Udalbiltza berrantolatzeko prozesua

Udal hautetsien ordua

Ekainaren 30ean bilduko dira, Iruñean, Udalbiltza berrantolatzeko prozesuarekin bat egin duten hautetsiak. Bilera horrek «lehen urratsa» izan nahi du Euskal Herriko instituzio politiko bakarra berriz abiarazteko bidean.

Martxoaren 31n aurkeztu zuten Udalbiltza berrantolatzeko egitasmoa, Irungo Ficoban eginiko agerraldi batean. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
2012ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Atxikimendua emateko eskutitzak iristen ari dira udaletxeetara, eta hautetsiak «gogoz» erantzuten ari dira. Kopuru zehatzik ez dute oraindik eskutan Udalbiltza berrantolatzeko ardura bere gain hartu duten taldeko kideek, baina «itxaropentsu» daude. Ekain amaieran egingo dute lehen bilera, eta udazkenera arte irekita egongo da atxikimendu kanpaina. Euskal Herriko 685 udaletara bidali dituzte eskutitzak, Euskal Herriko 6.500 hautetsiei. Zazpi herrialdeetako udal eta hautetsi guztiei, alegia.

Ekainaren 30ean egingo dute lehen bilera, Iruñean. Oraindik zehazteko dago zein izango den bileraren formatua. Jakinarazi dutenez, parte hartzea izango da oinarria, eta hautetsien proposamenei irekita egongo da. «Lehenengo indar neurketa egingo dugu, tamaina hartuko diogu egitasmoari, eta ekarpenak biltzen hasiko gara», adierazi dio BERRIAri Igor Eguren talde sustatzaileko kide eta Ordiziako alkateak.

Egurenek gogora ekarri du 1998ko otsailean antolatutako bilera. Orduko hartan, Iruñeko Karlos III.a aretoan eman zioten hasiera Udalbiltza sortzeko prozesuari, eta, hilabete batzuk geroago, Bilboko Euskalduna jauregian hasi zuen bidea egiten Euskal Herriko lehen instituzio politiko nazionalak. 1998ko bake prozesuaren testuinguruan sortu zen Udalbiltza, eta Lizarra-Garaziko Akordioaren sinatzaileek sustatu zuten. 1999ko irailean, Bilboko Euskaldunan eginiko ekitaldian, alderdi abertzale guztietako ia 2.000 hautetsi bildu ziren. Jon Jauregi jeltzaleak irakurri zituen erakundearen sorreran bost oinarriak. Bake prozesuaren hausturak —1999ko azaroan—, baina, Udalbiltzaren zatiketa eragin zuen. Batetik, ezker abertzaleko hautetsiak, eta, bestetik, EAJko eta EAko hautetsiak.

1999. urteko prozesuaren antzera egituratu nahi dute Udalbiltza berrantolatzeko egitasmoa. Aurrena, atxikimendu bilketa egin. Ondoren, erantzunak neurtu, eta, horren baitan, lehenengo pausoak zeintzuk izango diren zehaztu. Egurenek azaldu duenez, uda igaro ostean oinarriak jartzen hasteko prest egongo dira. «Guk buruan genuen berrantolaketa hau ez luzatzea denboran. Uste dugu badagoela Udalbiltza berrantolatzeko feedbacka, eta hori baliatu behar dugu», azaldu du Egurenek.

Gehiegi luzatzen ez bada, urtea amaitu aurretik Udalbiltza berrantolatuta egotea da talde sustatzailearen asmoa. «Hemen ez dago ezer diseinatua aldez aurretik. Ekarpenak jasotzen ari gara, eta horiei buruz hausnartuko dugu. Hautetsiei dagokie hau guztia nola garatuko den erabakitzea», nabarmendu du Egurenek.

Jeltzaleen zalantzak

Martxoaren 31n Irungo Ficoba erakustazokan egin zuten egitasmoaren aurkezpena. Hainbat pentsaera eta alderdi politikotako ordezkariak izan ziren han. Baina nabaria zen baten falta: EAJko hautetsirik ez zen izan bertan. Alderdi jeltzaleko kideekin harremanetan jarri direla dio Egurenek, eta azken hilabeteetan bilera batzuk egin dituztela. Talde sustatzaileko kideak azaldu duenez, bilera horietan «hainbat kontu» egon dira mahai gainean. «Epe kontuak, bereziki». Hori hala, ziur da hitz egiten jarraituko dutela.

«Berriz ere irudikatu nahi dugu lehengo Udalbiltza horrek izan zuen zentzua. Bost oinari horiek hamabi urteotan izan diren bi adierazpenek defendatu eta mantendu dituzte», nabarmendu du talde sustatzaileko kideak. Horren harira, adierazi du «kontuan hartzekoa» dela aurtengo Aberri Egunera begira Udalbidek eginiko adierazpena. «Ildo bertsuan gaudela ikusten da. Ez dugu lortu egun existitzen den adierazpen ofizial hori [Udalbide] berrantolaketa honen inguruan moldatzea, baina ezin dugu esan ikuspegiak kontrajarriak direnik», azaldu du.

Egurenek, halaber, uste du «garai politiko berriak» hauspotu egin dezakeela bat egitea. Hala, egungo jokalekura iristeko «sukalde lan handia» egin dela dio, eta indar hori baliatu behar dela Udalbiltza berrantolatzeko. «Aro politiko honek itxaropena ekarri du, nahiz eta gero nahas-mahasean hasten garen hauteskundeak hurbiltzen direnean. Baina zalantzarik ez dago horrelako egitasmo bat abiatzen denean itxaropen giro hori baliatu behar dela, jendea gogoberotu egiten delako, eta jendea prest dagoelako gehiago emateko».

Udalbiltzaren absoluzio epaia ere gogora ekarri du Egurenek. «Egun, banaketa hori eragin zuten arrazoiak ez daude mahai gainean».

Ezkorrago azaldu da, aldiz, Maria Eugenia Arrizabalaga Udalbideko zuzendaritza batzordeko presidentea eta EAJren GBBko bozeramailea. Arrizabalagak argi utzi nahi izan du Udalbide dela Udalbiltzaren egitura juridikoa daukan elkarte ofiziala. Alegia, diru laguntzak banatzeko edo bestelako harremanak egiteko erabiltzen duen «marka». Udalbideren atzean dago 2000tik aurrera, bereziki, EAJko hautetsiek osatzen duten Udalbiltza. «Udalbiltza mantentzen dugu eta mantentzen saiatu gara, sorreratik gaur arte», nabarmendu du.

EAJko hautetsia ez dago Udalbiltza berrantolatzearen aurka. Baina uste du Udalbiltzaren etorkizunak hausnarketa bat merezi duela. «Hausnarketa sakon bat». Eta horrelakorik ez dela egin salatu du. Jeltzalearen iritziz, Bilduko hautetsiek «alde bakarreko jarreren bitartez» berrantolatu nahi dute Udalbiltza, «eta hori ez da bidea». «Udalbiltzak etorkizuna izango badu, hausnarketa eta adostasun batera iritsi beharko dira ezker abertzalea eta EAJ». Bide horretatik soilik etorriko da, Arrizabalagaren iritziz, «Udalbiltzaren etorkizun berri bat». «Ezker abertzaleak eta Bilduk alde bakarreko eszenifikazio bat egin dute. Esaten dute Udalbiltza berrantolatu behar dutela eta, gero, gutunak bidaltzen dituzte. Gure iritziz, hori ez da bidea», salatu du.

Proposamena egiteko unea ere kritikatu du Arrizabalagak. Uste du «hauteskunde kanpaina baten bezperan» egin izanak ez duela laguntzen. Haren iritzian, «gaizki ulertuak sor daitezke», eta arriskua dago egitasmoaren erabilera «alderdikoia» egiteko. «Uste dugu ezker abertzaleak eta Bilduk Udalbiltza erabiltzen dutela erabakitzeko eskubidea, autodeterminazioa, lurraldetasuna eta horrelako kontzeptuak aldarrikatzeko eta bere egiteko», salatu du.

Gisa horretako jarrerak saiheste aldera, Udalbiltzaren sorrerako printzipioak ekarri ditu gogora Arrizabalagak. «Orduan bezala, elkarren artean ariketa zintzo bat egin behar dugu, Udalbiltzak etorkizuna izan dezan. Sakoneko adostasun politikoak behar dira, eta ez deialdi publikoak».

Udalbideko zuzendaritzako kide den heinean, Arrizabalagakonartu egin du elkarren berri izan dutela, baina nabarmendu du harremanak «azalekoak» izan direla. «Eskua luzatu dutela diote, baina nik ez dakit zer esan nahi duten horrekin».

Arrizabalagak adierazi du adostasunik ezean Udalbidek «orain arte bezala» jarraituko duela. «Oraingoz ez dauka beste aukerarik».

Egungo errealitateari lotua

«Errealitateari begiratu behar diogu». Ficobako ekitaldian egon zirenen artean ez zen egon abertzalea ez den hautetsirik. Egurenek onartu du ez dela erraza izango Euskal Herriaren izaera onartzen ez duten alderdietako kideak Udalbiltza berrantolatzeko prozesuan parte hartzea. Geroago biltzeko itxaropena ez du galtzen, baina. «Zazpi herrialdeak ordezkatzen dituen erakunde instituzional bat bada, guk uste dugu hautetsi guztiek dutela eskubidea bertan egoteko. Horregatik, udaletxeetara bidali dugun atxikimendu gutuna alderdi guztietako hautetsiei bidali diegu», azaldu du. «Bakarren batekin» harremanetan jarri direla gaineratu du Egurenek, baina adierazi du «oraindik» ez dutela bilera ofizialik egin.

Herritarrak ere izan ditu hizpide talde sustatzaileko kideak. Hautetsiez osatutako instituzio bat sortzea ez da kasualitatea, haren iritzian. Inkesta guztiek diote herritarrek urrun eta mesfidantzaz ikusten dituztela instituzioak eta politikariak. Egurenek uste du udal hautetsiez osatutako erakunde bat izateak lagun dezakeela uste hori apurtzen. Udal hautetsien «gertutasuna» nabarmendu du. «Erakundeak, elkarteak eta instituzioak hain dira handiak, jendeak urrun sentitzen ditu. Baina Udalbiltza norberaren herriarentzako lanean aritzen diren pertsonek osatzen dute, berdin 200 biztanle edo 200.000 biztanle izan», adierazi du.

Era berean, talde sustatzaileko kideak nabarmendu du Udalbiltzak beste ezaugarri «garrantzitsu» bat duela. Gogoratu du Udalbiltza dela Euskal Herri osoa bere gain biltzen duen instituzio politiko bakarra. «Euskal Herriaren onarpena aldarrikatzen duen edonork irudi hori erreferentzial gisa erabil dezake Udalbiltza», adierazi du Egurenek.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

www.udalbiltza2012.net
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.