitu ez den gizarte zibila eraikitzea ei du helburu. «Egunotan hainbat auzotako espetxeetatik igaro gara eta ez dugu sumatu tratu txarrik presoekiko», dio El Gadik. Ibilbide handiko beste nazioarteko elkarte batzuk, ordea, oso bestelako inpresioa jaso dute azken asteotan. New Yorken egoitza duen Human Rights Watch-ek, esaterako «beltzekiko tratu txarrak eta hilketak frogatzeko ebidentziak» daudela argitaratu du. Bestalde, Amnesty International tratu txarren zenbait kasuren lekuko izan da hiriburuko hainbat ospitaletan. «Gure aurrean egindakoa ikusi eta gero, biziki kezkatzen gaitu bistatik kanpo gerta daitekeenak», zioen Amnesty Internationaleko buru Claudio Cordonek.

Egunero bezala, muezinak otoi egiteko gonbita luzatu du ilunabarrean. Tripoliko Medinan, baina, eguzkiak itsas azpian egin duen bezala, gizonak etxean gordeko dira. Kale estu, ilun eta zikinotan umeak eta nerabe taldeak besterik ez dira ikusten. Oraindik goiz da jakiteko euren gurasoak bertan jaikiko ote diren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.