Katalunia. Burujabetzaren bidean

Historiak erakusten du gaurkoa nola dantzatu

XVIII. mendetik ahalegindu da Katalunia nazio anitzeko Espainiako Estatu bat eraikitzen, eta porrot egin du aldiro, aurrez aurre molde gaztelarreko identitate monolitiko bat ezarri nahi zuen aginte bat izan duelako. 'Espainia Kataluniaren kontra' historia sinposioan jorratu zuten gaia, abenduan.

Kataluniako Printzerriko mapa, Joannes Baptista Vrintsek XVII. mendean egina. BERRIA / BERRIA.
Aritz Galarraga.
Bartzelona
2014ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
XVIII. mende erdialdetik katalanek nazio espainiar bat solidarioki eraikitzeko egin dituzten esfortzuek ez dute funtzionatu, beren izatea xurgatzeko borondate argi eta sendoa zuen aginte batekin egin dutelako topo behin eta berriro». Josep Fontana historialariaren hitzak dira, joan den abendukoak, Espainia Kataluniaren kontra: begirada historiko bat (1714-2014) sinposioa ireki zutenak. Eta, modu batera edo bestera, sinposio guztian izaniko giroa islatzen dutenak. Hogeita bost hizlari bildu zituen, guztiak Historian katedradun edota doktoreak. Guztiak Espainiako Estatuko oposizio batzuk gainditutakoak. Beste hizlari batek, Josep Maria Sole i Sabatek, argitu zuen bezala, Espainiako Estatuko historiografiaren erdia ari ziren desprestigiatzen sinposioa desprestigiatu zutenak. Eta argumentuei argumentuekin erantzun ordez, ideologiarekin erantzun nahi izan zieten.

Jordi Fernandez-Cuadrench ere historialaria da. Eta Espainia Kataluniaren kontra sinposioaren batzorde antolatzaileko kide izan zen. Hitzaldi zikloaren emaitza aski ona dela uste du, «batez ere Herrialde Katalanetako hainbat unibertsitatetako historialari, ekonomista, jurista eta soziologoen ekarpenen aberastasunagatik». Jardunaldiek iraun zuten hiru egunetan, iruditzen zaio gauza bat nabarmendu zela besteen gainetik: «Espainiako Estatu multinazional bat eraikitzeko utopia katalanak porrot egin du etengabe, Espainiak bere burua molde gaztelarreko identitate monolitikoaz bestera imajinatzeko erakutsi duen intrantsigentziaren erruz». Eta konstante bat izan da hori azken hiru mendeetan, «nahiz Espainiako gobernua izan absolutista, totalitarioa edo demokratikoa, monarkikoa edo errepublikanoa, kontserbadorea edo progresista».

1714-2014

Historialariek oso atzera egiten dute nazio katalanaren sorrera zehazten saiatzean: X. mendera, Borrellgo kondearen eskutik, Iberiar penintsularen ipar-ekialdeko hainbat konderri errege frankoen boteretik libratu eta beren bidea egiten hasi ziren garaira. Esaten da gero Kataluniak izan zuela lehen parlamentu demokratikoa —Ingalaterrak baino lehen—, edota nazio batuen lehen erakundea. Gutxiago aipatzen dira konkistak, biolentzia, hantustea, uko egiteak. Baina Kataluniako historia garaikidea, gaur eguneko hainbat dinamika azaltzen laguntzen duena, 1714. urtean hasi zen.

Hamalau hilabeteko setioaren ondoren, tropa borboitarrek Bartzelona hartu zuten 1714ko irailaren 13an. Karlos Austriakoaren alde egin zuten katalanek Ondorengotza Gerran, Ingalaterra, Herbehereak eta Germaniar inperioarekin batera. Baina Frantzia eta Espainia izan ziren garaile, eta, tronuan Felipe V.a jartzeaz gain, absolutismoa ezarri zuten Katalunian. Praktikan zera esan nahi zuen horrek: Kataluniako antzinako instituzio guztien ezeztatzea eta katalan hizkuntza administraziotik desagerraraztea.

1714an galdu zen gauzarik garrantzitsuena, ordea, Fontanaren hitzetan, «Europako sistema ordezkatzaile aurreratuena eta demokratikoena» izan zen. «Holanda edo Ingalaterraren parekoa, antzeko eboluzioa izango zuena: demokratizazio sakon bat, sistema kapitalistaren garapena». Ondorengotza Gerran, Fontanak dioenez, bi sistemaren arteko lehia politikoa izan zen: «Aurrerabidea eta demokratizazioa defendatzen zituena eta botere monarkiko absolutua zein sistema feudala oinarri zituena». Gerra galtzearekin, «jardunbide errepresiboa ardatz zuen proiektu politiko bat ezarri zitzaion Kataluniari, helburu bakarrarekin: Espainiako monarkiako gainontzeko lurraldeekin berdintzea».

Ondorengo 300 urteetan, etengabeak izan dira Espainiarekiko harremanak birplanteatu eta egokiera atseginago bat lortzeko ahaleginak. Nolabait, 1714. urtearen aurrekoak berreskuratzea zen helburua, «betiere Espainia komun baten barruan, nolabaiteko askatasun gradu batekin», Fontanak dioenez: «Hori izan da burgesia katalanaren oinarria, eta tarteka hizkuntzari berari ere uko egin dio». Halere, Espainian bateratze adeitsuago bat aurkitzeko gizarte katalanak eginiko esfortzuak —negoziazioak, itunak, proiektu autonomistak— debaldekoak izan dira. Eta zailtasunez beteak.

XX. mendea

Josep Maria Sole i Sabate Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Historia Garaikideko katedraduna da. Haren esanetan, «XX. mendean bakarrik, eta Primo de Riveraren zazpi urteko diktadura eta Francoren ia berrogei urtekoa kontuan izanik, Kataluniatik hamasei proposamen egin dira, politikoak eta baketsuak, Espainian modu goxoago batean egoteko, katalanen identitatea errespetatua izan dadin». Batez bestekoa erraz ateratzen da: sei urtean behin, proposamen bat. Eta era guztietakoak: estatutuak planteatuz —1929, 1979 eta 2006an—, biltzar, kontseilu eta gainontzekoen sorrerarekin, manifestazio erraldoien bitartez, eta abar.

Proposamen horiei Espainiak «beti ezetz» erantzun die, Sole i Sabateren hitzetan; «bost alditan erantzun militarra izateaz gainera, gertaera beliko edo estatu kolpe moduan». Zerrendatzen ditu bostak: 1923an, Primo de Riveraren estatu kolpea; 1932an, Sanjurjoren estatu-kolpe saioa; 1936an, Francoren estatu kolpea; 1940an, Lluis Companys Kataluniako Generalitateko presidentearen fusilamendua; eta 1981ean, Tejeroren huts egindako estatu kolpea. Eta bestela ere, Kataluniako proposamen autonomikorako borondatea erantzun izan dute «beldurrarazte ideologiko, politiko, sozial, kultural eta pertsonalarekin».

Interes ekonomikoengatik, batetik, Sole i Sabateren arabera: «Espainiako egoera ekonomikoak gaur egunean berebiziko baliabideak ateratzen ditu Kataluniatik: kalkulatzen da %20 inguru. Baina XIX. mende bukaeran, %30 inguruko ekarpena egiten zitzaion estatuari». Eta, bestetik, Espainia «Gaztelaren inguruan eraikia» izan delako: «Gaztelako identitatea atxiki nahi izan du beti, eta zabaldu, gainerakoak ezeztatuz». Oraindik jarraitzen du ideia multzo horrek, historialariaren ustez: «Espainiako eskuinak eta ezkerrak partekatu egiten dituzte ideiok, eta ez dituzte katalanak berdintasunetik begiratzen. Horrek azaltzen du nola jende itxuraz aurrerakoiak ere funtsean jarrera hain injustua izan dezakeen».

XXI. mendea

Azken hirurehun urteetan, «kontzientzia kolektiboa bildu duen korronte batek iraun du, identitate eta hizkuntza katalana mantentzea ahalbidetu duena, ukatzeko ahalegin guztien aurka». Fontanak hitz egiten du hala: «Korronte hori batzuetan ematen du ez zegoela, ezkutuan mantendu dela, baina argitara ateratzen da oztoporen bati aurre egin behar zaion guztietan». Azken manifestazio jendetsuak lirateke adibiderik garbiena. Kontzientzia kolektibo horrek, orain, badirudi enpo egin duela. Espainia eraldatu nahi izate hori bukatu dela.

Fernandez-Cuadrench mintzo da berriz: «Estatutu erreforma egiteko prozesuak eragindako frustrazioaren ondoren, gizarte katalanaren zati handi batek argi ikusi du Espainian ez dagoela lekurik, eta ulertu du errazagoa dela banantzea Katalunia arazo baten gisa ikusi duen, ikusten duen eta ikusiko duen estatu batetik». Egun, katalanak gehien kitzikatzen dituen proiektu politikoa ez da Espainiaren eraldaketa, «baizik eta kualitate demokratiko handiagoa, justizia soziala eta dinamismo ekonomikoa lortzea ahalbidetuko duen estatu propio baten eraikuntza».

Iritzi berekoa da Sole i Sabate: «150 urte elkarlana saiatzen pasatu ondoren, egoera politiko eta sozial desberdin batean gaude. Dauden bezala, estatuak garestiak dira, eragingabeak, arkaikoak, eta Espainiako politikan dena dago neurritik kanpo, baita egituraketa bera ere. Katalunian gehiengoak uste du Europan egon ahal dela, egitura moderno baten bermearekin. Horrela, jende askok ez du nahi egon egitura zaharkitu batean, desegiten ari den Espainia batean».

50 urte atzerago, ordea, ikusiko dugu Salvador Espriu idazlea jada iritsi zela ondorio horretara La pell de brau (Zezen larrua) liburuan. Nolabait Ortega y Gasset filosofoaren uste bati egiten zion kontra: periferiak ezin omen zuen ulertu penintsula bere konplexutasun eta osotasunean. Espriuk erakutsi zuen baietz. Baina azkar izan zuen desengainua: «Uste dut —eta egunetik egunera fermuago— Madrilekin elkarrizketa izatea ezinezkoa dela, oraingo, atzoko, biharko eta betiko Madrilekin. Benetan, ez dago zer eginik». Agian Madrilek ez zuelako betetzen, gaur betetzen ez duen bezala, Espriuren ahapaldi hura: «Escolta, Sepharad: els homes no poden ser/ si no són lliures (Entzun, Sepharad: gizon-emakumeak ezin dira izan/ ez badira libre).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.