'Euskararen kate hautsiak' liburua (I). Jazarpena

Mingainak isilarazteko kateak

Nola mendez mende ipini dituzten kateak euskara zokoratzeko. Nola aurre egin dioten euskaldunek jazarpen horri. 'Euskararen kate hautsiak' liburuan jaso du lekukotasuna Euskal Memoriak. Bihar aurkeztuko dute lana.

Garikoitz Goikoetxea.
2013ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Agindu bat zen. «Trebeziaz saiatu behar duzue herri horietan gaztelania sartzen... Arreta handiena gaztelania txertatzen jarriko duzue, eta, horretarako, ahalik eta probidentzia epelenak eta disimulatuenak emango dituzue, eragina nabari dadin errezelorik sortu gabe». 1717ko agindua zen, korrejidoreei igorria. Izan da gehiago ordutik. Eragin nabarmena izan dutenak, disimuluz aritu beharrik gabe egin dituztenak. Sokan etorri dira neurriak, eta kate bihurtu dira euskaldunentzat. Euskararen kate hautsiak. Liburu batean egin dute horien bilana.

Euskal Memoria fundazioaren altzoan, Dabid Anautek taxutu du liburua. Mardula da: baditu ia mila orrialde. Jaso ditu jazarpena jasan duten euskaldunen lekukotasunak, euskararen jira-bueltan aritu direnen artikuluak eta aditu batzuekin eginiko elkarrizketak. «Ariketa kolektibo baten emaitza» da. Memoriaz hainbeste hitz egiten den aldiotan, euskaldunek pairaturikoa ere jaso nahi izan dute. Hori du bigarren izenburu liburuak: Hizkuntza zapalkuntzaren memoria. Bihar aurkeztuko dute, Donostian, Aieteko jauregian.

Aurreko mendeetan hasitako sokari begiratuta, katea estutzen joan da, eta euskara bera, itotzen, zokoratzen, ahultzen. «Euskarak aldeko eta aurkako indarrak izan ditu oso aspalditik. Balantzea, neurri batean bederen, gurera etorri diren erdaren aldekoa da, gurean nagusitu direlako eta gaurko argazkia utzi digutelako».

Geografiari erreparatu diote, mendez mende nola egin duen atzera euskarak. Eta hiztunen kopuruari erreparatu diote, mendez mende nola joan den galtzen. Adibide baterako: euskal herritarren %52k euskaraz bazekiten 1866an; %30 eskas dira gaur egun. Gipuzkoa bera hartuta, euskaldunen portzentaje handiena duen herrialdea, are nabarmenagoa da: %96,6 ziren 1866an; %51,5 orain.

Tartean, euskararen aldekoak

Zerbaitengatik gertatu da. Indar handiagoa hartu dutelako erdarek, estatuek horiek lehenetsi dituztelako. Ez dira oraingoak hizkuntzari lotutako gorabeherak. Liburuan, Erdi Aroan kokatu dute hizkuntz eskubideen aldeko borrokaren hastapena. Eliza. Iruñeko gotzaindegia. Botere guneetako hizkuntza gaztelania zen ordurako, baina apezpikuak agindu zuen zeregin batzuetan euskaraz jakitea ezinbestekoa zutela apaizek. Ibargoitiko abadetza hartzeko, adibidez, euskaraz ongi jakin behar zela agindu zuen. 1376a zen. Han-hemen baziren gisa bereko arau gehiago; Nafarroa Behereko Foruan (1611), adibidez, notario izateko behar zen euskaraz jakin.

Baina pixkana erdarak nagusitzen hasi ziren. «Aitortza eta betebehar horiek gorabehera, Aro Modernoan erakundeen euskararekiko izan zuten praktikaren balantzea ez da euskararen aldekoa, inondik ere». Batzarretan-eta parte hartzeko erdaraz jakitea eskatzen hasi ziren. Inperioak. Nazio bat, hizkuntza bat. Gutxiespenak. Mugak. Debekuak. Eta lurraldeak galduz joan zen euskara.

Zapalkuntza areagotzera jo zuten, eta agerikoagoa zen. Aurreko mendearen hasierarako hasiak zeuden oso pauso irmoak ematen. Euskara erabiltzea debekatu egin zuen Madrilek 1901ean; Iparraldeko apaizei euskara erabiltzea galarazi egin zien prefetak 1903an. «Gaztelania edo frantsesa ziren hizkuntza nagusi eta bakarrak. Estatuen hizkuntza politikak mendeetan barna gauzatuz zihoan hizkuntza ordezkapenaren prozesua lagundu eta bultzatu zuen. Ñabardurentzako toki handirik ez zegoen, zoritxarrez».

Hegoaldeko erakundeetan zenbait asmo agertu ziren. «Sumatu liteke, une jakin batzuetan, euskararekiko interesa eta aldeko jarrera, baita diskurtso aski sutsuak ere, baina ez hainbeste horrekin etorriko zen praktika jakin bat». Hezkuntzan, bi urrats nabarmendu dituzte: auzo eskolak, Bizkaian, eta gerra aurreko ikastolak —lehenengoa, Donostian—.

«Benetako politika genozida»

Gerrarekin moztu ziren guztiak, eta gerra ondorenarekin. Francoren tropek Hegoaldea hartu orduko gogor ekin zioten euskarekiko jazarpenari. «Euskara desagerrarazi egin behar zen, bizitza publikotik eta pribatutik. Espainiak hizkuntza bakarra behar zuen, espainola, eta gainerakoak soberan zeuden». Lege, bando, agindu eta ohar, etenik gabekoa izan zen soka, katea. «Benetako politika genozida bat egin zuten, euskararen zapalkuntza sistematikoa, inoiz ezagutu gabeko neurri batekoa». Oldarraldi indartsuena frankismoko lehen urteetakoa izan zen.

Eremu guztietara iritsi ziren. Euskarazko hedabideak itxi egin zituzten, kalean euskaraz aritzen zirenei jazarri zieten, haurrei euskarazko izenak jartzea edo horrela deitzea debekatu zuten, tx eta k erabiltzea galarazi zuten... «Euskara bizitza publikotik desagerrarazteko asmoz emandako aginduen eta hartutako erabakien soka luzeak ez zuen etenik izan urte askoan». Irakaskuntzan irmo jokatu zuten. Ikastola batzuk zabaltzeko ahaleginak izan ziren han-hemen, eta lortu zuten batzuetan. Ez zuten bide erraza izan. Bilbon, Iralaberrin, gertatu zen: komentuan eskola ematen ari zirela, sartu zen ikuskatzaile bat, esanez ez zitekeela «separatismorik» egin, eta euskarazko liburuak eraman zituen. Polizia joan zen berehala, eta bi irakasleak atxilotu zituen. Biharamunean beste bi irakasle joan ziren eskolak ematera, eta preso eraman zituzten haiek ere. Gurasoei isun handia jarri zieten.

Adibide bat da. Soilik adibide bat, baina gertatu zenaren bidea erakusten duena. Horrelakoekin osatuta dago gaur arteko euskararen historia. Zapalduen historia. «Deigarri da gure historiaren kontakizunari zapalkuntzaren zama arindu nahia. Hizkuntza ordezkapenak ez dira historiaren produktu solteak izaten». Gaur ere ez. Garbiñe Petriati Hizkuntz Eskubideen Behatokiko buruak eman du gaur egungo egoeraren berri. Ondorioa: «Euskaldunak menpekotasun egoeran bizi dira, askotan eta askotan makurtu eta amore eman behar izaten dute».

Bihar: Euskararen aldeko lana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.