Erabakitzeko eskubidea. Gure Esku Dago

Eskuetatik eskubidera

Bost hilabete falta dira Iruñea eta Durango elkartuko dituen giza katea egiteko. Bitartean, jendea biltzen jarraitzen du Gure Esku Dago plataformak.

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2014ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Zazpi hilabete beteko ditu Gure Esku Dago plataformak bihar. Iazko ekainaren 8an egin zuten aurkezpen ekitaldia Ficoba erakustazokan, Irunen. Sendotzen aritu da ordutik, herriz herri eskua eskuari lotzen. Baina errotu, bost hilabete barru errotu nahi du, ekainaren 8an, jaio zenetik urtebetera. Durango eta Iruñea eskuz esku lotzeko erronka jarria dute ordurako antolatzaileek. Giza kate bat egin nahi dute bi hirien artean.

Hiru oinarri ezarri zituen plataformak sorreran: «Nazioa gara, erabakitzeko eskubidea dugu, eta etorkizuna herritarren esku dago». Zazpi hilabetez hiru oinarri horiek Euskal Herrian zabaltzen eta herritarrak biltzen aritu da, eta auzo, herri eta hirietan batzordeak eratzen. Pozik daude orain arte plataformak izan duen harrerarekin: «Jendea zain zegoela konturatu gara, horrelako ekintza batean parte hartzeko prestasun ikaragarria erakutsi dute herritarrek», esan du Zelai Nikolas Gure Esku Dago plataformako kideak.

Ficobako aurkezpenean eman zuten erabakitzeko eskubidearen aldeko giza katearen berri. «Jauzika heldu nahi izan dugu horra, apurka-apurka», adierazi du Nikolasek. Jaio berritan, hainbat aurkezpen egin zituzten hamaika txokotan. Aitortu du hori izan zela urratsik zailena, herrietan hasierako harremanak egin eta ekintzetan aniztasuna bermatzea, alegia. Iazko udan egindako aurkezpen multzotik azken hilabeteetara jende gehiago batu dela esan du plataformako sustatzaileak: «Hasierako aurkezpenetara 20 pertsona joaten ziren, eta azken hilabeteetako ekintzetan 50etik gora agertu dira. Oso harrituta gaude zabalpena zeinen azkar gertatzen ari den». Azken asteetan Tolosan (Gipuzkoa) eta Getxon (Bizkaia) egindako aurkezpenak aipatu ditu.

Adierazi duenez, muga asko apurtu ditu Gure Esku Dago plataformak: «Aurretik ezagutzen ez zen jendea edota elkarrekin hitz egiten ez zuen jendea elkarrekin ari da lanean herri edo auzoetako batzordeetan». Erronka gisa hartzen dute hori ere, eta ahalegin bereziak egiten ari dira: sentsibilitate askotako jendea bildu nahi dute.

Esku gehiagoren bila

Baina urrunago iritsi nahi dute. Eta hori da bost hilabete hauetan duten helburu nagusia: orain arte hurbildu ez den jendea biltzea. «Hotz dagoena berotzea». Eskutik eskura dinamikan murgildu dira horretarako. Giza katera iristeko falta den denbora tartean jende gehiago atxiki dadin nahi dute: «Mesfidati daudenei gure ideiak plazaratzeko abiatu dugu ekintza, erabakitzeko eskubidearen zabalpen zabalagoa egingo dugu», adierazi du Nikolasek. Horretarako, hamaika ekintza antolatu dituzte hilabete hauetan: mosaiko erraldoiak, hitzaldiak, bertso saioak, giza kate txikiak... «Herritarrak oso ekintza politak antolatzen ari dira. Ilusioa ikusten zaie, jendea alai eta pozik dagoela igartzen da».

Egitasmora gehitu ez direnei biltzeko mezua bidali nahi izan die Nikolasek: «Beldurra kentzeko esango nioke mesfidati dagoen horri». Oinarri demokratiko baten defentsa egitea denon ardura dela adierazi du: «Elkarbizitza askatasunean oinarritzen da. Denok izan behar ditugu eskubide eta baldintza berak norberarena defendatzeko berdintasunez».

Gogora ekarri du Nazioen Munduko kideek Eskoziara egindako bidaia. Han zeudela, Eskoziako alderdi unionistako kide bati galdetu zioten ea ulertuko lukeen Erresuma Batuak eskoziarrei erabakitzeko eskubidea ukatzea. Ezetz erantzun zuen politikari eskoziarrak; berak nahiago zuela Erresuma Batuan jarraitu, baina herritarrek hautatu behar dutela etorkizun hori. Gure Esku Dago plataformak bat egiten du printzipio horrekin, eta horregatik bildu nahi ditu herritar guztiak erabakitzeko eskubidearen alde.

Aniztasuna oinarri

«Denok bat egiteko, batzen gaituzten elementuetan indarra jarri eta horiei garrantzia ematea beharrezkoa da», azaldu du plataformako sustatzaileak. Hori da aniztasuna lortzeko bidea, haren ustez, eta ideia hori nabarmendu nahi izan du behin eta berriz: herritarren parte hartzea eta aniztasuna. Nikolasen arabera, ez da erraza izango herritar guztiek ekintzarekin bat egitea. Baina orain arte egindako bidearekin pozik dago, sentsibilitate askotako herritarrak biltzea posiblea dela erakutsi delako: «Poliki-poliki bagoaz, orain arte egindako ibilbidean azkar lortu da jendea lanean jartzea».

Plataforma soziala da Gure Esku Dago, eta alderdi politikoen esparrutik harago joan nahi du. Herritarren bilgune plurala izan nahi du. Nikolasek azaldu duenez, «eremu politikoan izaten den irudia askotan ez da herritarren artean dagoena». Eskolan, lantegian edota egunerokoan pentsamendu ezberdina duen jendea biltzen dela dio. «Ondo moldatzen gara elkarrekin, eta hori gizartean irudikatzea nahi du Gure Esku Dago plataformak». Nagusiak, gazteak, etorkinak, euskaldunak, erdaldunak, alderdi eta zaletasun askotakoak... «Denak bildu nahi ditugu».

Herritarren parte hartzea

«Herritarrok zeresan handia dugu gure herriaren etorkizunean». Arlo politikoak ez ezik, arlo sozialak duen garrantzia azpimarratu nahi izan du. Aitortu du askotan sektoreen arteko desadostasunei behar baino garrantzi handiagoa eman zaiela azken urteetan. Eta hori gainditu beharra dagoela dio: «Euskal Herriaren etorkizuna gurea da, eta gure esku dago». Bide horretan, nork bere buruari mugak jartzen dizkiola uste du Nikolasek, eta egingarri direnak ezinezkotzat jotzen ditugula maiz: «Mugak gainditzean konturatuko gara zaila izanda ere posible dela lortzea».

Bide horretan, jarrerak duen garrantzia azpimarratu nahi izan du behin eta berriz: «Jarrera eraikitzailea izan behar dugu denok».Lan egiteko gogo eta ilusioa behar direla adierazi du: «Astiro eta sendo, aurrera egin behar dugu». Egiten diren ekintzak jendetsuak, alaiak eta parte hartzaileak izatearen garrantzia nabarmendu du: «Herritarrei zuzenean esan behar diegu: 'aizue, gure esku dago, Euskal Herri libre bat nahi badugu denok hartu behar dugu parte'».

Hatz adina hilabete

Eskua da plataformak duen sinboloa. Eskuaren baitako jolasa du izenean eta izanean. Horren irudikapena bost hilabete barru egingo da, Durango eta Iruñea bitarteko 123 kilometroak eskuz esku lotuz. 50.000 pertsona behar dituzte ibilbide osoa bete ahal izateko.

Esku bateko hatz adina hilabete geratzen dira 100.000 esku elkartzeko. GureEskuBidea izena jarri diote kateari, eta etorkizuna bere esku izatea nahi duen herria irudikatu nahi dute, hala adierazi du Nikolasek: «Herritarrak hasi dira jabetzen gauzak ez direla eskatzen, sortu eta egin egiten direla». Eta, bide horretan, «demokratikoki eta elkar errespetatuz» urratsak egiten jarraituko dutela dio plataformako kideak.

Ari dira kilometroak banatzen: «Ikusi dugu jendeak giza katean parte hartu nahi duela». Txartelak erosi, autobusak antolatu... lan asko dute oraindik: «Herritarrak gabiltza antolatzen, eta guztion ardura da giza katea ondo ateratzea».

Sustatzaileak oso pozik daude oraingoz jaso duten erantzunarekin. «Bikaina izaten ari da». Deia egin du Nikolasek: «Herritar guztiok modu aktiboan parte hartu behar dugu, denon esku dagoelako. Gai garelako eta nahi dugulako. Ekainaren 8a herritarren mugarria izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.