Protestak herrialde arabiarretan. Libia

NATO, airetik bakarrik ez

Libiako gerran airetik bonbak botatzera mugatu dela adierazi izan du NATOk, baina erakunde militarraren parte hartzea hori baino handiagoa izan dela uste izateko zantzuak ugariak dira.

NATOk Tripolin zabaldutako panfletoak, Gaddafiren aldekoak kikiltzeko. - / BERRIA.
Tripoli
2011ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Egun ez da erraza NATOk Muammar Gaddafiren aldekoak kikiltzeko zabaldutako panfletoak aurkitzea Tripoliko kaleetan, baina, zortea lagun, oraindik ere topa litezke kaleko zabor eta gerra erraileen artean. Antza, piloturik gabeko hegazkinen aroan, II. Mundu Gerraren garaiko panfletoen modukoak ere erabiltzen dira. BERRIAk batzuk eskuratu ditu egunotan.

Batean honako mezua irakur daiteke: «Ez daukazue NATOren adinako indar militarra. Armak bertan behera ez uztekotan, akabatuko zaituztegu». Azpialdean, airetik lehertutako tanke bat ikus daiteke, mezu beraren alboan.

Beste panfletoak zera helarazten die Gaddafiren jarraitzaileei: «Libiar armadako ofizial agurgarriok, Nazioarteko Zigor Auzitegiak gizateriaren kontrako krimenak leporatzen dizkio Gaddafiri. Horrenbestez, bere aginteari uko egitea eskatzen dizuegu, eta libiar herriaren kontrako operazio militar oro etetea aldi berean. Gizateriaren kontrako krimenak burutzen dituen oro Nazioarteko Legedia hausten ari dela jakinarazten dizuegu. Ofizial askok Gaddafiri bizkarra ematea erabaki berri dute, zibilen kontrako erasoa saihestuz horrela. Euren aldean kokatzea gomendatzen dizuegu».

Panfletoaren beste aldean, Gaddafiren jarraitzaile eta kontrakoen arteko enfrentamendu bat ikus daiteke. Alboan, Omar Muktar, Libiako independentziaren heroia. «Beste libiar bat hiltzen duena Libia txikitzen ari da», dio bi irudion arteko testuak.

Lurretik ote?

NATOk ez du bulegorik Libiako hiriburuan. Gerlarien laguntzaile misteriotsuez hasieratik hitz egin bada ere, erakunde militarrak beti ukatu du NATOko kiderik izan duela herrialdean. Baina badirudi haren parte hartzea Libiako gerra zibilean martxoan hasitako aireko bonbardaketak baino harago joan dela.

«Frantziar bi eta amerikar bat», zioen Naluteko gerlari Kalid Azibak, Nafusako mendikatean. «Joan zen hilean alde egin zuten, Naluten hiru hilabete eman ostean». Kasualitatea edo ez, NATOk Nalut inguruko hiru objektibo jo zituen duela hilabete, Tripolin bukatu berri den erasoaldiari bultzada itzela emanez horrela.

Libiako hiriburuan sartu ziren lehenengo matxinoak, hain justu, Tripoli Brigadakoak izan ziren, abuztuaren 20an. Herrialde barruko nahiz diasporako libiarrek osatutako taldea Nalut herrian entrenatu zen. «Hiriburuaren kontrako azken erasoa prestatzea» helburu zutela helarazi zion BERRIAri Bashir Hajaz komandanteak, iragan hilean.

Tripoli Brigadako gerlari Fituri Ali Sahad ere elkarrizketatu zuen BERRIAk Naluteko ospitalean. Hankan zauritutako 29 urteko gerlariak zera esan zigun: «Hasiera-hasieratik izan zen gurekin irlandar kazetari bat. Altua zen, begi berdeak, ile motza, 30 urte inguru… Gezaia, Takut, eta bideratu genituen gainontzeko eraso guztietan gurekin etorri zen. Bere egunkariarekin hitz egiten zuen, etengabe, satelite bidezko telefono batetik. Eskarmentu militarra zeukalakoan nago orain», zioen 29 urteko brigadistak. Gerlari amazigak gaineratu zuen apenas izan zuela harremanik harekin: «Irlandar kazetari hark ez zekien arabieraz, eta bere lau bizkartzainekin egoten zen beti».

Beraz, zibilak airetik bonbardatu ez ezik, baliteke NATOk uste baino parte askoz ere handiagoa hartu izana Libiako Gobernuaren kontrako deklaratu gabeko gerra honetan. Hein batean, erasotzen ari den erregimenaren ispilu bilakatu da munduko erakunde militarrik handiena.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.